Sarrionandia oholtzara

Gaur estreinatuko dute Markina-Xemeinen Ander Lipusek zuzendutako 'Biba zorrien izurritea!' lana

Durangoko azokan antzezlanaren lagin bat aurkeztu zuen Abarka Antzerki Taldeak. ABARKA ANTZERKI TALDEA.
Inigo Astiz
2013ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ipuinean zalantzati mintzo zaio idazlea Anton Txekhovi; pilatu dituen ipuinak argitaratu edo ez argitaratu. «Zer egingo dut istorio eta apunte hauekin?», galdetzen dio; «argitaratu ala zaborretara bota?». Eta argia da Txekhoven erantzuna: «Zuk argitaratu. Egingo dizute mesede hori… Irakurleek botako dituzte zaborretara». Joseba Sarrionandia idazlearena da ipuin labur hori, Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako bilduman dator, eta ez dirudi irakurleek zaborretara bota dutenik. Kontrara. Zaborrontzirako bidetik erreskatatu, eta oholtzara eraman ditu Abarka Antzerki Taldeak haietariko batzuk, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Gaur estreinatuko dute Iurretakoaren testuetan oinarritutako Biba zorrien izurritea! lana Markina-Xemeingo pilotalekuan (Bizkaia). 22:00etan izango da emanaldia.

Aurrez ere landuak zituen Sarrionandiaren testuak Ander Lipusek, baina haurrentzako moldatu zituzten orduan. Artedrama taldearekin batera, ikastetxez ikastetxe ibili da aktore eta zuzendaria Iurretako idazlearen ipuinak antzerkira moldatzen. Oraingoa ezberdina dela dio. Haurrentzako lan bat duela oinarrian, bai, baina ezin dela esan haurrentzako bakarrik denik. «Gai konplexuak lantzen dituzte kontakizunek, eta ematen dute zer pentsatua», dio. Eta jartzen du adibide bat ere. Antzezlaneko parte den testuko esaldi bat: «Barea agian bukaeran heriotza dagoela badakielako doa hain bare».

60 bat ipuin dira, guztira, taularatuko dituztenak, eta «hiru mundutan» banatu ditu horretarako Lipusek. Haurren eta aitona-amonen arteko harremanari eskaini dio antzezlaneko lehen ipuin blokea, haurren eta gurasoen arteko harremanari bigarrena, eta haurren eta irakasleen artekoari azkena, eskolari. Atal horiek baliatuko dituzte Sarrionandiaren ipuinak jokatzeko, baina izango da ipuin liburuaz kanpoko elementurik ere. Andoni Egañak sortutako bertso bat ere tartekatuko dute, esaterako, eta musika pasarteak ere izango ditu emanaldiak.

Antzezlanak ez du narrazio lineal bat, Lipusek dioenez, eta horregatik erabaki du kontakizuna blokeka zatitzea. Aitona-amonekin hasi, eta eskolan amaitu. Festa moduko batekin bukatuko da saioa: irakasleak ume guztiek zorriak dituztela ikusi, eta eskolatik etxera bidaliko dituenean. Pozak hartuko ditu ume guztiak, eta orduan oihukatuko dute antzezlanari izenburua ematen dion esaldia: «Biba zorrien izurritea!».

2011n hasi ziren proiektua lantzen Lipus eta Abarkakoak, eta iaz estreinatu nahi zuten pieza. Mixel Etxekoparrekin maskarada bat prestatzeko aukera sortu zitzaien tartean, ordea, eta horrek atzeratu du lehen emanaldia. Durangoko Azokan izan zuten, halere, lanaren lagin bat aurkezteko aukera, eta oso pozik gelditu zen Lipus jasotako erantzunarekin. Publikoarekin lehen kontaktua eginda helduko dira, beraz, aktoreak agertokira.

Ahozkotasunarenbizitasuna

Orain sei urte sortu zen Abarka antzerki taldea, eta hasieratik izan du Lipusek harreman estua haiekin, bere ere herri berekoa izanik. Jon Gerediaga idazleak eta Lipusek sortutako Topa! Berakatz zopa! antzezlana eskaini zuten 2008an, adibidez, eta maiz aritu dira gerora ere elkarlanean.

Markina-Xemein eta inguruko herrietakoak dira gaur oholtza gainean izango diren hamabi aktoreak. Horregatik, haien hizkeran eman nahi izan du antzezlana Lipusek, baita Sarrionandiak batuan idatzi zituen arren ere. «Markinar euskara oso jasoan egiten da emanaldia. Eta jendeak asko eskertzen du euskararen erabilera hori. Badago zerbait oso organikoa eta bizia dena saioa gure euskaraz egiten dugunean. Ahozkotasun hori eskertzen da antzerkian ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.