Satorrak ere atera ditu

Jabier Muguruza 'Bikote bat' bere ibilbideko 11. diskoa grabatzen ari da egunotan Katarain estudioetan, lan biluzi eta soilaMikel Azpirozen pianoa, bere eskusoinua eta ahotsa ditu osagai; urrian plazaratuko da

gorka erostarbe leunda
Azkarate
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Buruarekin ezetz egiten du Jabier Muguruzak, ukazio keinua. Kontrol mahaiaren eta monitorearen parean dago. Angel Katarain soinu teknikaria du alboan. Ezezko keinua, ez duelako erabat gustuko Bikote bat kantuaren grabaketa nola geratu den. «Aurreko kantuarekin lortu duguna ez dut lortu honetan. Hau da, testuko hitz bakoitzari, banan-banan, nik eman nahi diodana ematea. Interpretatiboki ari naiz, ez horrenbeste teknikoki. Hau, berriz, korrektoa da, baina ez da hori nik bilatzen dudana».

Pizgarri izan behar du, batetik. Oztopo ere bai, bestetik. Malloapeko bailararen edertasunak uda giroko arrats batean, alegia. Azkarate herri txiki landakoan du aterpe Katarain grabaketa estudioak (Araitz, Nafarroa). Ingurunearen edertasunak sortzailea inspira dezake, baina itsutu ere bai, eta kontenplaziora bultzatu. Eta kontenplaziotik nagikeriara. Nagi ez, lanean buru-belarri ari da Jabier Muguruza (Irun, 1960). Inguruetan bizi den satorra ere konturatu da estudioan bisitaria dela. Makina bat zulo egin ditu. Itsua bai, baina ez baita gorra, eta musikariak sorturiko doinuak entzun nahi ditu nonbait, nahiz eta izan isiltasunetik ere asko duen musika izan. Edo horrexegatik agian.

Erabat gustatu ez zaion kantu hori disko berriari izenburua emango diona da, Harkaitz Canori eskaturiko testu batetik sorturikoa. Canoren Literatura eta Zinema liburua asko gustatu zitzaion kantugileari, oro har. Baina, bereziki, liburuan ageri den irudi bat gustatu zitzaion. «Liburuan esaten du, zineman, gizonezkoak pentsakor ageri direnean, Rodinen Pentsalaria-ren keinuarekin ageri direla, eta emakumezkoak, berriz, leihotik begira. Erdi brometan hasi, eta kantu bateko hitzak idatzi zituen».

Orain arte grabatutakotik gustatu zaion kantua, berriz, Gosari jendetsua izenekoa da, Gerardo Markuletaren hitzak dituena. «Kantu bakoitzak bere denbora behar du. Bikote bat kantuarekin hasi berriak gara. Oraindik falta zaio zerbait. Lanketa behar du, edo pixka bat gehiago arriskatzea une batzuetan, ez dakit...».

Bere ahotsaren interpretazioari garrantzi handia ematen dio Muguruzak. Are gehiago lan berrian. Biluztasuna ohiko ezaugarria da bere lanetan. Are nabariagoa izango da biluztasuna oraingoan. Elementu soilez egindako diskoa izango da. Mikel Azpirozek jotako pianoak eraikiko du hezurdura nagusia. Haren gainean, Muguruzaren eskusoinua eta ahotsa, eta ohiko denez, Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere bai, kontraste ederren aiduru: «Beraz, hain elementu gutxirekin, interpretazioa ez badago ondo, gaizki goaz...».

Taxirik ez (Resistencia, 2009) aurreko diskoarekin jasotako laudoriozko oihartzun orokorrak animoa ematen dio. «Hankak lurrean dauzkagu, eta jada adin honetan ez daukagu arriskurik ez dakit nor garela sinesteko».Nor den ondo daki Muguruzak, ezagutzen ditu bere bertute eta gabeziak honezkero, eta horiei etekina ateratzen saiatzen da. Sentiberatasuna eta intimitatea ezinbestean loturik doaz bere musika sorkuntzara. «Hortik ezin dut ihes egin nik, eta igual beharrik ere ez. Norberak ezagutu behar ditu bere ezaugarriak, bere mugak. Ahotsa bera... Ahots honekin ezin dut heavya abestu. Horrek ere markatzen du, ez soilik norberaren gustuek».

Disko biluzietan biluzia izateko bere nortasun eta ezaugarrien arrazoia dago, batetik. Baina badago besterik ere. Ditxosozko krisiak planteamendu minimalistago bat hautatzera bultzatu duela aitortzen du Muguruzak. «Nire aukera izan da luxuzko estudioa eta pianoa erabiltzea baina oso musikari gutxirekin lan egitea. Aurreko lana desberdina izan zen alde horretatik, eta gustura geratu nintzen harekin. Oraingoan kantuen izaerak ere eraman nau are erregistro intimistagora».

Intimismoak, barne giroak gertuko ahaide du isiltasuna. Isilune pausatu baten ostean erantzun du Muguruzak isiltasuna zer den beretzat: «Ez naiz hau esaten duen aurrena, jakina. Isiltasuna oso garrantzitsua da musikan. Eta bizitzan. Galtzen ari garen zerbait. Disko honetan isiltasuna oso garrantzitsua izango da. Pianoaren eta ahotsaren arteko tarteetan dagoen isiltasuna niretzat magikoa da. Beste batzuek esango dute aspergarria dela. Esango dut: oso disko exijentea eta erradikala izango da. Joera nagusia gaur egun da zarata, abiadura... Horrekin alderatuz, aizkorakada da hau». Bai Bikote bat-ek, bai Gosari jendetsuak-ek pianoaren eta ahotsaren arteko elkarrizketa dute helduleku, klasizismotik edaten duen jazz ia-errezitatuarentankeran emana.

Lan bat aurreratua ekarri du Muguruzak Azkaratera. Mikel Azpirozek jotako piano oinarriak grabaturik ekarri dituzte. Tarragonako El Vendrell herriko auditoriumean grabatu zituzten. «Steinway piano zoragarri bat lortu genuen han, eta auditoriumaren akustika ere izugarria zen. Horregatik grabatu genuen han. Trukean kontzertu bat eman beharko dugu».

Bere hitzik ez oraingoan

Piano oinarriei eta hitzei bere ahotsa ahalik eta zehaztasun handienez egokitzen ari da orain. Gero etorriko da eskusoinua eta Otzerinjauregiren ahotsa sartzeko tartea. Hitzak ez ditu berak idatzi, baina bere eginak ditu, berak eskatuak baitira, ohiko duenez adiskide dituen idazleei. Cano eta Markuletarenez gain, Bernardo Atxagak (Paradisurako jaioak), Lurdes Oñederrak (Gauez iristea), Ricardo Arregi Diaz de Herediak (Estralurtarrak), Iñaki Irazuk (Arima lapurra eta Lausoa kristalean) eta Jose Luis Padronek ere (Euria ari badu) idatzi dizkiote kantuak. Gainera, Javier Rodriguez Marcos poeta espainiarrak idatzitako Cansancio izeneko kantua eta beste bi instrumental —Azpirozek eta berak sortuak— bilduko ditu lan berriak.

Beste zenbaitetan bezala, Resistencia Madrilgo diskoetxearekin kaleratuko du diskoa. Urri ingururako prest egotea espero du. Diskoa ondo mugitzeaz bat, zuzenekoak ere ondo mugitu nahi lituzke. «Garai txarrak dira musikarientzat, bai, baina borondatea eta gogoa beharrezkoak dira aurrera egiteko, eta Mikelek [Azpiroz] eta biok asmoa dugu, garai bateko musikarien gisan, batera eta bestera mugitzeko, diskoa aurkezteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.