Sei itsaso ganbara batean

Itsasoari buruzko 'Ozeana. 6 begirada artistiko' erakusketa zabaldu dute Donostiako Euskal Itsas Museoan. Sei euskal artistaren hamabost eskultura bildu dituzte. Irailaren 29ra arte egongo da irekita

Ezkerretik eskuinera: Pochelu, Cueto, Diez, Huengo, Olmo eta Alberdi. Atzo, Donostiako Euskal Itsas Museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Donostia
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Maria Cueto, Guillermo Olmo, Regis Pochelu, Gotzon Huegun, Marijose Rekalde eta Dora Salazar. Euskal Herriko sei artista horien begiradak biltzen ditu Ozeana. 6 begirada artistiko erakusketak, atzodanik Donostiako Euskal Itsas Museoko ganbaran ikusgai dagoenak. Itsasoa abiapuntu harturik, euskarri eta teknika ezberdinak erabili dituzte artistek erakusketan bildutako hamabost eskulturetan. Artista bakoitzak bizpahiru artelan jarri ditu. Irailaren 29ra arte egongo da irekita.

«Denbora puska bateko lanketaren emaitza da hau, emaitza benetan ederra», horrela definitu du erakusketa Xabier Alberdi Lonbide Euskal Itsas Museoko zuzendariak. Esposizioak, «hainbat hilabetetako» auzolana jasotzeaz gain, «adierazpide ezberdineko» artistak ere bildu ditu,zuzendariak adierazi duenez. Itsasoa hainbat kulturak bat egiten duten ibilgailu moduan definitu du, eta esan du erakusketaren helburua artistekin hori egitea izan dela. Ozeana izena bera guztien artean adostutakoa dela ere azaldu du.

Maria Cuetok (Aviles, Espainia, 1960), Berastegin (Gipuzkoa) bizi den artistak, landare jatorriko materialak erabili ditu artelanak egiteko. Bere eskulturei buruz hitz egitean, oinarrira jo du: «Forma organikoak dira. Geometria oso garbiko eskultura lanak, baina, aldi berean, ozeanoaren kaosa irudikatzen dutenak».

Guillermo Olmo (Zugaztieta, Bizkaia, 1960), berriz, erakusketaren izaeraz mintzatu da: «Guztiok adin eta ibilbide antzekoa eduki arren, sei begirada erabat ezberdin eskaini ditugu; eta hori lanetan ikus daiteke». Sareak dira bere artelanen abiapuntua, eta lehenago ere erabili izan ditu bere obran. «Sareek kontraesan bat dute; alde batetik, elkartu egiten gaituzte, eta, bestetik, harrapatu», adierazi du. Itsasoan maiz erabiltzen direla-eta eraman ditu erakusketara.

Beste alde batetik, Regis Pochelu (Hazparne, Lapurdi, 1970) «oso pozik» azaldu da, Hego Euskal Herrian egin duen lehen erakusketa baita Euskal Itsas Museokoa. Lanak deskribatzeko orduan materialak garrantzitsuak direla azpimarratu du: «Nire eskulturak harrizkoak dira, harria naturako muga bat baita. Eta hori bera guztioz hitz egiteko tresna bat ere bada».

Gotzon Huegunek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972), berriz, artelanen ezaugarriez hitz egiteaz gain, itsasoak sortzen dizkion sentipenak izan ditu hizpide: «Itsasoak mugimendu kaotikoak ditu, baina, aldi berean, ordenatuak. Hipnosia sentitzen dut». Urari begira «orduak eta orduak» egoteko gai dela ere esan du. Lanen inguruan, Huegunek adierazi du zailena izan dela material gogor batean itsasoaren mugimendua islatzea. Itsasoko dama izena jarri dio eskultura bati. «Feminitatea da bizitza ematen duena, eta munduko bizitza itsasotik dator. Lotura hori azpimarratu nahi izan dut».

Marijose Rekaldek (Sartaguda, Nafarroa, 1960) eta Dora Salazarrek (Altsasu, Nafarroa, 1963) ere beren lanak jarri dituzte erakusketan, baina ez ziren egon atzo egindako prentsarako agerraldian.

Erakusketan, mota askotako materialak erabili dituzte artistek; besteak beste, burdina, egurra, harria, altzairua, kobrea eta kortxoa. Eskulturak aurkezteko, teknika ezberdinak erabili dituzte, artelanen kokapena eta argiztapena moldatzea, esaterako.

Ikuspuntu ezberdinak

Mikel Diez Sarasola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak adierazi du erakusketarekin «oso pozik» daudela. «Plazer handia da gaur egungo artistek parte hartzea». Aurrera begira, museoko ganbaran itsasoarekin zerikusia duten artisten obrak erakutsiko dituztela ere jakinarazi du.

Xabier Alberdik itsasoaren inguruko ikuspuntu ezberdinak bateratzea «posible» dela ere azaldu du, eta erakusketa «elkarbizitzaren erakusle» dela gaineratu du: «Aukera bat da gai baten inguruko ikuspuntu ezberdinak bateragarriak izan daitezkeela ulertzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.