«Kontatuko ditugun historiak ezagunak dira, baina komeni da tarteka horiek ere geure buruari kontatzea». 1936an Eusko Gudarosteko sortzaile izandako Kandido Saseta eta Telesforo Monzon lehen Eusko Jaurlaritzako Herri Zaintza sailburu eta idazlea omentzeko diziplinarteko ikuskizuna sortu dute Olaso Dorrea Fundazioak eta Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, eta bi figura historiko horien gaurkotasuna defendatu du Irati Jimenez idazleak. Bera da Saseta, Monzon eta Gudarien eginak izeneko emanaldiaren zuzendari artistikoa, eta bera izango da emanaldiko gidaria ere, baina, hura ez ezik, Kemen dantza taldea, txalapartariak, Josu Txapartegik gidatutako abesbatza eta Estitxu Pinatxo abeslaria ere bilduko ditu oholtzan ikuskizunak. Gaur estreinatuko dute Hondarribian (Gipuzkoa), 11:30ean. Eta, ondoren, Bergaran ere (Gipuzkoa) emango dute, hilaren 27an.
«Iraganera begiratuko dugu, eta apur bat gora ere bai, izpirituak apur bat zabaltzeko», azaldu du Jimenezek. «Gauza tristeak kontatuko ditugu: galdu behar ez zen gerra bat kontatuko dugu, eta haren ostean heldu zen 40 urteko gau luze bat, eta Monzonek ere nola erbesteratu behar izan zuen. Baina egin beharreko borroka bat egin zuten, eta historia oso boteretsuak ere badaude hor kontatzeko. Irlandar kantuak bezala, erdi tristeak eta erdi pozgarriak direnak».
Bi urteurrenek eman diete lanean hasteko aitzakia. 85 urte bete dira aurten Saseta hil zutenetik, eta 75 Telesforo Monzonek Gudarien eginak liburua argitaratu zuenetik, eta bi data horiek izan dira emanaldiaren abiapuntua. Hasieran, omenaldi xume bat egitea izan zen ideia, baina handituz joan da.
Saseta eta Monzon ez dituzte apeta hutsez batu. «Historiak ematen digu Saseta eta Monzonen arteko lotura egiteko oinarria», azaldu du Jimenezek. «37an hil zen Saseta, gudari batailoi baten buru zela, eta handik hamar urtera eman zuen argitara Monzonek erbestean idatzitako Gudarien eginak liburua, Sasetaren moduko gizonei omenaldia egiteko».
Eta liburu hori izango da emanaldiaren muina.
Monzonen zubi lana
Euskal literaturaren historian Monzonek egindako zubi lana nabarmendu du Jimenezek. «Nazio liriko bat gara, eta ez da gure poeta bikainenetako bat, baina zubi lan garrantzitsua egiten du. Lauaxeta Lizardi buru zituen belaunaldi hori sortu zen gerra aurrean, eta gero etorri zen desertu bat. Eta hor agertzen da Monzon. Hari zor diogu, esaterako, Urrundik liburua, Mexikon argitaratu zena, eta gerraosteko euskarazko lehen liburua izan zena, eta, gero, urte batzuetara etorri zen Gudarien eginak».
Kantatzeko idatzitako poemak dira denak, eta halaxe emango dituzte emanaldian ere.
Pisuzko izena da Sasetarena 36ko gerrari buruzko kontakizunetan. Abertzale sutsua izanik, bera izan zen Eusko Jaurlaritzaren alde aritu ziren ikasketadun militar bakarretako bat.
Monzonek eredugarritzat zeukan Saseta, eta horregatik eskaini zion Saseta'ren ekiñaldiak izeneko poema Gudarien egiñak bilduman.
Eta, gerora ere, haren izena aipatu zuen Poliziak tiroz hildako Eustakio Mendizabal Benito Txikia ETAko kideari eskainitako Txikia abesti ezagunean ere, lehen estrofan bertan,frankismoaren aurka ari ziren ekintzaile haien arbasotzat aurkeztu. «Txikia zuen guda-izena/ bera gizon osoa izan arren,/ Mendizabal, Sasetaren hurrena,/ biak txiki, bizkor eta lerden».
Eta kanta hori ere abestuko dute gaur.
Solemnea izango da emanaldiaren giroa, eta «suspergarria» ere izango dela espero du Jimenezek. «Arimak apurtxo bat zabalago ateratzea da nire asmoa».
Saseta eta Monzon kantatzea
Kandido Saseta gudaria eta Telesforo Monzon idazlea gogoratuko dituen ikuskizun bat estreinatuko dute gaur Hondarribian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu