Sarrionandiaren bira Elkanori

Idazleak Euskal Herriko historiari buruzko gogoeta sustatu nahi du irakurle gazteengan, lehen mundu bira abiapuntu hartuta. Ares marrazkilari kubatarrak sortu ditu irudiak, eta Pamielak atera du liburua

Aristides Hernandez Ares eta Joseba Sarrionandia, atzo, Donostian, Munduari bira eman zion ontzia liburua eskuan dutela. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
«Benetako historia bat nahi dut, amama!». «Mila gau eta bat gehiago liburukoa...». «Ez. Askotan kontatu dizkidazu halakoak!». Bilobak hala eskatuta, benetako historia bat kontatzen hasiko da amama, XVI. mendean munduari emandako lehenengo bira, Fernando Magallaesen eta Joan Sebastian Elkanoren espedizio ezaguna, eta bilobak egindako galderek harramazka egingo diote betiko kontakizunari, harik eta haren azpiko gaiak eta gaitzak azaleratuko dituen arte, «gogoeta dialogiko» bat sortuz. Joseba Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1958) gazteak izan ditu gogoan, hain justu, Munduari bira eman zion ontzia idaztean, eta haientzako moduko lan bat sortu du, Euskal Herriko historiari buruzko hausnarketak pizteko asmoz.

Atzo aurkeztu zuten liburua, Donostiako San Telmo museoan, ohi baino agerraldi jendetsuago batean. Pamiela argitaletxeak kaleratu du, eta Elkano fundazioak babestu; Eli Irazu editoreak eta Ion Irurzun fundazioaren zuzendariak hitz egin dute horien izenean. Gainera, aurkezpenean izan da Aristides Hernandez Ares marrazkilari kubatarra. 41 irudi egin ditu libururako.

Galegora, gaztelaniara eta katalanera itzuliko dute, Kalandrakarekin batera eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.

Irurzunen ustez, iraganari begiratzeak baditu bere arriskuak: «Gure begirada ez da garbia izaten, interesatua baizik; historiari begiratzen diogu arrazoia eman diezagun. Horregatik daude gertakizun bakarrari buruzko hamaika kontakizun. Alde horretatik, liburu hau aparta da».

Izan ere, Sarrionandiak «kontrabira bat» irudikatu du, Irazuk azaldu duenez: «Badakigu Elkanok eta beste marinelek irekitako bideak gerora zer ekarri duen: indarkeria, sufrimendua, herrien eta kulturen desagerpena... Liburuak, ordea, askatasunean eta elkartasunean oinarritutako kontrabira bat proposatzen du».

Sarrionandiak kontatu duenez, gauza batek harritu du Kubatik Euskal Herrira itzuli zenez geroztik: «Frankismoan, gazte ginela, 14 bat urterekin, Formacion del Espiritu Nacional izeneko asignatura bat genuen eskolan. Ez zitzaigun asko pegatu; adin horrekin errekuperatu genuen euskara. Orain, obserbatu dut gazteek, adin horretan, erdara errekuperatzen dutela ilusio itzelarekin». Haientzat idatzi du liburua, Euskal Herriaren historiari buruz euskaraz irakur dezaten.

Harritu duen arren, «normala» ere iruditu zaio hori, neurri batean: «Euskaldunok ez daukagu historiarik, ez daukagulako gaurrik, eta etorkizunik ere ez. Edo, agian, historiarik ez daukagulako ez daukagu gaurrik...». Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua (1968) ekarri du gogora, eta haren pasarte bat irakurri du: «Gure herriak ez dauka kondairarik./ Pobrea da. Ez dauka/ pirata koxkor pare bat/ langile sofritu batzuk,/ muga zentzugabe asko,/ mila zorigaizto/ besterik. Ez da gutxi./ Euri gortina batek ixten du/ gure kalendarioa./ Ez, ba, bilatu kondaira unibertsalen/ liburu handietan gure inperiorik».

Sarrionandiak ez du uste hori euskaldunen arazoa denik, ezpada munduko herritar gehienena. Horregatik, Munduari bira eman zion ontzia baliatu du askatasunari buruz gogoeta egiteko: bai euskaldunenaz, bai munduko jendearenaz. «Gaur egun, asko hitz egiten da globalizazioaz, baina hamaikagarren globalizazioa da: boterea lortu, konkistatu, botere harremanak ezarri. Horren adibidea da Elkanoren bidaia ere».

Mundu bira «humanitatearen historiaren metafora» baten gisa ikusten du idazleak: «390 irten ziren, eta 21 itzuli. 60-70 batek biziraun zuten. Hori ez da bidaia heroiko bat, hori naufragio bat da». Kapitalismoaren historiaz hitz egiteko ere erabili liteke irudi hori, haren ustez: «Modu epiko batean ikus liteke, baina antz gehiago du naufragio batekin. Eta alternatiba, sozialismoa, naufragio baten modukoa izan da». Metaforarekin jarraituta, noraezean dabilen «batel txar» baten gisa irudikatu du Euskal Herria.

Kontakizunen kontra

Sarrionandiaren hitzetan, horrelako libururik ezin zuen idatzi interpelaziorik gabe. «Errelato bat baino gehiago, errelatoen kontrako interpelazio bat da, eta baina-z beteta dago liburua. Antzinako predikadoreek esaten zuten baina hitz madarikatua dela». Uste du literaturaren helburua dela errealitatea eta hari buruzko kontakizunak zalantzan jartzea. «Zer gertatzen den informatzen diguten periodiko gehienak bankuen, arma fabrikanteen eta enpresa handien propietatea dira, desastre historiko horien kausanteena. Liburua errealismo kapitalistaren kontrako saiakera bat ere bada».

Ares marrazkilariak Sarrionandiaren liburuen azalak egin izan ditu, baina lehen aldia da era honetako lan bat egiten dutena. «Horrelakoetan, normalean, argitaletxeak liburua diseinatuta ematen dizu, ilustrazioak sartzeko tarteak zehaztuta. Hau erabat diferentea izan da: Josebarekin liburuaz hitz egin nuenean, idazten hasi gabea zen».

Liburuan lan egitea «historia eskola handi bat» izan da marrazkilariarentzat: «Konturatu naiz ez nekiela ezer lehen mundu birari buruz». Dokumentazio lan handia egin behar izan du, kontatu duenez, marrazkilari askok egin izan dituzten irudiek ez zutelako inolako oinarririk: «Magallaesen heriotza ilustratzeko informazio bila aritu nintzenean, irudiak absurdoak ziren; ematen du karibetarrek hil zutela».

Liburuak irakurketa bat baino gehiago izatea nahi zutenez, irudiek elkarrizketak ilustratzen dituzte zuzenean batzuetan, eta narrazioaz kanpoko gauzak erakusten dituzte besteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.