Saria pasioari

Fikziozko lan indartsuek eta dokumental hunkigarriek jaso dituzte aurtengo Fiparen sari nagusiak

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Atzo iluntzeko sari banaketarekin amaitu zen aurtengo Fipa jaialdia. Lehiaketaz gainera, ikus-entzunezko profesionalen arteko bilkura garrantzitsua izan da, eta eztabaidarako eta salerosketarako gune aproposa bilakatu da Miarritze lau egunez. Guztira, 44 herrialdetako 102 lan lehiatu dira aurten, eta atzo, sari nagusiak ematearekin batera, aipamen berezi ugari egin dituzte epaimahaiko kideek. Pasioz eginiko eta pasioari buruzko lanek jaso zituzten sariak.

Hala, dokumentalen atalean lehiatu diren lanen artean sari nagusia SØren Fauliren eta Mikala Kroghen Min morfars morder-ek eraman du, baina lau dokumentalei buruzko aipamen berezia egin du epaimahaiak: Gerard Allonen Ha hagoura chel Naomi, Parviz Kimiaviren Pire mard va baghe sanghi ash, Pieter Fleuryren Noord Korea, een dag uit het leven eta Pierre-Yves Vandeweerden Closed district dokumentalek jaso dute aipamen berezia. Fiparen antolatzaileek jaialdiaren hasieran iragarri bezala, kalitateko lanak erakutsi dira dokumentalen atalean. Horietako bat, Gerard Allon zuzendari israeldarraren Ha hagoura chel Naomi, haur batek (dokumentalaren egilearen alabak)pairatzen duen gaixotasun larriari buruzko film gogor eta hunkigarria da. Munduko egoera larriak salatzea helburu duten lan ugari aurkeztu dira aurtengo Fipan. Horietako batek, Ricardo Ortegari buruzko erreportaiak, aipatu atal horretako sari nagusia lortu du. Kazetaria Haitin hil zutenekoa ekarriko dute gogora han.Fikziozko lanik onenaren sari nagusia, berriz, Mein vater, meine frau und meine geliebte (Nire aita, nire emaztea eta nire maitalea) lanari eman diote. Pasioak bultzatuta bide okerretik dabilen fisikari gazte baten gorabeherak ditu kontagai.Michael Kreihsl zuzendari alemaniarra gustura agertu zen bere lana Fipan eskaini ahal izan zuelako. Aipagarria da, bestalde, fikziozoko lanen atalean Zilarrezko Fipa irabazi duen Jusqu'au bout Frantziako filmean jarduten duen Bernard-Pierre Donnadieuk jaso duela gizonezko aktore onenaren saria. Telesailen atalean ere sari nagusia irabazi du Gunpowder, treason and plot pelikulak, etasari bat baino gehiago jaso ditu. Hain zuzen, gizonezko eta emakumezko aktore onenen sariak lortu dituzte Kevin McKidd eta Clemence Poesy aktoreek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.