Zinema

Sei proiektuk parte hartuko dute Ikusmira Berriak programan

Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soares zinemagileek beren proposamenak garatuko dituzte egonaldietan.

'Cowboy Billi' filmeko fotograma bat. BERRIA
'Cowboy Billi' filmeko fotograma bat. BERRIA
Beñat Mujika Telleria.
2025eko urtarrilaren 24a
14:30
Entzun

Aukeratu dituzte jada Ikusmira Berriak programaren 11. aldian parte hartuko duten zinema proiektuak. Fede Gianniren, Alexandra Latisheven, Kathy Mitraniren, Joana Moyaren, Jaime Puertas Castilloren eta Daniel Soaresen egitasmoak aukeratu dituzte. Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldien programa bat da, eta Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak antolatzen dute. Aurten 487 proiektu jaso dituzte, iaz baino %34 gehiago. Eta horietatik sei aukeratu dituzte egonaldietan parte hartzeko. 

Aukeraketa bost kategoriaren arabera egin dute. Lehenengoan, Elias Kerejeta Zine Eskolaren kategorian, bertako ikasleek hartu dezakete parte, eta Alexandra Latisheven Sirenas egitasmoa aukeratu dute epaimahaikideek. Haren hirugarren film luzea izango da, eta proiektuak arlo soziala, thrillerra eta fantasia uztartzen ditu, «antropomorfikoaren eta alimalekoaren artean» dabilen emakume talde baten istorioa kontatzeko.

Nest kategorian, Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketetako azken bost aldietan aukeratutako zinemagileek har dezakete parte. Alegia, 2019tik 2023ra bitartean aukeratu zituzten zinemagileek. Kategoria horretan Kathy Mitrani zinemagile kolonbiarra hautatu dute, eta bere lehen film luzea garatzeko aukera izango du. Aurrez, 2023an, Sombra nada más film laburra estreinatu zuen Donostian bertan, eta Leedsen (Ingalaterra) eta Bogoshortsen (Kolonbia) saritu zuten. 

Euskal kategorian, berriz, Joana Moya bilbotarraren La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria lana aukeratu dute. Haren lehen film luzea izango da, eta haren amonak Malagako (Espainia) sorterritik Bizkaiko Zugaztieta herrira egindako bidaia kontatuko du.

Espainiar kategorian, bestalde, Jaime Puertas Castillo zinemagilearen proiektua hautatu dute. Retorno del Valle lana garatuko du, bere bigarren film luzea izango dena. Bertan, landa munduaren erretratua egingo du San Juan de la Cruzetik (Espainia) abiatuta. Luz eta Pedro dira protagonistak, Jaengo herrixka bateko bi gazte queer, eta haien eta hilzorian dagoen gizon baten arteko adiskidetasuna izango du ardatz.

Bi zinemagileren proposamenak hautatu ditu epaimahaiak Nazioarteko kategorian: Daniel Soaresen 900 toneladas eta Fede Gianniren Cowboy Billi. Lehenengoa zuzendari portugaldarraren aurreneko film luzea izango da; kapitalismoari eta klaseari buruzko gogoeta egingo du zaborra biltzen lan egiten duen eta kirol auto bat egokitzen zaion pertsona baten larrutik. Bigarren lanean, berriz, Giannik aurrez sortutako Cowboy Billi film laburra garatuko du, eta film luze bat sortu. Film labur hori Veneziako Kritikaren Astean aukeratu zuten iaz, eta 1960ko hamarkadako Italian eta westernetako filmaketetan dago girotua.

Egonaldiak zortzi aste iraungo du guztira, eta bi zatitan banatuko dute. Lehenik, martxoaren 24an iritsiko dira Tabakalerara sei zinemagileak, eta maiatzaren 4ra arte izango dute proiektuak lantzeko aukera. Bigarren egonaldia irailean egingo dute, Zinemaldiaren egunetan; bi astez egongo dira bertan, eta industriako profesionalei euren lanak erakusteko aukera izango dute.

Hamar urteko ibilbidea

Hamar urte igaro dira Ikusmira Berriak programa martxan jarri zutenetik, eta, geroztik, hamaika lan sortu dituzte proiektuaren bultzadaz. Horregatik, hamar urte horiek ospatzeko, atzera begirako bat egingo dute Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak: Ikusmira Berriak 10 urte.

Helburua da hamar urteetan egindako egonaldien emaitza aztertzea eta ospatzea. Lehen emanaldia bihar bertan egingo dute, larunbatez, 19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan. Pablo Alvarezen El extraño film laburra eta Kiro Russoren El gran movimiento filmak emango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.