Edward Abbot Erresuma Batuko Gobernuko funtzionarioa da Rangunen, Birmanian. 1918. urtea da, eta Edward bere bikotekide Molly Singletonekin ezkontzera doa. Mollyren bila joan behar duen egunean, ordea, iritzia aldatu, eta Singapurrera doan barku batean ihes egingo du gizonak. Bangkokera joango da trenez hurrena, Saigonera arrantza barku batean ondoren, eta, Manilatik pasatu eta gero, Osakara joango da AEBetako itsasontzi batean. Japoniatik bota egingo dute orduan, espioi bat delakoan, eta Shanghaira abiatuko da. Txina barnealdean bidaiatuko du hurrena, Chongqing, Chengdu eta Sichuan probintziak bisitatuz, Tibetera iristea buruan duela. Eta bidaia horretan guztian zehar, atzetik joango zaio Molly, senargaia aurkitu nahian haren bidaia bera egingo baitu.
Miguel Gomes zinemagile portugaldarraren film luze berria da Grand Tour. Iaz Cannesko jaialdian aurkeztu zuen, eta zuzendari onenaren saria eskuratu. Istorioa Somerset Maughamen The Gentleman in the Parlour liburuak inspiratu zuen. Hartan, Birmanian bizi den ingeles baten kontakizuna azaltzen da, zeinak ezkontza batean harrapatuta gelditu aurretik neska lagunarengandik ihes egin eta Asiako hainbat herrialde bisitatzen baititu. Gomesek beste itxura bat eman nahi zion estereotipoz beteriko pasarte horri, baina lehenik bidaia bera egin beharra zuen, eta, hala, talde txiki batekin filmean azaltzen diren herrialdeak bisitatu eta grabatu zituen. Bidaia 2020an egin zuten, eta, pandemia zela eta, eten egin behar izan zuten. Orduan hasi zen portugesa bere gidoilari taldearekin fikzioaren parte izango zen istorioa idazten, grabatutako irudien eta kontatu nahi zuenaren arteko loturak sortuz.
2022an Txinak oraindik ere mugak itxiak zituenez, Gomesek Portugaldik zuzendu zituen bere argazki zuzendarietako batek herrialdean grabatzen zituen irudiak. Eta zati dokumentalaren irudi horiekin amaituta, gidoian idatzitako fikzioa grabatu zuten Portugalgo estudio batzuetan. Prozesu guztian zehar kontakizuna aldatuz joan zen; izan ere, Gomesek ez du linealki lan egiten (lehenengo idatzi, ondoren grabatu, eta gero muntatu), eta, hori dela eta, grabaketa egun bakoitzaren ostean gidoilari taldea elkartu, eta hurrengo eguneko saioari buruz eztabaidatzen zuten.
Abentura bat dirudien prozesu luze horren emaitza maitasun istorio bat da; bikotekidearen bila ari den emakumearen maitasun istorioa, baina baita bidean aurkitzen dituen pertsonena, ohiturena eta paisaiena ere. Gomesek dokumentala eta fikzioa nahastu ditu, eta 1918an kokatu eta zuri-beltzean grabaturiko estudioko irudiak 2020an herrialdeotan jasotako irudiekin nahastu ditu. Denborarekin, testurekin, formatuekin eta koloreekin jolas eginez, bidaia bat osatu du, eta esperientzia bilakatu.
'Grand Tour'
Zuzendaria: Miguel Gomes. Gidoilariak: Telmo Churro, Maureen Fazendeiro, Miguel Gomes, Mariana Ricardo. Aktoreak: Crista Alfaiate, Gonçalo Waddington, Jani Zhao. Argazkia: Gui Liang, Sayombhu Mukdeeprom, Rui Poças. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 129 min. Herrialdea: Portugal. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'Reas'
Zuzendaria: Lola Arias. Gidoilaria: Lola Arias. Aktoreak: Yoseli Arias, Ignacio Amador Rodriguez, Estefy Harcastle. Argazkia: Martin Benchimol. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2024. Iraupena: 79 min. Herrialdea: Argentina.
Reas Argentinako hainbat kartzelatan atxilotuta egon ziren emakume eta transak ditu protagonista film honek. Caseroseko kartzela ohian —orain abandonatuta eta hondatuta dago— urteetan gatibu egon zirenek beren iraganeko bizitzaren eszenak berreraikiko dituzte, eta etorkizuneko bizitza imajinatuko dute, musikal forma duen kontakizun batean.
'Mickey 17'
Zuzendaria: Bong Joon-ho. Gidoilaria: Bong Joon-ho. Liburua: Edward Ashton. Aktoreak: Robert Pattinson, Naomi Ackie, Steven Yeun. Argazkia: Darius Khondji. Generoa: Zientzia fikzioa. Urtea: 2025. Iraupena: 137 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.
Mickey 17 robot baztergarri bat da. Bere lana behin eta berriro hiltzea da. Mickey 17 planeta izoztu batera bidaliko dute, eta uko egingo dio bere klon Mickey 18-k berari tokia kentzeari.
'Un bany propi'
Zuzendaria: Lucia Casañ Rodriguez. Gidoilaria: Lucia Casañ Rodriguez. Aktoreak: Nuria Gonzalez, Carles Sanjaime, Amparo Ferrer-Baguena, Manuel Valls. Argazkia: Borja Vazquez Salom. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 102 min. Herrialdea: Espainia.
Antoniak, 65 urteko etxekoandre eredugarri batek, etxeko eginbeharrak eta familiako mandatuak zaintzen ematen ditu egunak. Hala ere, andre honek sekretu bitxi bat gordetzen du: bainugelekin erabat obsesionatuta dago; «okupatua» dagoela esan eta jendeak bakean uzten duen toki bakarra dira. Komunean, Antonia bere benetako bokazioan aritzen da: idazten. Horrela, bere bizitza monotonotik ihes egingo du, egoera paregabeak biziko ditu, eta adiskide bitxiak egingo ditu.