Sei urtez diskorik kaleratu gabe egon dira Split 77 taldeko kideak, eta orain taldearen izen bereko lan batekin itzuli dira. Pozik daude kaleratu berri duten diskoarekin. Rocka eta soinu elektronikoa uztartzen dituen kantu bilduma bat dela adierazi du Iskandar Errementeriak, taldeko teklistak: «Geuretzat eginiko lan bat da, hizkuntzapropioan landua».
Sei urtez isilpean ibili dira, baina ez geldirik: «Ez dugu publikoari begirako lanik egin, lokalean ibili gara gogor entseatzen, bakarturik». Duela lau urtetik, Natxo Carmona bateria jotzaileak taldea utzi zuenetik, kide berri baten bila ibili ziren, harik eta Deibol Rodriguez aurkitu zuten arte. «Bateria jotzaile berriarekin hutsetik hasi genuen berriz ere lana; bera izan da disko berriaren gakoetako bat».
Argitaratu berri duten diskoa sei urteotako lanaren emaitza dela adierazi dute, «lokalean entseatutakoaren kondentsazioa, taldearen sorreratik egindako ibilbidearen disoluzioa». Split77 hamar kantuz osaturiko disko bat da. Euskarazkoak dira gehienak, baina bada ingelesezko bakanen bat ere. «Kantu bilduma heterogeneoa da. Zati rockeroa eta zati elektronikoa du». Musika tresna asko erabili dituzte, eta horren ondorioz abesti bakoitza «mundu bat» dela adierazi dute.
1997an sortutako talde honen hirugarren diskoa da oraingo hau. Antena izan zen estreinakoa, 2002an plazaratua. «Ikasketa antzeko bat» izan zen haientzat, Aritz Aranburu taldekidearen ustez. «Berriak ginen, konfiantza falta genuen, eta espiritu rockeroa azaleratzeko aukera eman zigun». Bigarrena, 2004an, Mentura izenburuarekin kaleratu zuten. Entsegu lokalabaliabide berriz josi zuten, abestietan soinu elektronikoak tartekatu ahal izateko.«Hirugarren diskoa, Split77, aurreko bien isla da».
Kontzertuak, salgune onena
Lamiña ekoiztetxearekin grabatu dute diskoa. «Euskal Herrian ez dago gure taldea bezalakoentzako moduko musika industriarik», dio Aranburuk. Zama ekonomikoa beren gain hartu dute, eta banaketa Zabaltzenen bitartez egingo dute. Hala ere, «gaur egungo egoera ikusita», kontzertuetan ikusten dute diskoa saltzeko aukerarik aproposena.
Publikoaren erantzuna «ikusteko» dagoela diote taldeko musikariek. «Lehenbizi, gugan pentsatu dugu ekoizteko orduan, baina orain jendearen erantzunaren zain gaude».
Sei urteko isilaldia hautsita, oholtzara itzuliko da Split77, disko berria aurkezteko
Kantu bilduma «heterogeneoa» osatu dute taldekideek, zati bitan banatua: rockeroa eta elektronikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu