«Orain dela ehun urte baino gehiago estreinatu zuten Jesus Guridiren Amaya opera, eta, beraz, ehun urte baino gehiago pasatu dira gu hemen agertu arte, berriz ere, euskaraz idatzitako opera bat estreinatzen». Jon Malaxetxebarria musika zuzendariak historiaren neurgailuarekin azaldu du egunotan Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duten Saturraran euskarazko operaren garrantzia. 2017an hasi zituen lehen partiturak Juan Carlos Perez musikari eta konpositoreak eta, era berean, zazpi urte pasatu ditu Kirmen Uribe idazleak ere haren libretoa lantzen. 1980ko hamarkadan elkarrekin maitemindutako bi emakumeren istorioa kontatzen du lanak. Heroinaren zurrunbiloan erori, eta, gizartearen arbuiotik ihes egin nahirik, Saturrarango hondartzako kartzelaren hondakinetan hartuko dute babesa. Bilboko Arriaga antzokiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ekoitzi dute obra, eta egunotan hautsiko du euskarak bere mende bete pasako isiltasun lirikoa. Etzi egingo dute lehen emanaldia, 19:30ean, eta larunbatean bigarrena, 19:00etan.
Neurri batean, Perezen lanak eta Uriberen obra taularatuko duen lantaldearen neurriak eta mailak ere azaltzen dute estreinaldiaren garrantzia. Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea ez ezik, zortzi kantariko taldea ere gidatuko du Malaxetxebarriak. Elias Arranz, Andrea Jimenez, Marife Nogales, Jose Manuel Diaz, Botond Odor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernandez izango dira abeslari horiek. Lucia Astigarraga da zuzendari eszenikoa, Ugaitz Alegria eta Aitzol Villahoz arduratu dira figurazioaz, Irene Prieto izan da eszena zuzendari laguntzailea, Ibai Labeagak egin ditu jantziak, Alberto Rodriguez Vegak argiztapen lanak eta Philip Rubnerrek sortu du eszenografia. Eta, horrez gainera, Iñaki Belasko ere arituko da piano jotzaile emanaldian. Eta, hortaz, guztira, artista talde handi batek jantzita igoko da egunotan euskara operaren oholtzara.
«Leku oso misteriotsua da Saturraran. Garai batean bainuetxe bat izan zen, eta gero izan zen gerra denboran kartzela, eta asko dira bertan pilatzen diren istorioak»JUAN CARLOS PEREZKonpositorea
Itoitz taldearen ibilbidea amaitu ostean, Juan Carlos Perez urteak eman ditu musika konposatzen, baina Saturraran izango du lehen opera. Azaldu duenez, ordea, denbora zeraman ideia horri bueltaka. «Beharra nuen», azaldu du, «aurrez ere banindoalako norabide hori hartzen». 2015ean estreinatu zuen Deitzen dizut Virgilio izeneko ordu erdi inguruko oratorioa, eta harekin sortu zitzaion harra. Bernardo Atxagaren poema bat izan zuen oinarri ordukoan, eta orkestra eta koruak baliatu zituen konposiziorako. «Orduan hasi nintzen opera bat idatziko nuela pentsatzen».
Kokapenetik hasitako istorioa
2017ko urtarrilean hasi zen lanean, eta berehala jo zuen Uriberengana. Opera bat sortzeko eskaria egin zion, bai eta opera hori Saturraranen kokatzekoa ere. Perezek dioenez, hori izan baitzen hasieratik argi izan zuen gauzetako bat. Kokalekua. Eta, ondorioz, baita titulua ere.
«Leku fantasma bat ematen du», deskribatu du Perezek. «Leku oso misteriotsua da guretzako. Gu txikitan han ibiltzen ginen, arratsalde-pasa, eta marea behean dagoenean, haitzetatik joan daiteke, Mutrikutik Saturraraneraino, eta han egoten ginen jolasean. Garai batean bainuetxe bat izan zen, eta gero izan zen kartzela, gerra denboran, eta asko dira bertan pilatzen diren istorioak». Kokalekua zehazte hutsa nahikoa izan zen, horregatik, kontakizuna martxan jartzeko.
2020an eman zuen bukatutzat konposizio lana Perezek, eta musikari bakoitzarentzako partiturak idazten eta proiektua garatzen aritu da geroztik. Musikalki lan «oso aberatsa» dela uste du Perezek. «Gauza asko pasatzen dira, eta, horregatik, lehen entzunaldian jendea ez da gauza horietako askorekin gelditzen».
