Sari nagusia etxean gelditu da

Euskal Herriko Gazte Abesbatzak irabazi du Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Abesbatza horrek 2023an egingo den Europako Abesbatzen Sari Nagusirako izendapena jaso du. Leidor aretoan egin dute azken saioa

Euskal Herriko Gazte Abesbatza, atzo, Tolosan. JOSU ARTUTXA / TOLOSALDEKO ATARIA.
Erredakzioa
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Gazte Abesbatzak irabazi du Tolosako 52. Abesbatza Lehiaketako sari nagusia, eta, horrenbestez, 2023an egingo den Europako Abesbatzen Sari Nagusian parte hartzeko izendapena bereganatu du. Abesbatza hori Euskal Herriko parte hartzaile bakarra zen, eta irabazlea izan da parte hartzen zuen bi modalitateetan: folklorea eta polifonia. Hain zuzen ere, haren emanaldietan lortutako puntuazioa lehiaketako altuena izan da, eta, ondorioz, txapelketako Kutxa sari nagusia eskuratu du euskal abesbatzak.

Folklore modalitatearen bigarren saria Madrilgo Gazteen Abesbatzari eman diote. Hirugarrena, berriz, bi talderi eman diote, ex aequo: Cantemus Haurren Abesbatzari (Hungaria) eta Missouri Estatuko Unibertsitateko Abesbatzari (Amerikako Estatu Batuak). Polifonia modalitatean, bigarren tokian gelditu da Missouri Estatuko Unibertsitateko Abesbatza, eta hirugarrenean, berriz, Madrilgo Gazteen Abesbatza. Espainiako abesbatza hori izan da, zalantzarik gabe, Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin batera, Tolosako lehiaketako irabazle nagusia. Izan ere, euskal lan baten interpretaziorik onenaren Eusko Jaurlaritzaren saria ere Madrilgo abesbatzak irabazi du, Javier Bello Porturen Lastozko Zubiya lanarekin. Talde horrek entzuleen saria ere bereganatu du.

Epaimahaiak Xabier Sarasola izan du buru, eta, harekin batera, hauek osatu dute: Helene Stureborgek (Suedia), Frieder Berniusek (Alemania), Alain Luisotek (Frantzia), Peter Phillipsek (Erresuma Batua), Mikael Wedarrek (Suedia) eta Marco Antonio Garcia de la Pazek (Espainia).

Formatu murriztua

Aurtengo ekitaldia berezia izan da ezinbestean, koronabirusaren pandemiak baldintzatua iritsi delako. Iaz ez zen jaialdia egin, eta aurten, ordea, formatu murriztuarekin antolatu behar izan dute. Hala, AEB, Estonia, Hungaria, Letonia, Norvegia, Herrialde Katalanak, Espainia eta Euskal Herriko koru banak parte hartu du lehiaketan, eta beste zortzi abesbatzak lehiaz kanpo kantatu dute.

Tolosakoa izan da Europan jokatzen diren abesbatza lehiaketa handien artean aurten egin ahal izan den bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.