Segurolaren azken liburua

Alberdania etxeak Iñaki Segurolaren hilondoko liburua atera du: 'Ganorexia'. Gogoeta laburrek eta horien komentarioek osatzen dute, eta Ekialdeko tradizioko hiru ipuin datoz, hark euskaratuta

Beñat Muguruza, Garbiñe Larrea eta Jorge Gimenez, atzean Iñaki Segurolaren argazki bat dutela, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Joan zen apirilaren 15ean hil zen Iñaki Segurola idazle, filologo eta hiztegigilea, eta atzo aurkeztu zuten hil aurretik idatzia utzi zuen Ganorexia saiakera, Donostiako Udal Liburutegian, aretoa bete jende. Han izan ziren Jorge Gimenez Alberdaniako editorea, Garbiñe Larrea Segurolaren alarguna eta liburuaren editorea eta Beñat Muguruza ikerlaria, liburuaren lehen irakurlea.

Segurola ez da egon edizio prozesuan, baina hor egon da, Gimenezen hitzetan: «Oso zaila da bere prosa irakurtzea bera bistaratu eta entzun gabe». Hil ostekoa izateak berezi egiten du liburua, eta halakoa izan da edizioa ere: Gimenez, Larrea eta Aritz Galarraga aritu dira editore. Larreak, gainera, hitzatzea idatzi du, eta Segurolak utzitako «jarraibideak interpretatu eta zaindu ditu», Gimenezek esan duenez.

Segurolaren seigarren liburua da Ganorexia —bizi zela argitaratu zituen Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (2005), Nere gorringotik (2008), Arrazoia ez dago edukitzerik (2012), Sed quia sua (2020) eta Koiteretzia (2021)—, baina, Gimenezen ustez, katalogoa itxi baino gehiago, ireki egin du: «Garbi daukat liburu honetan arimaren leiho guztiak uzten dituela zabalik; zalantza guztiak airean uzten ditu, eta erantzun batzuk, ur hotzean gordeta».

Larreak azaldu duenez, Segurola iazko udazkenean hasi zen Ganorexia idazten, eta aurtengo otsailean hasi zen hari bidaltzen, posta elektronikoz. «Apirilaren 12an egin zidan azken bidalketa». Agindu garbi batekin: «'Lau tokitan gorde, baina ez ireki eta ez irakurri'. Nik ez nekien bera zer ari zen idazten». Ohar bat ere bazuen: «Estralurtarrak etorriko balira, joan Irunera gizon honengana [Gimenezengana], eta eraman dokumentuak, esanez: 'Hau da gure gizonak eskribituba'».

Agindu hura jasotzetik edizio lanak egitera «salto handiegia da», Larrearen esanetan: oin oharrak egin —«agindu zigun azalpenak emateko, hiperraxkarrek bakarrik ulertu ez dezaten»—, artxibo guztiak azkenak zirela begiratu, hitzatzea idatzi... «Ez da batere lan xamurra izan. Lan kolektiboa izan da».

Ganorexia hitzak edo ganoraren anorexiak zer esan nahi duen ez dute azaldu, Segurolak berak liburuaren hitzaurrean baino hobeto esplikatzerik ez dagoelakoan. Saiakerak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo eta Arrazoia ez dago edukitzerik lanen antzeko egitura du: testu laburrez osatua dago —luzeenetik laburrenera antolatu zituen Segurolak—, eta, gaien aldetik ere, lan horiek ezagutzen dituztenak «etxean bezala» sentituko direla uste du Larreak. «Herriaz eta hizkuntzaz ari da, horren galerak sortzen dion minaz, idaztearen ofizioaz, gizakien arteko harremanez, adiskidetasunaz, bikoteaz, bere beldurrez, ametsez, fedeaz, jainkoaz, espiritualitateaz... Heriotza ez du bereziki aipatzen; ez dago aurreko lanetan baino nabarmenago esaterik horretaz ari denik».

Larreak Txirritaren itzala sumatzen dio testuari, baita Paul Austerrena eta Jorge Oteizarena ere: «Sed quia sua idatzi eta gero, itsatsita geratu zitzaion». Haren ustez, idatzitakoa «belarriz jarraituko» dute Segurolaren jarduna irratitik ezagutzen dutenek ere —Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak lurrin saiotik edo Euskadi Irratiko Arratsean-en eta Amarauna-n egindako kolaborazioetatik—.

«Zorroztasuna eta kritikotasuna espero ditugu beragandik, eta hemen ere badaude, baina iruditzen zaigu oraingoan goxatuago ote dauden. Egurra emateko gogoa dauka, baina lehenago bere buruari ematen dio, bere damuez hitz egiten du», esan du Larreak. «Iraganeko motxilak sorbaldatik arintzeko beharra» aipatu du hitzatzean, baita «gozotasuna bilatu nahia» ere.

Muguruzak, liburuko gai guztien artean, zera nabarmendu du, nagusietako baten gisara: pertenentzia sentimenduarena, talde bateko kide izatearen ingurukoa. Ordezkaria ni? izeneko testuaren pasarte bat irakurri du: «Muinean, bihotzaren zolan, hor barrengo mamiren batean, bai orduan eta are garbiago gaur, jendezko altzo edo abaro epel bat nahi nuke aurkitu neure espirituarentzat, eta altzo edo abaro horren izenean mintzatu munduari».

Muguruzak Maialen Lujanbioren 2017ko bertso batzuk ekarri ditu gogora, batzuek goraipatu, eta Segurolak gogor kritikatu zituenak: «'Nire inon ez egon nahia ote/ da zure ezinegona'. Garbiñeri esan nion ez ote duen horixe islatzen Iñakik liburuan, bere inon ez egon nahia ote zen bere ezinegona. Eta Garbiñek ezetz: ez zela ez egon nahia, baizik eta ezina, ezin sakon bat. Egia da: horrela erakusten du liburuan. Badaude harrotasun zantzu batzuk, artaldetik kanpo bizi izateari lotutakoak, baina ezinean urtzen dira maiz».

Bilaketa etengabean

Segurolaren gogoeten ondoren, zati deigarri bat du Ganorexia-k, Bidean zetozenak izenekoa: hark euskaratutako hiru ipuin labur daude han, Ekialdeko tradiziokoak. «Bazuen itzulpenak eta bestelako lanak egiteko asmoa», azaldu du Larreak. Bilaketa espiritual bat suma liteke testu horietan ere: «Bera ez dago prest, kristautasunetik etorrita, hori sinisteko, baina ez dago hustasunean, nihilismoan: bilaketa etengabean dago».

Bestalde, liburuko testu labur bakoitzaren bukaeran, Segurolak buztanki deitzen zion ohar bat dago: lehenago esandakoaren komentario bat. «Batzuetan, idatzi duena kuestionatzen du, ja ez dagoelako ados; beste batzuetan, ekarpen bat egiten dio; eta, tarteka, ez du zentzurik. Horrek bost axola zion berari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.