Itotako bi maitale
«Poza» adierazi du Uribek. «Idazlearen lana beti da bakartia, eta poz handia da gero ikusi ahal izatea Juan Carlosek Azkoitian eta nik New Yorken bakarrik egindako lan hori horrelako lantalde batek gauzatzen duela». Poz pertsonalaz harago, euskararentzako poza ere aipatu du idazleak. «Txikitandik, igual aita arrantzalea zelako, eta nik ere izan dudalako itsas-gizon arima hori ere, baina euskararekin, beti izan dut buruan ahalik eta urrunen eraman nahi nuela euskara: euskarari territorioak, lurraldeak irabazi, eta bihotzak ere bai».
Uriberen hitzetan ere «oso misteriotsua» da Saturrarango ingurua, eta haren bi aurpegiak izan ditu gogoan. Haren hitzetan, «oso ederra» delako udan, «hondartza ia birjina bat». Eta, aldiz, neguan, «oso iluna» delako. «Bizitza hori da: argia eta iluna. Argiaren eta ilunaren artean bizi gara beti gure bizitzan, eta ideia horrekin, gogoan hartu nuen txikitan amak kontatu zidan ipuin bat, Ondarroa eta Mutriku aldeko etxe guztietan kontatzen zena».
«Nik libretoan kontatzen dudana benetan gertatu da, ez dut ezer asmatu. Ane eta Luna benetan existitu ziren bi neska izan ziren, eta biak daude hilda. Belaunaldi horri egindako omenaldi bat da»KIRMEN URIBE Idazlea
Elezahar horrek dio Saturraran hondartzako bi haitz handiak bi maitale direla —Satur eta Aran izenekoak—. Gizarteak ez zien elkar maitatzen uzten, eta uretan ito ziren, baina itsasotik bi haitz handi sortu ziren gero, haien oroimenez. Eta elezahar horri egiten dio keinu Uribek asmatutako kontakizunak ere, azaldu duenez, elkarrekin maiteminduta egon arren, elkar maitatu ezin duten bi emakumeren kontakizuna baita Saturraran.
1980ko hamarkadan kokatu du kontakizuna, eta Ane eta Luna dira protagonista nagusiak. Alturako arrantzale baten alaba da lehena, eta furgoneta batean heldutako andaluziarra bestea. Heroinaren zurrunbiloak harrapatuko ditu, eta, herritarren gaitzespenari ihes egiteko, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartuko dute babesa.
Idazleak azaldu duenez, ordea, ez du ia ezer asmatu beharrik izan. «Nik kontatzen dudana libretoan, eta askotan egiten dut hori, benetan gertatu da. Nik ez dut ezer asmatu. Ane eta Luna benetan existitu ziren bi neska izan ziren, eta biak daude hilda. Belaunaldi horri egindako omenaldi bat da. Heroinarekin edo gero hiesarekin hil ziren haietako asko, eta askatasuna bilatzen zuen belaunaldi bat ere izan zelako».
Piezaz pieza
Duela 7 urte hasi zen libretoa idazten, Iowan (AEB) egindako egonaldi batean. «Baina ona da hori, nire ustez. Lanik onenek denbora behar izaten dute. Maiz, eskaintzen zaion denbora izaten baita maisulan baten eta lan gutxi gorabehera konbentzional baten arteko aldea».
Jon Malaxetxebarria musika zuzendariaren hitzetan, «plazer hutsa» izan da halako lantaldearekin lan egin ahal izatea, eta bereziki laudatu du Uribek testuan egindako lana. «Kirmenen libretoak izugarrizko indarra du. Istorioa oso potentea da, eta Juan Carlosen musika kolorista, eta, era batean, gordinak ematen dio bizitza. Opera izugarri bat izango da eszenatokian». Lanak «inpaktu handia» eragiten duela uste du Malaxetxebarriak, eta publikoa ez dela epel geratuko gehitu du.
«Kirmenen libretoak izugarrizko indarra du. Istorioa oso potentea da, eta Juan Carlosen musika kolorista, eta, era batean, gordinak ematen dio bizitza. Opera izugarri bat izango da eszenatokian»JON MALAXETXEBARRIAMusika zuzendaria
Lucia Astigarraga eszena zuzendariak proiektuaren berri izan zuenetik beretik ikusi zuen kasu hori «berezia» izango zela. «Ez zegoen ez bideorik ez audiorik, libreto bat eta partitura bat bakarrik genituen. Horrek esan nahi du duela hilabete ingurura arte irudimenean baino ezin nuela hau dena ikusi».
