Argazkilaritza

Saul Leiterren «mugarik gabeko» paisaia

Donostiako Tabakalerako Artegunea aretoan artistaren lanak jasotzen dituen 'Amaitu gabeko mundua' erakusketa ireki dute. Bihartik azaroaren 10era arte, zuri-beltzeko zein koloretako argazkiak, margotutako argazkiak eta margolanak egongo dira ikusgai.

 Erakusketako 'In My Room' sortako bi irudi, bata originala eta bestea gainetik margotuta. GORKA RUBIO / FOKU
Erakusketako 'In My Room' sortako bi irudi, bata originala eta bestea gainetik margotuta. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko uztailaren 18a
15:45
Entzun

Batzuetan gertatzen da artista bat bizi den artean haren obrak garrantzi berezirik ez izatea. Hiltzean, ordea, eta urteen poderioz, haren lanak beste dimentsio bat hartuz joaten dira, eta beste balio bat ematen zaie. Horrelako zerbait gertatu da Saul Leiter artistarekin. Bizirik zela, ez zuen fama askorik atsegin, eta nahiago izaten zuen bigarren mailan geratu. Hori izan zen haren lanek behar besteko itzala ez izatearen arrazoia. 2013an zendu zen artista, New Yorken. DiChroma Photography argazkilaritza artxiboko zuzendaria da Anne Morin, eta pandemia garaian izan zuen Leiterren berri, eta haren lanak biltzen hasi zen. «Hasieratik, bibrazioa eragin zidaten haren lanek, eta horrek bultzatu ninduen proiektuan lan egitera».

Amaitu gabeko mundua erakusketa da lan horren emaitza, eta bihartik azaroaren 10era arte egongo da ikusgai Donostiako Tabakalerako Artegunea aretoan. Leiterren hainbat obra egongo dira ikusgai, hala nola argazkiak —zuri-beltzean eta koloretan—, argazki margotuak eta margolanak, bai eta haren dokumentuak eta kamerak ere. Ane Abalde Kutxa fundazioko Arte eta Ondareko zuzendariaren esanetan, «lorpen izugarria» izan da artistaren lanak Artegunera ekarri izana.

172 argazki biltzen ditu erakusketak, horietako asko lehen aldiz daude erakusgai. 94 zuri-beltzekoak dira, hogei inguru koloretakoak, eta 37 dira margolanak. Morinek esan du —erakusketaren komisarioa da— lehen aldia dela Leiterren obrak horrela erakusten direla; hark landutako diziplina guztietako piezak elkarrekin baitaude, haien artean egon daitekeen muga oro ezabatuz. Haren hitzetan, sarritan historiak artisten hainbat alde ezkutatzen ditu, eta komisarioen lana izaten da artista horien alde guztiak erakustea. Hori izan da bere helburua Amaitu gabeko mundua-rekin. «Leiterri egindako omenaldi polita da, bera ez baitzen ez margolari, ez argazkilari; poeta zen».

Artea bokazio

Pittsburghen (AEB) jaioa zen Leiter, eta bere familia judua zen. Aitak ez zuen batere begi onez ikusten semeak hartu nahi zuen artista bidea, berarentzako beste plan batzuk baitzituen. Amak babesten zuen gehien, eta hark oparitu zion bere lehenengo argazki kamera. Familia giro horri gehiago eutsi ezinik, 23 urte zituela —1946an— New Yorkera joan zen, bere benetako bokazioarekin jarraitzeko asmoz. Prentsa idatzirako argazkiak ateratzen hasi zen, eta moda aldizkarietarako lanean ere aritu zen. 1948an hasi zen koloretan argazkiak ateratzen, eta hori izan da artista gehien nabarmendu izan den arloa.

«[Erakusketa] Leiterri egindako omenaldi polita da, bera ez baitzen ez margolari, ez argazkilari; poeta zen».ANNE MORIErakusketako komisarioa

«Ezin gara soilik artistaren arlo ezagunenarekin geratu, eta, kasu honetan, ikusi nuen Leiter ez zela koloretako argazkilaritza bakarrik», aipatu du Morinek. Hori horrela, «mendeku txiki» gisa aukeratu ditu soilik koloretako hogei bat argazki, zuri-beltzeko 90etik gora aukeratu ordez.

