Agoitzeko finalaurrekoa irabazita, Julio Sotok lortu du Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako pasea. Saioa Alkaizari batu zaio, beraz, eskuratutako 543,5 puntuak jasota eta seigarrenez eskuratu ahalko du garailearen txapela. Atzetik segitu diote Xabat Ilarregik (529,5), Julen Zelaietak (458), Ekain Alegrek (457,5), Urko Gartziak (445) eta Idoia Granizok (409,5). Datorren asteko, saioaren ostean osatuko da lehian arituko den seikoaren zerrenda.
Ekain Alegrek ireki du saioa eta argi zuen hasieratik hauxe zuela Iruñera salto egiteko «azken bala». Idoiak txapelketarekiko zuen «bertigoa» adierazi du.Bere duen moduan, barreak eragin ditu lehen bertsoalditik bertatik Zelaietak: «Azaroaren hameka da gaur/ eta hemen da jakina/ txerri guztiei heltzen zaiela/ noizbait bere Sanmartina». Urkok plaza bere aldeko zuen eta zaleek oin eta puntu bakoitza txalotu eta ospatu dute Agoitzeko kultur etxean.
Zortziko handian Ilarregi eta Gartzia tanatoestetika espezialistaren paperean jarri ditu Maialen Belarrak. Familiek zer pentsatuko urduri daude. Ilarregik ardura agerikoa adierazi du: «familiekin ez da erraza/ egiten dugun lan dena/ bizi osorako izan dezaten/ bere irudirik onena». Inoiz elkarri makilatu behar izateaz ere mintzatu dira, eta nork bere eskaerak egin dizkio besteari.
Alegrek Sotori liburu bat utzi zion, eta buelta erabat zirriborratuta itzuli dio Sotok. Zortziko txikiko ofizioek umorera jotzen dute, eta bikoak ez du hutsik egin. Tira eta biraren ostean, Altsasukoak hala bota dio lehiakideari: «Geratu zaitez honekin/ gaurkoan lasai/ liburua zuretzat/ ez dut gehiago nahi». Baina ezin esku hutsik utzi laguna, eta trukean beste bat eskaini dio Sotok: Biblia.
Bikote berriak eratu dituzte hamarreko ofiziorako eta ale ederrak utzi dituzte bertsolariek hemen ere. Ilarregi eta Alegre sorosleak, Aita Mari ontzian laguntzaile izateko aukeraz, Illarregik zalantza: «Baina Ekain ez dakit/ hainbeste nezakeen/ Hor indarra bakarrik ez da aske izaten».Baserria uzteko proposamena errefusatu dio Gartziak Sotori. Hogei urteko harremanaren ondoren zaintzaren premia duten harrerako haurren bat hartzekotan egon dira Zelaieta eta Granizo, baina aukeran, gaiaren fokua gehiago jarri dute beren harremanean haurrengan baino.
Puntukako ariketak tuppersexera eraman ditu entzuleak lehenik. Mallorcara bidean diren anaiek maleta bakarrean zer sartu aritu dira, eta irriz lehertu da plaza, tangak eta kondoiak tarteko. Tiropitxoiko eskopetariak ere igo dira oholtzara, peluxea lortu nahian, baina alferrik, «30 tiro ez dira debalde», eta bakar batek ere ez du jo txotxa.
Kantuak gogora
Belarrak banan-banan eskaini die ganbaratik zetozen bertsolariei bakarka abesteko gaia: «Kantua entzun duzunean momentu goxo hura etorri zaizu burura».
Zozketak erabakitako ordenaren arabera, Alegreri egokitu zaio lehen aritzea. Sortu duen istorioan, orain 40 urte talde bat osatu zuen lagunekin batera, baina utzita dutela ulertarazi du. Gaztetxera sartu denean entzun du bera kide zen taldearen abesti bat, eta orduko sasoiak gogoratu ditu. Granizok entzuleei kantatu die berari jaioberritan nola, hark ere Uxue alaba jaioberriari ere abesti bat jartzen diola sehaskan: «ze ederra metafora/ hasi naizela pentsatzen/ ze errepikak bezala/ bizitza errepikatzen».
Irratian Ave Maria entzun du, eta halaxe agurtu omen zuten ere «abuela María». Gertukoen agurrak ez direla zertan latzak izan behar aldarrikatu du Sotok, eta irudi eta metaforen artean txalo zaparrada jaso du.
Izarren hautsa kantuari tiraka aritu dira Zelaieta eta Ilarregi, bide ezberdinetatik, ordea. Zelaietak 2008ko txapelketan kantatutako doinuagatik ekarri du. Leitzarrak, berriz, aitonaren heriotzaz geroztik entzun ez duen kanta delako. Hildako lagunari oroimenez, Deskontrol taldearen Beti gaude elkarrekin izan da Gartziaren heldulekua.
Amaierako agurren txandan, berriz, nabarmen ospatu dute Agoitzera bertaratutakoek Idoia Granizoren agurra: txapelketako emakumezko lehiakideei izen abizenak jarri dizkie eta «egiturazko minetik» askatzeko bertsoaren askatasuna aldarrikatu du.