Sasiolako orena, Rikardo Arregirena

50 urte dira gaur alfabetatze-euskalduntze kanpainaren eragile eta ikur nagusia, Rikardo Arregi, Mendaron hil zenetik trafiko istripuan.

Rikardo Arregiren hilarria. Andoaingo hilerrian dago ehortzia Rikardo Arregiren gorpua. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Andoain
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun

Eta Sasiolako bide-ertzean
nire anaiaren zapata odoleztatuak
ikusi nituenean,
zapata haiek nireak izan zitezela
eta odol hura
nirea izan zedila
guratzearen indarrez
kezko bola batek itotzen zizkidan
biriak.

Filmek soinu-banda ohi dute, eta berdin izan lezake soinu-banda testu honek. Kasu honetan, Gabriel Arestiren ahotsa dugu, 1969ko uztailean, Andoainen, Tourseko San Martin elizan poetak berak irakurritako poema, Rikardo Arregiren heriotzagatik negarrez. Audioa: Naiz.eus-etik ekarria (entzuteko egin klik leihotxoan).



Aurtengo uztaren hamarrean / Bilbaoko zerua mitxeletaz estaldurik / agertu zen du hasiera, arrazoi eta zio, Rikardo Arregik eta Ramon Saizarbitoriak 1969ko uztailaren 10ean Mendaron, Sasiolako bide bihurrian izan zuten trafiko-istripua.

Lur taldeko kide ziren biak, apaizen esku esklusiboetatik kendu nahi zutenak kultura, taldeko kide Enrike Villarrek Anjel Zelaietari adierazi zionez. Urnietako ostatu batean, sagardoa edanez, bildu ziren 1969ko egun batean Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Gabriel Aresti, Victor Suinaga eta Enrike Villar bera. «Eta lehen urrats zehatza egitea erabaki genuen, eta Jose Luis Alvarez Enparantzaren Elsa Scheelen-en edizio osoa erosi genion Gabriel Arestiri, bigarren eskuko Seat 850 baten truke, Victor Suinagarena. Eta, hain zuzen, autoa Gabrieli eramatera zihoazela izan zuten Ramonek eta Rikardok istripua, eta hil zen Rikardo». Eguerdia baino lehen behar zuen, Bilbon ekitaldia baitzuen arratsaldean Euskaltzaindiak, Julio de Urkixoren omenez.

Suzko bala batek lehertu zizkidan begiak

Rikardo Arregi hila, bizirik Ramon Saizarbitoria. Kontatua digu inoiz istripua: «Gure aurrean, [Citroën] bi zaldiko bat zihoan, furgoneta bat, oso kargatuta. Gizonezkoa zen txofer eta neskaz beteta zeraman autoa, oso mantso. Aurreratzen hasi nintzenean, gure atzetik, beste auto bat ere furgoneta aurreratzen hasi zen». Atzekoak Ramon Saizarbitoriak gidatzen zuen autoa jo eta bazterrera bota zuen. «Konbentzituta nago atzetik jo gintuztela. Rikardoren aldeko atea ireki zen, erori eta hil zen Rikardo. Ni, bolantearen gainetik irten nintzen hegan, aurreko leihoa hautsita». Ospitalera Ramon Saizarbitoria, Mutrikura Rikardo Arregi, hila ordurako. Sasiolako orena / Rikardo Arregirena / Milaka geunden hartzeko baina / hartu duzu hoberena. / Eta Mutrikuko hilerrian / nire anaiaren katabutaren gainean / nire esku zikinak / jarri nituenean, / ni barrenean / eta hura kanpoan / egon gintezen / guratzearen indarrez, / suzko bala batek lehertu zizkidan / begiak. Gabriel Arestiren auhenaren sentimendua beti, Andoaingo elizan irakurri zuen poema lazgarria.

Rikardo Arregik eta Ramon Saizarbitoriak Euzko Gaztedi tarteko ezagutu zuten elkar, klandestinitate garaian Donostian EAJren erresistentziaren gidarietako Gerardo Bujandaren eskutik. Batak bestea ezagutu zutenerako, Zeruko Argia-n ari zen Rikardo Arregi.

1963an hasi zen Rikardo Arregi Zeruko Argia-n idazten, eta han ez ezik, baita Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan ere. Eta hantxe ezagutu zuen Joan Mari Torrealdaik, Arregi hil ondoko Rikardo Arregi liburuan idatzi zuenez: «Rikardo hurbildik ezagutzeko zoria izan dut. Bere bizitzako hiru urte aberatsenetan elkarren ondoan izan gara, Jakin taldean batik bat. (...) Aldizkari batek beti du ezkutuan egiten den lan isila, askotan inportanteena. Horretan, Rikardoren lanaren lekuko izan naiz. Aitortzen dut, eta pozik!, lan handia egin zuela». Hori esatearekin batera, pentsalari izaera ere aitortu zion Torrealdaik. Berpentsatzaile hitza baliatu zuen orduko hartan Torrealdaik. «Berpentsatzaile zen bai politikan, bai euskal arazoan, bai erlijioan. Errotik euskalduna zen, eta errotik gaurkoa (...) Asmo honi heldu zion, alegia, euskaltzaletasuna eta gaurkotasuna ezkontzeari» dio Torrealdaik aipatu lanean.

Hil da Rikardo gurea, euskararen errube'a

Saizarbitoriak esana du orain baino lehen ere: «Rikardok [Arregi] lider sena zuen. Behin, iluntze batean Andoainen, esan zidan: 'Ni diputatu izango naiz, Gipuzkoatik, Madrileko Gorteetan'. Nik, berriz, diputatu izatea zer zen ere ez nekien! Garai hartan nik balioesten ez nituen bertuteak zeuzkan Rikardok. Tolerantea zen, adibidez, eta, guretzat, denbora hartan, tolerantzia ez zen balio bat. Tolerante izateak biguna izatea esan nahi zuen gure artean. Gure ustez, erradikala izan behar zen!». Intolerantzia garai beti-betikoan, ireki jokatu ohi zuen Rikardo Arregik, batzuekin eta besteekin jardunez. Saizarbitoriaren hitzak ditugu: «Ez zuen inorekin hitz egiteko eragozpenik. Hainbat jenderekin zituen loturak, Gaur taldeko kideekin, esaterako [Espainiako Alderdi Komunistaren hurrekoak, inondik ere], baina, nik orduan ulertzen ez banuen ere, oso modu diskretuan. Rikardok neurriak hartzen zituen, ez zezaten ikusi». 1964an Martuteneko kartzelan lau hilabetean preso egona zen Rikardo Arregi, EGIko kide zela akusaturik.

Politika ez ezik, euskaldunon alfabetatze eta euskalduntzea begiz joak zituen Rikardo Arregik. Eragile handia izan zen. 1966ko urtarrilean ekin zion bideari, mugimenduaren hasierari buruz Torrealdairi erantzunez adierazi zuenez: «Jarrai-koek presentatu zuten proiektua. Euskaltzaindian nik presentatu nuen, bostek izenpetua. Aurreneko komisio horretan asko ziren. Baina inork ez zuen kolperik jotzen. Eta ni, handik gutxira, soldadutzara joan nintzen». Urte berean joan baitzen soldadu, 1966an, eta hogeita hiru hilabete egin zituen espainiar armadan.

Handik itzuli eta alfabetatze kanpainari ekin zion berriro. Ramon Saizarbitoria da lekuko: «Kontzientzia txarra neukan, Rikardo alfabetatze kanpainako lan hartan abandonatuta neukalako. Bestalde, Gabriel Aresti Kriseilun argitaratzen hasita zegoen, baina liburuak ezin salduta zebilela uste dut. Tratu moduko bat egin genuen, esanez Lur-ek liburu haiek hartuko zizkiola, eta, trukean, Victor Suinagaren autoa, Seat 850 bat, emango geniola. Eta halaxe gindoazen, Euskaltzaindiaren bilera batera, Bilbora. Niri ez zitzaidan bilera hura interesatzen, baina Rikardo joatekoa zenez, eta Arestiri autoa eman behar genionez, bada, joan nintzen. Rikardo Andoainen hartu, atzera Donostiara etorri eta abiatu ginen...» Eta, orduan, eta, orain, 50 urte eta gero, «eragina eta etena», Jon Unanuek behin halako idatzi zuenez. «Gaur egungo belaunaldi gazteak ez dira jabetzen duela hogei-hogeita hamar urteko belaunaldien bizi-asekizun eta gorabeherez, eta ez dirudi iraganeko erreferentzien behar handirik dutenik ere bere egungo mota orotariko kezken hausnarbidean...».

Sasiolako orena
Rikardo Arregirena
Milaka geunden hartzeko baina
hartu duzu hoberena. (…)

Hil da Rikardo gurea
Euskeraren errube'a:
Gure anaia hil zaigu baina
bizirik nago sugea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.