Literatura

Mikel Etxaburuk ahotsa jarri die Saturrarango kartzelan preso egon ziren emakumeei

'Manttalingo alaba' poesia liburua argitaratu du idazleak, Pamiela argitaletxearekin. Liburuko testuak abiapuntutzat hartuta, musika ikuskizun bat ere egingo du egileak, hainbat musikarirekin batera.

Mikel Etxaburu, liburua esku artean duela. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Etxaburu, liburua esku artean duela. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko apirilaren 18a
16:00
Entzun

1938tik 1944ra bitartean egon zen irekita Saturrarango emakumeen kartzela, Mutrikun (Gipuzkoa). Urte horietan, 4.000 emakumetik gora egon ziren han preso; horietako asko, euren seme-alabekin. 166 emakume hil ziren kartzelan bertan, eta 52 haur inguru. Haurretako asko amei kentzen zizkieten, inongo baimenik gabe, beste familia batzuei emateko. Kartzela hartan gertatutakoak eta han egon zirenen bizipenak jaso nahi izan ditu Mikel Etxaburu idazleak Manttalingo alaba poema liburuan. Pamiela argitaletxearekin plazaratu du lana. Arabako Foru Aldundiak antolatutako Ernestina Champourcin sariketako irabazlea izan da.

Ondarroakoa da Etxaburu (Bizkaia), eta sarritan joan izan da eta joaten da kartzela zegoen tokira, paseatuz. Kartzela itxi zutenetik, bestelako kontutarako erabili izan da eraikina. Etxaburuk oroitu du haurra zenean ikastetxeak txango bat antolatzen zuela han lo egiteko, eta ederki pasatzen zutela. «Irakasleek kontatzen ziguten urte batzuk lehenago hor zer zegoen, eta, ulertzen nuen arren, ez nintzen kontziente benetan zer izan zen han».

Helduagoa zela ulertu zuen benetan zer garrantzitsua zen Saturraranen gertatutakoa. Kontraesanak sortzen dizkio tokiak egileari: batetik, gaur egun ere aisiarekin lotutako toki bat delako, baina, bestetik, kartzela bat ere izan zelako. «Gaur egun haurrak jolasean ari diren tokian emakumeak erailak eta torturatuak izan ziren. Haurrak ere ebatsi zizkieten amei». Idazleak kontatu du liburua sortzeak hainbeste maite duen lekuaren memoriaren osotasuna argitaratzeko aukera eman diola.

«Gaur egun haurrak jolasean ari diren tokian emakumeak erailak eta torturatuak izan ziren. Haurrak ere ebatsi zizkieten amei».

MIKEL ETXABURUIdazlea

Lehen pertsonan idatzi ditu poemak egileak, eta, kartzelan izan ziren emakumeetako asko hilda daudenez, zaila egin zaio testigantzak bilatzea. Ahotsak.eus atarira jo du dokumentatzeko, zuzenean edo zeharka egongo ziren testigantzen bila. Baina, dokumentatzeko prozesuan, Saturraranera bertara joatea izan da gehien egin duena. «Poema bat idazteko, ezinbestean, idatzi nahi dudan horren azalean idatzi behar dut», kontatu du.

Poemetarako zuzenean emakumeen ahotsa erabiltzea «ariketa berezia» izan da Etxabururentzat. Tarteka inpostorearen sindromea sentitu duela ere aitortu du: «Sarritan galdetzen nion neure buruari ondo nenbilen edo zilegi zen egiten ari nintzena».

Laugarren poema liburua du Etxaburuk. Hauek izan dira aurretik kaleratutakoak: Zu zara orain txoria (Elkar, 2011), Hodeiak zapatetan (Susa, 2014), Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein, 2016) —Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia lehiaketan saria jaso zuen—, eta Ahaztu baino lehen, ama (Pamiela, 2021).

«Poemak kulunkan datoz, modu erraz eta arinean irakurtzen dira, baina, aldi berean, barrualde gogorra dute». LANDER MAJUELO Pamielako editorea

Lander Majuelo Pamielako editorearen hitzetan, poesia «argia, soila eta zintzoa» egiten du Etxaburuk. Horrek gai nagusiari mesede egiten diola uste du. «Poemak kulunkan datoz, modu erraz eta arinean irakurtzen dira, baina, aldi berean, barrualde gogorra dute». Haren hitzetan, ariketa poetiko gisa landu du memoriaren gaia egileak, eta hori biktimei aitortza egiteko beste modu bat ere badela aipatu du editoreak: «Han gertatu zenaren aldarri zintzo eta argia egiten du Mikelek [Etxaburu], eta hari poetiko batekin lotzea lortu du».

Musikaltasuna hitzetan

59 poema ditu liburuak, eta batek berak ere ez du izenbururik. Izenburua jarrita poema itxi egiten dela uste du Etxaburuk, eta horregatik egin du hautu hori. «Olatuen joan-etorri txikiak bezala dira poemak; olatu bat ez da beste batetik bereizten». Liburua bera «ia-ia» poema bakar bat dela azaldu du.

«Poema bat beste diziplina batzuekin nahasten denean, beste leku batzuetara iristen da», esan du idazleak. Liburua idazten hasi zenean, testuak erabiliz musika ikuskizun bat sortzea zuen buruan Etxaburuk, eta, horregatik, nolabaiteko musikaltasuna izan behar zuten poemek.

Idazketa prozesua amaitu bezain pronto hasi zen Etxaburu ikuskizunaren proiektua garatzen. Nerea Zuloagak, Irina Alvarezek, Jon Garrok eta egileak berak osatutako laukotea ariko da saioetan. Ikuskizunari azken ukituak ematen ari dira. Datorren apirilaren 28an estreinatuko dute, Gernikako Astra aretoan (Bizkaia). Ekainaren 7koa izango da, agian, idazlearentzako emanaldirik bereziena, Saturraranen bertan egingo dute eta. «Honekin hasi nintzenean banekien ezinbestean emanaldietako bat han izango zela», aipatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.