'Screamadelica', Donostian

Primal Screamek duela 20 urte ateratako lana joko du Belodromoan azaroaren 5ean, Kutxa Kultur jaialdian

Primal Scream Eskoziako taldea, Screamadelica diskoko kantuak jotzeko emanaldi batean. X / BERRIA.
Donostia
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Hogei urte igaro dira Primal Screamek Screamadelica disko mitikoa kaleratu zuenetik. Lan hori askotan aipatzen dute 90eko hamarkadako ekoizpen onenen artean. Talde eskoziarrak bere hastapenetako indie-rocka beste eragin batzuekin nahastu zuen grabazio horretan: dance musika, rock psikodeliko, gospel eta dub jamaikarrarekin, besteak beste. Come Together, Movin'on Up eta Higher than the Sun dira disko hura osatu zuten abestietatik batzuk. Iaz, Londresko bi emanalditan, diskoa osorik interpretatu zuten —Screamadelica Live! DVDak jasotzen ditu bi kontzertuok—, eta orduz geroztik, hainbat kontzertu eman dituzte. Azkenengoa, Donostian emango dute,azaroaren 5ean, Anoetako Belodromoan. We Are Standard eta The Brandy Hips taldeek ere joko dute kontzertu horretan, eta baita oraindik zehazteke dagoen nazioarteko beste talde batek ere.

Belodromoko emanaldia hiru kontzertu biltzen dituen Kultur Kutxa jaialdiaren parte izango da. Azaroaren 3an Wilcok The Whole World lana aurkeztuko du Kursaalean. Joan den asteburuan disko berria streaming-en entzuteko aukera eman zuen taldeak bere webgunean, eta zaleen harrera oso ona izan da. Jaialdiko bigarren kontzertuaChristina Rosenvinge espainiarrak emango du, azaroaren 4an,Kutxa aretoan.

Hirukontzertu horietan Gipuzkoako talde batek ere joko du. Urte osoan Kutxa Kulturren parte hartu duten hamalau taldeen zerrendatik aterako dira taldeok. Horietako bi Interneten jendearen aldetik boto gehien jasotzen dutenak izango dira, eta bestea jaialdiko antolatzaileek hautatuko dute. Gin Tonic promotorako arduradun Sergio G. Cruzadorentzat, «nazioarteko artista handiak» eta «bertako sortzaileak» agertoki berean elkartzea da jaialdiaren merituetako bat.

Primal Scream ekarriko dutelako «oso pozik» agertu da Cruzado. Askoren bizitzako musika osatu dute taldearen kantuek, eta azkenaldian eman dituzten kontzertuak «ikaragarriak» izan direla azaldu du. Bobby Gillespie da taldeko liderra, eta harekin batera aritzen dira Andrew Innes eta Robert Young Throb gitarran, Martin Duffy teklatuetan, Gary Mani Mounfield baxuan eta Darrin Mooney baterian. Biretan, Kevin Shields (My Bloody Valentine) elkartzen zaie gitarrarekin, eta Screamadelica jotzeko gospel abesbatza baten laguntza ere badute.

We Are Standardi dagokionez, dance ukituko rocka egiten duen talde getxotarra «edozein festetan ezinbestekoa» dela iruditzen zaio Cruzadori, etaThee Brandy Hipsek garage, power-pop eta post- punk-a nahasten ditu.

Atzotik salgai daude Belodromoko kontzerturako sarrerak. Rosenvingerenak datorren astelehenean jarriko dira salgai, eta Wilcoren kontzertukoak amaitzear daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.