New Yorken egin zuen bere argazkilari ibilbidea, baina ez zen hiriaren handitasunaren atzaparretan erori. Gauza txikiei erreparatzen zien: «Aparteko gauzak topatzen zituen elementu arruntetan», esan du komisarioak. Bestalde, ez zuen gustuko garai hartan sortzen ziren mugimendu artistikoen parte izatea, eta beti geratzen zen horietatik kanpo. Morinek nolabaiteko klandestinitatean mugitzen zela azaldu du, eta bere irudietan beti ezkutatuta agertzen dela.

Margotu, ezabatzeko

Tabakalerako Artegunean dagoen erakusketak ez dio inolako arkitekturari jarraitzen; obrak ia ausaz jarrita daude aretoan, gune batean izan ezik. In My Room lana da —erakusketa guztian izenburua daraman argazki sorta bakarra— bildumaren epizentroa. Leiterrek New Yorkeko bere apartamentuko gelan egindako irudiak dira; inoiz ez zuen horiek erakusteko asmorik izan. Emakumeei egindako 40 irudi dira —gehienak biluzik—, denak zuri-beltzean. Horietako batzuk gainetik margotu zituen, haietan ageri ziren aurpegi eta gorputzak ezabatzeko asmoz.

(ID_14084657) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-07-18, Donostia. Saul Leiter argazkilariaren erakusketa aurkeztu dute Tabakaleran,\'Amaitu...
'In My Room' sortako irudi batzuk. GORKA RUBIO / FOKU

Nahiz eta bere familiarekin zuen harremana erabat eten, argazkiak egitean ezin izan zuen bere jatorri judua ezkutatu, komisarioak kontatu duenez. Haren irudietan ez da ia aurpegirik ikusten, bizkarrez edo alboz agertzen dira erretratatutako pertsona gehienak: «Munduarekin zuen distantzia erakusten du horrek». Eta detaile txikiei erreparatzeko joera zuela nabarmendu du berriro Morinek: «Zirujau bat bezalakoa zen; inguruan ebaki bat egiten zuen, detailerik txikiena erakusteko». Bestalde, behin argazkiak atera eta inprimatutakoan, haiek lantzen jarraitzen zuen. Sarritan, eskuz mozten zituen, iruditik nabarmendu nahi zuen hori erakusteko.

Bestelako jarduerak

«Publiko desberdinari erakusketaren testuingurua erakusteko ahalegina egin dugu», esan du Kutxa fundazioko Arte eta Ondare zuzendariak. Hori dela eta, haurrentzako zein helduentzako ekintzak antolatu dituzte urrirako. Haurrentzako tailerrak, hitzaldiak eta proiekzioak egingo dituzte, bai eta bisita gidatuak ere. Bisita horiek igandeetan izango dira, 17:30ean euskaraz, eta 18:303an gaztelaniaz.

Lehengo tailerra urriaren 5ean izango da, 17:00etan, 9 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Erretratua izango da tailerraren izenburua, eta parte hartzaileek irudiarekin zerikusia duten gaiei buruzko begirada kritikoa garatzen ikasiko dute. Bigarrena urriaren 19an izango da,11:30ean. Ines Bermejok gidatuko du Erretratuak, ezkutaturik dauden gauzak saioa. 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango da.

Urriaren 2an, 18:30ean, erakusketaren bisita gidatua eskainiko du Gloria Crespok. Saioa gaztelaniaz izango da. Bestalde, urriaren 31n, 18:30ean, Oskar Alegriak Arratsalde euritsu bat Saul Leiterren argazki batean zinema-hitzaldia emango du, euskaraz. Tabakalerarekin lankidetzan, bi proiekzio antolatu dituzte erakusketaren aitzakian. Urriaren 3an eta 10ean izango dira saioak, 19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.