Sei faborito, txapelaren bila

Larunbatean jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketako finala, Gasteizen. Sei finalistek nabarmendu dute parekoa dela elkarren maila. Karla Santistebanek jantziko dio txapela irabazleari

Sei finalistak, larunbatean Principal antzokian txapeldunak jantziko duen txapela inguratzen, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Sei finalista edo sei hautagai; sei bertsolari edo sei bertsokera; sei arabar edo Manex Agirre, Oihane Perea, Serapio Lopez, Asier Otamendi, Xabi Igoa eta Iñaki Viñaspre. Ikuspuntu askotatik begiratu dakioke Arabako Bertsolari Txapelketako finalari. Oraingoz argi dagoen bakarra da seiek abestuko dutela larunbatean Gasteizko Principal antzokian, 17:30ean hasita. Hortik aurrera, txapela nork eskuratuko duen saioak esango du, bertsolariek ere ez baitute alde handirik nabari euren artean.

Azken txanpara iritsi da Arabako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean jokatuko den finala aurkeztu du Arabako Bertsozale Elkarteak. Otsailean abiatu zen txapelketa. Hemezortzi bertsolarik parte hartu dute. Bakoitzak bi saiotan abestu du, eta, guztira, sei saio izan dira. Puntuazioek ebatzi dute jada nortzuk egongo diren finalean, eta seiak prest daude txapelagatik lehiatzeko.

Seikoteak, dena den, baditu bere berezitasunak. Hainbat belaunalditakoak izaki, batzuk besteen bertso irakasleak izan dira. Belaunaldien arteko transmisioa nabarmendu dute finalistek. Ikasle nahiz irakasle jardundakoak maila berean lehiatuko dira txapela eskuratzeko.

Txapelketaren irudia armiarma sarea izan dela azaldu du Oier Suarez Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak: «Sarearekin irudikatu nahi genuen Arabako bertso eskolak daudela txapelketaren eta bertso ekosistemaren atzean. Bertso eskolek daukate garrantzia». Arabako lehenengo bertso eskolak sortu zirenetik 35 urte bete dira aurten, Gasteizkoa eta Aiaraldekoa. Sarearen irudiarekin lehen bertso eskolen sorrera ere omendu nahi izan dutela zehaztu du Suarezek.

Horrekin lotuta aukeratu dute txapela emailea: Karla Santisteban. Urte askoan isilpean egindako lana eskertu nahi dio Bertsozale Elkarteak. Izan ere, Arabako bertsolaritzaren sustatzailea izan da Santisteban. 1982an lehenengo bertso eskola sortu zuen, Aiaraldekoa. Geroztik, antolatzaile, gai jartzaile nahiz epaile lanetan jardun du. «Sinestezina izan zen esan zidatenean», esan du Santistebanek. «Ohore itzela da, handia ez, itzela. Ezin pozago nago txapeldun hauen artean egoteaz».

Beste sari emaileak Arabako bertso eskoletako ordezkariak izango dira. Horrekin, antolatzaileek nabarmendu nahi dute bertso eskolen sarearen funtzioa bertsogintzan, herrigintzan eta euskalgintzan.

Finaleko sarrerak Principal antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira: sarreran, telefonoz edo antzokiko webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.