Scorseseren gaua, azkenean

'The Departed'-ek irabazi ditu sari garrantzitsuenak, eta Iñarrituren 'Babel' izan da aurtengo galtzailea

xabier martin
2007ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Martin Scorseseren gaua iritsi da azkenean. Taxi Driver-en egilea lau aldiz izan da Oscar sarietan zuzendari onena izateko hautagai, eta atzo arte beti atera da esku hutsik. Kontuak ez dio berriro loa kenduko. The Departed izan zen atzo irabazle argia Los Angelesko Kodak antzokian, Hollywoodeko 79. Oscar sarien galan. Hark eraman zuen film onenaren Oscar saria, eta Scorsesek zuzendari onenarena. «Hainbeste film egin ditut azken urteotan saririk irabazi ez dutenak... Jada ohituta nengoen. Baina egin ditudala da hoberena, eta atsegin ditudala», esan zuen Scorsesek sari garrantzitsuena jasotzean. Bi sari nagusiei beste bi aitortza gehitu zitzaizkien, egokitutako gidoi onenarena eta muntatze onenarena. Guztira, lau Oscar sari, zalantzarik gera ez dadin.

Alejandro Gonzalez Iñarrituri ere ez zitzaion zalantza handirik geratuko. Babel, bere saminaren trilogia itxi duen film goraipatua izan da galtzaile nagusia. Iñarrituren filmak zazpi izendapen zituen, tartean film, zuzendari eta gidoi original onenarenak, baina azkenean musika onenaren Oscarra bakarrik irabazi du. Gustavo Santaolalla argentinarrak konposatu du hura, eta bigarren Oscarra irabazi du jarraian, iaz Brokeback Mountain-eko musikarengatik eskuratu baitzuen. Baina kontsolagarri txikia da hori Iñarriturentzat, are gehiago Babel-ek aurtengo Urrezko Globoetan irabazi zuela kontuan hartuta.



INGELESEZ BESTEKOA, ALEMANIARA. Oro har, AEBetako akademiak zeken jokatu du hegoaldeko mugaz besteko kideekin. El laberinto del fauno-k, Guillermo del Toro mexikarraren filmak hiru Oscar lortu ditu, baina hirurak bigarren mailakoak -zuzendaritza artistikoa, makilajea eta argazkia-. Haatik, filmak sei izendapen zituen, tartean ingelesez besteko film onenarena, eta sari preziatu hori Florian Henckel von Donnersmarcken Das leben der anderen alemaniarrak irabazi du.

Aktore onenen Oscar sariei dagokienez, errege-erreginei euren koroak eman dizkiete. Helen Mirren faborito argiak irabazi du emakumezko aktore onenaren saria, Stephen Frearsen The Queen-en jokatutako Elizabeth II.a erreginaren rolarengatik. Beste errege batek irabazi du gizonezko aktore onenaren Oscar saria, Kevin MacDonalden The Last King of Scotland-eko errege beltzak, Forest Whitakerrek. Aktore eskarmentudunak argi hitz egin zuen saria jasotzean: «Nire errealitateak ez zuen posible egiten ni aktore bihurtzea, baina posible izan da azkenean».

Bestalde, Mexikoko ordezkariak faborito argiak ziren gidoi original onenaren Oscarra irabazteko, baina atzokoa ez zen haien gaua. Guillermo Arriaga (Babel) eta Guillermo del Toro (El laberinto del fauno) Michael Arndti begira geratu ziren Little Miss Sunshine-ren gidoigilearen izena entzun zutenean. Bigarren mailako emakumezko aktorearen saria ere ez du lortu Babel-ek, nahiz eta bi hautagai irmo eduki-Adriana Barraza mexikarra eta Rinko Kikuchi japoniarra-. Saria Jennifer Hudsonek irabazi du, Dreamgirls-en egindako lanarengatik. Gizonezkoen artean ere bazen film horretako aktore bat hautagai gisa (Eddie Murphy), baina saria Little Miss Sunshine-n aritutako Alan Arkin beteranoak irabazi du lehenengoz, aurretik beste hirutan izendatuta egon ondoren.

Mexikarren gau beltzean, Alfonso Cuaronen Children of Men ere saririk gabe joan da, hiru izendapen izan arren, egokitutako gidoi onenarena, muntatze onenarena eta argazki onenarena. Lehenengo biak The Departed-ek irabazi ditu, eta bestea Del Tororen El laberinto del fauno-k.

[email protected]



«Oso hilabete bizia izan da; oso dibertigarria eta gozamen hutsa bizi izan dudan hau guztia bizitzea»

«Euskadiri buruzko komedia politiko bat egiteko asmoa dut, baina ez dut espero Oscarretara itzultzerik»

Borja Kobeaga
zinema zuzendaria




Kobeaga, «hunkiturik», saria lortu ez arren

Zinemagile donostiarraren 'Éramos pocos' lanakez du eskuratu film labur onenaren Oscar saria
ERREDAKZIOA

Adituen iragarpenek «faboritotzat» zeukaten Borja Kobeaga gipuzkoarraren (Donostia, 1977) Éramos pocos film laburra. Iragarpenak iragarpen baino ez dira, eta oraingoan ez dira bete. Ari Sandel estatubatuarrak zuzendutako West Bank Story filmarentzat izan da film labur onenaren Oscar saria, eta Kobeagak esku hutsik itzuli beharko du Euskal Herrira. Javier Fesser espainiarraren Binta y la gran idea, Soren Pilmark eta Kim Magnusson daniarren Helmer & Son eta Peter Templeman australiarraren The Saviour ziren film labur onenaren saria lortzeko beste hiru hautagaiak.

Saria lortu ez arren, «gertatu zaion guztiarekin «hunkituta» dagoela adierazi zuen atzo Kobeagak Radio Euskadi irratian egin zioten elkarrizketan. «Nire filma saria lortzeko bost hautagaien artean zegoela esan zutenetik, oso hilabete bizia izan da. Oso dibertigarria izan da, eta gozamen hutsa izan da bizi izan dudan hau guztia bizitzea».

Iragarpen eta kinielei kasu askorik ez diela egin onartu zuen Kobeagak: «Egunkari, aldizkari edo kritikari baten gustuaren araberakoak izaten dira iragarpen horiek, eta akademiaren mundua guztiz bestelakoa da. Jendearen gustuak eta akademiaren bozketak ez dute zerikusirik».

Oscar sarien banaketa jaialdiko unerik «hunkigarriena», Francis Ford Coppola, Steven Spielberg eta George Lucas «agertokira igo» eta zuzendari onenaren saria Martin Scorseseri eman ziotenean izan zela aitortu zuen Kobeagak: «Oilo ipurdia jartzeko moduko momentua izan da lau horiek batera ikustea».

Etorkizuneko proiektuen artean «Euskadiri buruzko komedia politiko bat» egiteko asmoa duela ere argitu zuen Donostiako zinemagileak. «Proiektu horrek egiten dit ilusiorik handiena, baina ez dut espero film horrekin Oscar sarietara itzultzerik; ez dakit behar bezala ulertuko duten hemen edo askorik interesatuko ote zaien ere. Baina, epe luzera begira, egongo dira beste proiektu batzuk ere».

Oraingoz, «etxera itzuli, lagunekin kafe bat hartu eta idazten jartzeko» asmoa duela zehaztu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.