Forma bihurriek eta tolesdura nabarmenek osatzen dituzte Ortotropiak sortako piezak. Jesus Lizasok (Barakaldo, 1961) horietako bost aurkeztu ditu Florentziako Biennalera —mundu osoko artista independenteen lehiaketa da—, eta Lorentzo Magnifikoa saria eman diote eskultura arloan.
70 herrialdetako 700 artista. Florentziako Biennalea eragin artistiko berriak eskuratzeko eta sektoreko jendea ezagutzeko aukera da?
Bai, Florentzian egindako lorpenik handiena izan da beste artistekin konexioa lortzea eta benetako artearen mundua nola dagoen jakitea. Bitartekaririk gabeko azoka da; artista independenteen elkargunea. Hara ez dira galeriak joaten. Herbeheretar batekin hitz egin dezakezu, errusiar edo australiar batekin bezalaxe. Munduan zehar ateak ireki zaizkit, nik beste parte hartzaileei nire ateak zabaldu dizkiedan modu berean.
Zer esan nahi du zuretzat sariak?
Askotan tailerrean zaude, zu bakarrik lan egiten, inork ez dizu ezer esaten... oso arrisku handia da, ez dakizulako egiten duzunak zerbaiterako balio duen edo ez den inorentzako baliagarria. Artea eragingabea dela badakizu, baina horrelako leku batera irteten zarenean, eta nazioarteko hamar adituz osatutako epaimahai batek aukeratzen zaituenean, pentsatzen duzu azterketa gainditu duzula eta bi urtean egindako lana probetxugarria dela.
Ortrotopiak proiektuarekin jarraituko duzu? Material berriren batekin lan egitea pentsatu duzu?
Bai, proiektu honekin jarraituko dut. Hemendik aurrera metala eta egurra uztartuko ditut. Soiltasuna bilatzen dut, formaren sinplifikazioa. Kontzeptuaren gainetik jauzi egin nuen aspaldi; askatu egin naiz. Kontzeptua esklabotasuna zen niretzat.
Gaur egungo krisi honetan artea inoiz baino beharrezkoagoa izan daiteke jendearentzat?
Artea sortzen duenarentzat da beharrezkoa. Sortzen duenak behar hori sentitzen duelako egiten du. Nik sortu gabe ezingo nuke bizi. Bizitzan beste egoera ekonomiko edo pertsonal batean egonda ere ez nioke sortzeari utziko. Egia esan, hor presio bat egon liteke, azkarrago joatea eragotziko lidakeena, baina, hala eta guztiz ere, ez nintzateke geldirik egongo.
Jesus Lizaso. Eskultorea
«Sari honekin azterketa gainditu dudala sentitzen dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu