Segi dezan kantuz

Marijane Minaberri omenduko dute bihar, Alduden; haur eta gazte literaturari hasiera eman zion idazle bankarraren lanaren garrantziaz berriz jabetzeko aukera emanen dute.

Marijane Minaberri, 2007an, Uztaritzeko bere etxean. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Marijane fikziozko pertsonaia bat zelakoan zegoela idatzi zuen otsailean Miren Amurizak BERRIAn, Marijane Minaberri (Banka, 1926 - Bordele 2017) hil zela jakin berririk. Beste galdera sorta hau ere bazekarren iritzian: «Iparraldekoa zelako ez nuen, genuen, ezagutzen Minaberri? Adindua zelako, akaso? Andrazkoa zelako? Haur literatura egin zuelako?».

Agian, horregatik guztiagatik pixka bat. Baina horiek oro ez daitezen halabehar bat izan, Minaberriren obraren garrantzia berresteko, hura omentzekoak dira Alduden (Baxenabarre) igande honetan. Sanoki gelan, 17:00etan. Hainbat gomitatuk berriz biziaraziko dute haren obra. Feminismoa eta literatura lantzen dituen Sareinak taldea da antolatzen, Aldudeko ibarreko Adur euskara elkartearekin batera.

Berez, Oskorrik 1997an plazaratu Marijane kanta zan disko-liburuarekin egin zen Minaberri ezagun-ezagun. Baina, preseski, delako fikziozko pertsonaiaren irudipen hori sortu zen, agian. Oskorriren lanak zein arrakasta handia izan zuen oraindik gogoan du Agnes Dufau Ikas euskal pedagogia zerbitzuko buruak. Kukubiltxo antzerki taldearekin egin ikuskizuna ere ahantzi gabe. Funtsean, beti funtzionatzen duen klasiko bat da oraino disko-liburua. Saltegietan Minaberriz daukaten lan bakarra, gainerateko gehienak agorturik direla.

«Marijane zenaren obrari beste kolore bat ekarri» ziotela deritzo Dufauk. «Bestenaz galdutzat emanen» zela, horretaz segur da. Minaberriren olerkien bilduma bat izan zen diskoa; besteak beste, Xoria kantari (Ikas, 1965) liburutik hartuak. Artetik erraiteko, liburua osoki Interneten aurkitu daiteke, beste hainbat idatzirekin batera, armiarma.eus-en.

Baina hori, Minaberri haragizkoa izan zen. Gertatzen dena da hark berak ere itzala nahiago zuela: «Ni funtsean haurrendako idazle xume bat izan naiz, ez naiz agertzearen alde batere», erran zion Mikel Asurmendiri Argia-n. Baina ez dadin hori zepo bat izan: «Haur eta gazte literaturari hasiera eman ziola esan dezakegu» borobildua du Xabier Etxaniz Eleak Auñamendi Eusko Entziklopedian idatzi Euskal haur eta gazte literatura testuan. «Figura bat» dela. «Haren obran, asmo moralizantea, hizkuntza zaindua... badago ere, garbi ikusten da egilearen asmo nagusia kontakizuna bera dela, helburu estetikoa dela garrantzitsuena». 1961ean argitaratu zuen lehen ipuin bilduma: Mari gorri. 1963an Itchulingo anderea. Antzerkiak ere idatzi zituen; besteak beste Haur Antzerki (Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1983) bildumak 1982an Toribio Altzaga antzerki saria eman zioten. «Aitzindari» izan dela berretsi du Lucien Etxezaharreta idazle editoreak ere. Kazetari gisa ezagutu zuen Basque Eclair aldizkarian.

Idazten, berriz, 20 urtetan lagun bat hil zitzaionean hasi zela azaldu zion Ainize Butroni Euskonews-eko elkarrizketa batean: «Heriotza honek piztu zizkidan sentimenduak idatzian emateko gogoa izan nuen. Egia erran, garai horretan ez nekien ez eta ere euskaraz idazteko aukera bazegoela, baina euskaraz idazten hasi nintzen». Olerkiak idazteko neurririk bazegoenik ere ez zekiela gaineratu zuen: «Haritxelarren tesia mekanikan jo nuelarik, banitun 40 urte jada garai horretan, ikusi nuen harriturik bazegoela euskal literatura bat, bazirela arauak olerki bat idazterakoan».

Minaberriren idazle obraren gaurkotasunaz ez du duda izpirik Dufauk: «Euskaldun zaharraren joskera mota» horregatik, «hizkuntzaren musikaltasun» horregatik, «umorez betea, amultsutasun handikoa». Gutxitan atzematen dela damutzen dena Dufauk beti. Usu, «frantsesaren eraginpeko prosa». Horren adibidetzat du Puxka (Gatuzain,2001). Ukan berri zuen Puxka izeneko txakurraz idatzia. Ikasek berak Marijane kontari liburu-diskoa argitaratu zuen 2005ean.

Estiloaren erakusle

«Hitzen lerrokatzeko erraztasun natural bizi-bizia» baloratu du Gexan Alfaro Lantziri-k. Basque Eclair kazetan lankide izan zuen Minaberri. Biak ari izan ziren Cote Basque irratirako kronikari ere, euskaraz. Herria eta Gure Herria astekarietan ere aritu zen idazten.

Alfaro bera ere haurrentzako literatur eta kantu idazle eta kantari da, eta biziki gustukoak ukan ditu beti Minaberrirenak. Igande honetan ipuin bat kontatzekoa du preseski Alduden: Gorosti landarearen istorioa. Nolabait, Minaberriren estiloaren adierazgarri. Batetik, haren obra naturatik zein hurbil izan den baieztatzen du, eta, bestetik, «finezia bat, gauza xeheak balioztatzeko» duen gaitasuna. Aldi berean, gaurkotasuna atxikitzen duelako froga. Gorosti landarearen istorioa-k lurrean agertzen den landare txiki baten istorioa kontatzen du. Nola agertu bezain laster laborariak mozten duen. Eta berriz ere naturak ekartzen...

Gertatzen dena da 1951ko Deixonne legea izan zela Frantziako Estatuko lehen legea herri hizkuntzen irakaspena baimentzen zuena. Baimena bai, «baina problema nagusia zen ez zela materialik. Gerlatik landa ez zen nehongo axolarik; euskara hiltzera uzten zen», Etxezaharretak. Eta Minaberri lotu zitzaion lanari. Irakasle gisa ere ari izan baitzen Baionan. Euskonews-en, honela esplikatu zuen Minaberrik kontua: «Noizbait sentitu nuen euskararen irakaspenarentzat ez zegoela deus egina. Eta orduan hasi naiz agerrarazten gauzak, ez niretzat baina jendeei zerbitzu egiteko». Batzuk «gainean dauden jendeentzat idazten dute, nik jende xumearentzat lan egin nahi izan dut beti», argi utzi nahi zuen Minaberrik.

Hiztegi bat eta gramatika bat ere aritu zen osatzen, Hendaiako Haize Garbia elkartearentzat. Manuel Mitxelena eta Piarres Lafitterekin. Hamar urteko lan mardulak. Baina hauek oraindik ahantziagoak dira; Minaberrik errana izan du bere biziko penetako bat izan dela nehork ez erabili izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.