Schubert, lau eskutara

Mitsuko Uchida eta Jonathan Biss pianistek Schuberten lau pieza interpretatuko dituzte elkarrekin gaur, Musika Hamabostaldian

Andoni Imaz.
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Grigori Sokolovek Donostiako Kursaalean jo eta lau egunera, gaur bertan, beste bi pianista elkartuko dira agertoki berean, Donostiako 74. Musika Hamabostaldiko programaren barruan, Franz Schuberten musika lau eskutara interpretatzeko: Mitsuko Uchida japoniarra —Musika Hamabostaldian parte hartu zuen orain bi urte ere, lehenengoz— eta Jonathan Biss estatubatuarra. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta Alicia de Larrocha musikari katalanari eskainiko diote, mendea bete baita hura jaio zenetik.

Schubertek pianoan lau eskutara jotzeko idatzi zituen piezen artean, hauek emango dituzte: Lebensstürme, allegro la minorren; D819/5 martxa, mi minorren; Rondó, la maiorren; eta Divertimento.

Uchidaren 2021eko kontzertua, hain justu, Schuberti buruzkoa izan zen, eta harrera beroa izan zuen. Pianista Tokion jaioa da, 1948an, baina Europan bizi izan da 1960ko hamarkadaz geroztik, eta han egin du bere bidea. Mozarten eta Schuberten lanek eragin izan diote zirrararik handiena, haren esanetan, eta haien interpretazioagatik da ezaguna, batez ere.

1980an jaio zen Biss, eta «bere belaunaldiko pianista estatubatuar nabarmenetako bat» da gaur egun, jaialdiko antolatzaileen hitzetan. Bereziki miresten ditu Beethoven eta hark pianorako egin zuen musika. Gainera, musika garaikidean ere ibilbide oparoa egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.