Sei zinemagilek parte hartuko dute 2022ko Ikusmira Berriak programan

Barragan, Claret, Colell, Gorostidi, Miranda eta Schonfeld izango dira Donostian. Gorostidik bere lehen film luzea prestatuko du egonaldian

Erredakzioa
Donostia
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ikusmira Berriak programaren zortzigarren aldian izena eman duten 281 zinema proiektuen artean, Ana Cristina Barragan, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, Joao Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeld zinemagileenak aukeratu dituzte. Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldien programa da, eta Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute. 2022ko aldian, egonaldi kopurua bostetik seira handituko da.

Hauek dira garatuko dituzten lanak: La hiedra (Barragan), Estrany riu (Claret), Lejos de los árboles (Colell), Anekumen (Gorostidi), Bandeira (Miranda) eta Frankenstein (Schonfeld).

Barragan (Quito, 1987) zuzendari eta gidoilari ekuadortarrak Horizontes saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, bere lehen film luzeari esker: Alba (2016). Orain, Ikusmira Berriak programan parte hartuko du, EQZEko hirugarren promozioko ordezkari gisa. Claret (Bartzelona, 1998) ere EQZEn aritu zen, lehen promozioan, eta, 2020an, Ella i jo lana estreinatu zuen Donostiako Zinemaldiko Nest sailean. Hain zuzen, kategoria horren ordezkaria izango da. Colellek (Bartzelona, 1983) bere hirugarren filma prestatuko du egonaldian. Amb el vent (2018) pelikula estreinatu zuen Berlingo zinemaldian, eta Donostiako Zinemaldiko Made in Spain sailean parte hartu zuen, Dúo lanarekin, postprodukzio fasean. Gorostidi (Eguesibar, Nafarroa, 1988) Noka programan izan zen, eta Tabakalerako Artisten Gunean ere aritu zen egoiliar. Euskal zinemagile bakarra izango da programan, eta zenbait film labur egin eta gero, lehen film luzea prestatzen ariko da.

Zinemaldian ibiliak

Nazioarteko kategoriak bi ordezkari izango ditu aurten. Batetik, Miranda (Porto Feliz, Brasil, 1982); Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuen Casa de antiguidades(2020) filmarekin, eta bere hurrengo filmean lan egiteko baliatuko du egonaldia. Bestetik, Schonfeldek (Crespo, Argentina, 1982) Frankenstein proiektua landuko du. 2020an WIP Latam egitasmoan parte hartu zuen Jesús López izeneko bere hirugarren film luzearekin, eta, iazko Donostiako Zinemaldian, Horizontes Latinos saila inauguratu zuen pelikula horrekin berarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.