Sei film aurkeztuko dituzte 62. Zinemaldiko Zinemira sailean

Pedro Olea zinemagile bilbotarrak jasoko du Zinemira saria irailaren 22an egingo den galan

Celeur artista I am Haiti filmeko eszena batean..
Donostia
2014ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Raul de la Fuenteren I am Haiti eta Gorka Gamarraren Lantanda filmek Euskal Herrian ekoitzitako pelikulei eskainitako Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean izango dute mundu osoko estreinaldia. Karibe itsasoko uharteko zonbifikazio-sistema erakusten du I am Haiti lanak; Ginea Bissauko (Afrika) kreolera hizkuntza ez-ofizialaren egoeraz mintzo diren hainbat belaunalditako musikari eta idazleen adierazpenak azalduko ditu Lantanda filmak. Biak dira dokumentalak, eta biak Euskal Herritik kanpo filmatuak.

Horiekin batera Euskal Herriko beste lau dokumentalek osatuko dute antolatzaileentzat —Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Filmategia, Donostiako Zinemaldia, EPE eta IBAIA— Euskal Herriko zinemagintzaren ispilua den sail hori. Horietako bat da Juanmi Gutierrezek zuzendutako Ateak zabalduz, joan den apirilean Donostiako Giza Eskubideen XII. Zinemaldian estreinatutakoa. Oarsoaldeko okupazio mugimenduaz mintzo da, eta estereotipoekin hautsi nahi du. Five Days to Dance filmean, Rafa Moles eta Pepe Andreu zuzendariek dantzari bikote batek institutu bateko nerabeekin izandako esperientzia kontatzen dute. Dantzaren gaia jorratzen du Oskar Tejedorren Notas en movimiento / Notak mugimenduan lanak ere. Bertan, Miarritzeko Malandain Balletak Versailleseko jauregian Euskadiko Orkestrarekin batera koreografia bat estreinatu aurretik egin beharreko prestaketa jasotzen du. Gentzane Martinez de Osaba eta Alexander Garcia de Vicuña zuzendarien Señales de Vida: Nestor Basterretxea / Bizi Seinaleak: Nestor Basterretxea da saileko azkena, eta joan den uztailean hildako artista polifazetikoaren bizitzari eta lanari buruzko dokumentala da. Sei horietatik, Ateak zabalduz eta Notas en movimiento / Notak mugimenduan dira erabat edo zatiren batean euskarazkoak.

Estreinakoz emango dituzten bi film horiek lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko, Zinemaldian beste edozein sailetan estreinatuko dituzten eta gutxienez %20ko euskal ekoizpena duten filmekin batera. Hala, hauek dira sari horretarako lehiatuko direnak: I am Haiti, Lantanda, Pablo Maloren Lasa eta Zabala (Sail Ofiziala, baina lehiaketatik kanpo), Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak (Sail Ofiziala), Borja Kobeagaren Negociador (Zabaltegi) eta Roberto Castonen Los tontos y los estupidos (Zuzendari Berriak).

Zinemira saria —euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea saritzeko ematen dena— Pedro Olea (Bilbo, 1938) zinema zuzendari, gidoilari eta ekoizlearentzat izango da. Días de viejo color (1967) filma izan zen zuzendu zuen lehena, eta horren ostean beste hainbat zuzenduz, ugari izan dira jaso dituen sariak. Akelarre (1984) da zuzendu duen filmik entzutetsuena, urte hartako Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatu zena. Irailaren 22an jasoko du saria, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egingo den galan, eta bertan estreinatuko da Negociador filma.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak atzo Zinemiraren aurkezpenean adierazi zuenez, aurtengo jaialdia Nestor Basterretxea, Alex Angulo eta Javier Ibarretxe euskal zinemarekin lotura izan duten Euskal Herriko artista hilberriei eskainitakoa izango da. Bestalde, «bereziki pozik» dago, euskal zinemak izango duen presentzia dela eta. «Euskal zinema ez da Zinemaldiarekin amaitzen. Zinemalditik kanpo ere ikusgai izango dira film gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.