Sekretu ezkutuenen gotorleku

'Animalia domestikoak'ipuin liburua kaleratu du Esti Martinezek Elkar argitaletxearekin. Askotariko harremanetan arakatu du idazleak liburuko zortzi ipuinetan

Esti Martinez, atzo, Donostian, idatzi berri duen liburua esku artean duela. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Etxe bateko egongela bat; bere mahai, besaulki, koadro, tapiz laukidun eta guzti. Mahai gainean botila bat, bi kopa eta sagarrez betetako frutaontzi bat, kakorratzez egindako oihal baten gainean; jaso gabeko pare bat jostailu daude lurrean; bada perikitoarentzat kaiola urdin bat ere. Hori guztia jasotzen du, besteak beste, Esti Martinezek Elkarrekin berriki kaleratutako Animalia domestikoak ipuin liburuaren azalak. «Liburuaren barrura sartzeko gonbita egiten du», azaldu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak.

Ainhoa Lukas eta Ixa Arregi dira azalaren egileak, eta, Martinezen hitzetan, «oso ongi» biltzen du berak bilatzen zuen espazioa, tonua eta argia: «Badu ireki behar ez zen atearen atzeko giro hori. Eszenan argia sartzen da, baina ez du dena berdin argitzen. Gauza batzuk bere horretan daude, beste batzuk ez». Hain zuzen ere, espazio horretan sortu ditu lanean ondu dituen zortzi ipuinak. «Pertsonaiek etxe batera eraman naute ipuinetan. Uste dut pertsonaien jarrerak, inkoherentziak, motibazioak eta motorrak errazago ulertzen ditudala bertatik. Etxeak badakizki gure sekretu guztiak, eta erakutsi nahi ez dugun hori ezkutatzea oso zaila da bertan». Zortzi istorioek ez dute batak bestearekin zerikusirik, baina bat egiten dute etxea den espazio «hermetiko, intimo eta kutsatu» horretan.

Alaba txikiaren sozializazioarekin batera galdera berriak sortuko zaizkion ama bat; harremana salbatuko duelakoan, koltxoia aldatzea erabakitzen duen bikote bat; lorategira ezin ateratzeraino, belarra hazten eta hazten uzten duen emakume bat; aspaldi kiskalitako harreman baten errautsak berpiztu edo itzali bidean dagoen bikote ohia; putzu txikietan lehor ez daitezen igelen arrautzak bilatzen dituen bikotea; urte batzuen ostean jaiotetxera itzuli eta aita ezezagun bat topatzen duen semea; ezagutzen ez duen herrira uda pasatzera joango den haurra; eta azaletik muinera, familia oso baten senitarteko guztien argazki bat. Istorio horien gainean sortu ditu ipuinok.

Horiek sortzeko, «era guztietako pertsonaiak eta harremanak» ilustratu ditu Martinezek; horien artean, anai-arrebak, gurasoen bikotekideen seme-alabak, bikote ohiak, maskotak... Familiarteko eta bikote harremanetan zentratu da, gehienbat, ordea; badira, esaterako, erabat kutsatutako harremanak, badira distantzia eta denbora baten ostean berriz ere elkartu direnak, eta kontrara, sekula urrundu ez, eta distantzia horren beharra dutenak.

Editorearen hitzetan, finean, ohiko harremanak dira Martinezek «pintzel finez» marraztu dituenak. Ez da, ordea, harreman horien azalean geratu; «Ohiko harremanak agertzen dira, baina ohiko bizikizunetatik harago». Ipuinek, hasieran, ohiko egoera baten itxura hartzen dute, baina irakurri ahala, «horren ohikoak ez diren leku eta sentimenduetara» eramango dute irakurlea.

Horretarako, harremanen tripetan arakatu du egileak; sartu du zaurietan hatza, nolabaiteko azkura eragiteraino; eta hain justu, horrexek definitzen du, Mendigurenen ustetan, egileak liburuan erabili duen estiloa: «Estiren estiloa ez da, inondik inora, kostunbrista. Estiren estiloa da gehiago ikusten ez diren gauza horietan arakatzea. Trebezia berezia erakutsi du sentimendu horiek gehiegikeriarik gabe deskribatzeko garaian».

Liburuko bigarren ipuinaren izenburu bera jarri dio egileak lanari: Animalia domestikoak. «Istorio horretan ageri dira animaliak, baina ez dio erreferentzia egiten animalia klase horri; baizik eta pertsonaien alde instintiboari».

Aurrera begirako lanak

Animalia domestikoak ez da Martinezek argitaratutako aurreneko lana. Izan ere, Azalberritze bat poema liburua argitaratu zuen orain bost urte Balea Zuriarekin; minetik hasi, eta aldaketa ospatzerainoko bidea kontatzen zuena poemaz poema. «Hala ere, ni erosoago sentitzen naiz prosan; bai idazle gisa, bai eta irakurle gisa ere. Prosa eta ipuinak idatzi izan ditut beti».

«Baduzu aurrera begirako lanik?», galdetu dio Mendigurenek segidan. Baietz, egileak. «Haurrentzako album bat egiten ari naiz lagun batekin batera, baina oraindik ez dakigu zein forma edota zein bide hartuko duen ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.