Astigarragak azaldu duenez, proiektua eskuetara heldu zitzaionetik hona, hamaika bisita egin ditu Saturrarango hondartzara. Hara joan da eszenografoekin, jantzigileekin eta beste hamaika lankiderekin, eta hala joan da «pixkanaka» lanari «usaina» hartuz. «Eta hala joan naiz Kirmenen hitzentzako eta Juan Carlosen musikarentzako unibertsoa sortzen, oraindik ere entzun ezin nituen arren». Benetako istorio batean oinarrituta egonik, Uribek kontatutako istorioari fidel izan beharraren eta «munduko edozein txokotako edozein ikusle» hunkitzeko nahiaren artean aritu dela ere esan du.
«Ez zegoen ez bideori ez audiorik, libreto bat eta partitura bat bakarrik genituen. Horrek esan nahi du duela hilabete ingurura arte irudimenean baino ezin nuela hau dena ikusi»
LUCIA ASTIGARRAGAEszena zuzendaria
Guridiren Amaya operaren eta Perezek eta Uribek sortutako Saturraran operaren artean sortutako beste euskarazko opera bat ere hartu du gogoan Enrique Azurza Bilboko Koral Elkarteko koruaren zuzendariak. Hain justu, 1987an estreinatu zen Francisco Escuderoren Gernika da Azurzak aipatutako obra. Bilboko Koral Elkartearen enkarguz sortu zuen lana Escuderok, eta Karmelo Iturriak eta Augustin Zubikaraik idatzi zuten testua euskaraz, baina kontzertu formatuan edo zatika baino ez dute taularatu geroztik. Eta, beraz, ez du zertan Malaxetxebarriak emandako mende beteko etenari buruzko datua ukatu.
Andrea Jimenez sopranoak azaldu duenez, lan berria izanik, «zatika» aritu behar izan dute lanean orain arte, eta duela egun batzuk izan dute, azkenik, obra osotasunean entzun eta ulertzeko aukera, orkestraren musikak lagunduta. «Deskubrimendu bat izaten ari da hau».
Zalantzarik gabeko baiezkoak
Nahikari Aretxederra Bilboko Arriaga antzokiko zuzendari artistikoaren laguntzaileak gogoratu duenez, «lehenengoan» eman zuten baiezkoa gaur egun opera osatzen duten partaide guztiek. «Ausartentzako abentura bat da hau, baina baietz esan zuten». Eta bereziki eskertu du Saturraran operan hasi baino lehen euskararik hitz egiten ez zuten abeslarien lana. «Erakutsi dute opera edozein hizkuntzatan abestu daitekeela, alemanez, frantsesez, georgieraz zein euskaraz. Bihotzaren lengoaia da musika, eta guk gure hizkuntza bihotzetik gertu dugu». Operaren izaera «onirikoa» ere laudatu du, azkenik. «Beti presente dagoen baina inoiz ikusten ez den itsaso batekin».
«Abeslariek erakutsi dute opera edozein hizkuntzatan abestu daitekeela, alemanez, frantsesez, georgieraz zein euskaraz. Bihotzaren lengoaia da musika, eta guk gure hizkuntza bihotzetik gertu dugu»NAHIKARI ARETXEDERRABilboko Arriaga antzokiko zuzendari artistikoaren laguntzailea
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatua ere izan da operaren aurkezpenean, eta, haren hitzetan, «mugarria» izango dira hala opera bera nola euskarazko libretoa ere. «Lorpen bikain bat da, euskara sormen liriko garaikidearen erdigunean jartzen duena». Aldundiak euskarazko opera berreskuratu eta sustatzeko duen konpromisoa ere erakusten du proiektuak, haren hitzetan, eta «zero kilometroko» lan bat dela ere nabarmendu du. «Sorkuntza propioa, hemen errotutako istorioa daukana eta bertako talentuek diseinatua».
Proiektuak «emozio berezia» sortzen diela esan du Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza saileko zinegotzi ordezkariak. Euskaraz delako, batez ere. «Opera berri baten erabateko estreinaldia bada ospakizunerako nahikoa motibo, baina are gehiago euskarazko opera baten erabateko estreinaldi baten kasuan. Saturraran gertakari esanguratsua da, gure kulturarentzako mugarri bat. Euskara sorkuntza liriko garaikidearen erdigunean jartzen du». Euskarak ez duela mugarik erakusten du proiektuak, Olabarriaren hitzetan, eta, horrez gainera, proiektuan parte hartzen duten sortzaileen zerrendaren maila ere nabarmendu du. «Luxuzko lantalde bat da, Euskadin dagoen talentuaren erakusgarri».