Sarrionandiaren mundu bira

Joseba Sarrionandiak eta Aresek 'Munduari bira eman zion ontzia' liburuaren gaztelaniazko itzulpena aurkeztu dute Habanan. Bernardo Atxaga izan dute lagun.

Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Aristides Hernandez Ares, herenegun Habanan egindako aurkezpenean. MARKEL ONAINDIA.
Habana
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Portu biren artean joan-etorrian dabilen itsasontziaren antzera, Joseba Sarrionandia Habanara bueltatu da, Aristides Hernandez Ares ilustratzaile kubatarrarekin batera Una vuelta al mundoliburua aurkeztera (Pamiela). Vedadoko Alma Mater liburu dendan, ikusmina nabaria da ekitaldia hasi aurretik; entzuleek goraino bete dute aretoa. Idazlearen senideak, lagunak, argazkilariak, unibertsitateko ikasleak, literaturazaleak eta erakundeetako ordezkariak bildu dira bertan. Zitak badu aire espezial bat, Sarrionandiaren lehen aurkezpena baita Kuban. Elkar agurtu eta jarlekuak bete bitartean, Laboaren Txoria txori eta Martxa baten lehen notak entzun ahal izan dira, besteak beste, Endika Blancoren soinu txikitik. Dena prest dagoelarik, jende artera begiratzean, aurpegian irribarre bat atera zaio idazleari.

Borja Arbelaitz Habanako Unibertsitateko euskara irakurleak josi ditu ekitaldiaren hariak, eta Bernardo Atxagak ere parte hartu du gonbidatu legez —biharamunean errezitala eskainiko du Casa de las Amaricas kulturgunean, Diego Abreu musikariaren laguntzaz—. Kartografiarekin analogia eginez, esplikatu du Sarrionandia eta bera maparen puntu beretik datozela, baina ez jaiotzez bakarrik, baita literaturaren irteera beretik ere, Pott bandatik. Bestalde, oraintxe hogei urte bete dira Obabakoak liburuaren Kubako edizioa argitaratu zutenetik, eta anekdota baten berri eman du Atxagak. Kontua da gaztelaniarako itzulpena eta hitzaurrea Francisco Maiztegui izeneko batek idatzi zituela, baina Gizona bere bakardadean-en egileak ez zuen inondik ezagutzen. «Gerora enteratu nintzen hura Sarrionandia zela, kamuflajeko izenarekin». Izan ere, Maiztegui, Cecilia Arrozarena eta beste hainbat izenorde erabili zituen Iurretako (Bizkaia) idazleak Kuban iheslari egon zen bitartean. Habanako gaukarietan kontatu zuen bizitza erreal hartan, Martin zen bera, eta oraindik ere horrela deitzen diote hemen.

Azken liburu hori euskaraz kaleratu zuen lehenik, Munduari bira eman zion ontzia izenburuarekin (Pamiela), eta gaztelaniaz, galegoz eta katalanez atera dituzte ondoren. Kubatarrei azaldu die ontzia hitzak esanahi bi dituela, eta gaztelaniaz zehazki itzuli ezin izan duen arren hor dagoela liburuaren abiapuntua. Kontatu duenez, Elkanoren mundu birari buruz idaztea eskatu ziotenean, lanari ekin eta bidean ez zuen itsasargirik ikusten. Zirriborro bat bota egin zuen. «Badakizue, zakarrontzia da idazlearen erremintarik onena». Komentario horrek ikus-entzuleen barrea eragin du. Euskal Herrira itzuli zenean, amak txikitako aldizkari batzuk eman zizkion, eta haietako batean Agatha Christieren elkarrizketa bat zetorren. Sarrionandiak azaldu duenez, Christiek zioen ontziak garbitzen zituen bitartean okurritzen zitzaizkiola hilketen istorioak, mendeku modura edo. Eta jende artetik barreak atera dira berriro. «Egitura biolentoen eta gizartearen arteko dikotomia islatu nahi nuen. Humanitatearen historia ontziaren inguruan egin da, tresna erabiliena izan da, espazio domestikoetan andreen eskuetan egon dena», esplikatu du.

Liburua Aresen ilustrazio koloretsu eta kritikoek hornitu dute. Marrazkilari kubatarrak adierazi du «asko dibertitu» zela marrazten, eta ikasteko ere balio izan ziola. «Uste nuen Elkano eta Magallaesen lehen mundu biraz zerbait nekiela, baina konturatu naiz ezetz». Jarraian, entzule baten galderari erantzunez, azaldu du Sarrionandiak euskal kulturako liburu ugari oparitu zizkiola, eta hortik jaso duela ilustrazioei euskal kutsua emateko inspirazioa.

Hamasei ordezkari

Ekitaldia amaitzeko, hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariei liburuaren ale bana entregatu diete Aresek eta Pamielako editore Pello Elzaburuk. Guztira hamasei ordezkari izan dira; datu hori ere bada aurkezpenak hartu duen neurriaren erakusle. Esaterako, bertan izan dira Fernando Rojas Kubako Kultura ministrordea, Juan Rodriguez Cabrera Kubako Liburuaren Institutuko presidentea, Lesbia Vent Dumois Artisten eta Idazleen Elkarteko presidentea, Omar Valiño Biblioteka Nazionaleko zuzendaria, Norma Rodriguez Arte Plastikoen Kontseilu Nazionaleko presidentea eta Alejandro Sanchez Habanako Unibertsitateko Arte eta Letren Fakultateko dekanoa.

Sarrionandiak liburua aurkezten jardungo du egunotan Habanan, unibertsitatean eta La Casa de la Bombilla Verde tabernan. Gero, han eta hemen ibiliko da, portu batean zein bestean, edo agian Kalaportun. Hori bai, munduari beti bere lekutik begiratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.