Sareko edukiak partekatzeari muga gehiago ezartzea onartu du Europak

Plataformen ardura izango da erabiltzaileek Internetera igotako edukiei iragazkiak jartzea. Aldekoen ustez, egile eskubideek babes handiagoa izango dute; aurkakoentzat, berriz, zentsura nagusituko da

Bozketaren harira, hainbat lagunek araudi berriaren aldeko kartelak erakutsi zituzten atzo, Estrasburgon, Europako Parlamentuaren kanpoaldean. PATRICK SEEGER / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Aldekoen ustez, sortzaileek beren lanagatik ordainsari justuak jasotzea ekarriko du. Kontrakoen iritziz, aldiz, adierazpen askatasuna mugatuko du. Eztabaida sutsu eta luze baten ondotik, Europako Parlamentuak egile eskubideen inguruko zuzentarau berria onartu zuen atzo. Besteak beste, Interneten edukiak partekatzeko neurri zorrotzagoak jarriko ditu indarrean. Atzoko bozketak utzitako argazkia eztabaidaren polarizazioaren isla da : testuak 348 aldeko boto jaso zituen, eta 274 kontrako; 36 eurodiputatuk abstentziora jo zuten. Europako Batzordeak onartu eta aldizkari ofizialean argitaratu ondotik, hogei egunean sartuko da indarrean, eta Europako Batasuneko kide diren estatuek bi urteko epea izango dute testua beren legedira egokitzeko. Baina zalantza ugari daude oraindik izango duen aplikazioaren eta eraginaren inguruan.

«Sortzaileek eta albiste editoreek Interneteko erraldoiekin negoziatu ahal izango dute, egile eskubideen Europako neurri berrien arabera, zeintzuek adierazpen askatasunarentzako bermeak biltzen dituzten», Europako Parlamentuaren atzoko prentsa oharrak jasotzen duenez. Testu beraren arabera, araudiak ingurune digitalera zabaltzen du egile eskubideen babesa, eta «zuzenean» eragingo die YouTube, Facebook, Google News eta halako plataformei. Izan ere, araudiak eragotzi egin nahi du inork sarean jartzea egile eskubideek babesturiko edukiak; horretarako, Interneten ematen duten edukiaren ardura ezartzen die plataformei.

Erabiltzaileek plataformetara egile eskubideak dituzten edukiak ordaindu gabe igotzea galarazteko, plataformek eurek jarri beharko dituzte iragazkiak, isunak saihestu nahi badituzte. Sustatzaileen ustez, sortzaileek beren lanagatik bidezko ordainsariak izango lituzkete iragazkiei esker, plataformek haiekin edo editoreekin negoziatu beharko baitute lanok sarean jartzea. Neurriaren aurkakoen ustez, ordea, adierazpen askatasuna mugatuko dute, eta kalte egingo diete sortzaile txikiei. Orain arte, plataformek salaketa bat jasotzean baino ez zuten neurririk hartu behar; orain, baina, rol aktiboa jokatu beharko dute, eta edukiak a priori iragazi.

Edonola ere, araudiak baditu salbuespenak: ez lieke eragingo irabazi asmorik gabeko sareko entziklopedia egitasmoei —Wikipediari, esaterako— eta kode irekiko plataformei. Galbahetik ez lukete igaro beharko, halaber, parodia hutsa egiten duten obrek, hala nola memeek eta GIFek.

Neurrion aurkakoen ustez, baina, iragazki horiek eragozpen handi bat dute: makinek erabakiko dute zer eduki iragazi eta zer ez, eta ez pertsonek. «Algoritmo bati buruz ari gara, funtsean: zentsura algoritmikoa izango dugu aurrean», salatu zuen Xnet eskubide digitalen plataformako Simona Levik atzo: «Bozkatutako testua copyrightaren monopolioen neurrira eginda dago».

Bestalde, araudiak zehazten du albiste zatiak bai, baina testu osoak ezin izango direla partekatu. Sustatzaileen hitzetan, neurriak kazetarien eta kazetaritza enpresen testuak babestuko ditu, eta zuzenean eragingo die Google News eta albisteak batzen dituzten gisako plataformei. Googlek berak ohar bat plazaratu zuen atzo. Interneteko erraldoiaren arabera, araudi berriak «gauzak pixka bat hobetzen baditu ere, ziurgabetasun juridikoa ekartzen jarraituko du, eta kalte egingo die Europako ekonomia digital eta kulturalei».

Eztabaida gorabeheratsua

Gaur-gaurkoz, egile eskubideen inguruko 2001eko legea dago indarrean. Ordutik, Internetek bilakaera handia ekarri du informazioaren eta edukien kontsumoan, eta araudia aro digitalera egokitzeko beharra plazaratu zuten egitasmoaren bultzatzaileek. 2016. urtean Europako Batzordeak proposamena egin zuenetik, negoziazioek gorabehera ugari izan dituzte. Iazko uztailean, parlamentuak atzera bota zuen Axel Voss Alemaniako Batasun Kristau-Demokratako eurodiputatuak idatzitako testua; irailean, aldiz, lege proposameneko artikulu polemikoenetan aldaketa gutxi batzuk egin ostean, eurodiputatu gehienek oniritzia eman zioten.

Tartean, denetariko egitasmo eta adierazpenak egin dituzte aldekoek zein kontrakoek. Internauten eta eskubide digitalen aldeko elkarteak daude aurka agertutakoen artean, eta hainbat egitasmo sustatu dituzte. Joan den asteburuan, neurriaren aurkako manifestazioak izan ziren Europako hainbat hiriburutan —Berlingoa izan zen jendetsuena—. Halaber, bost milioi herritarrek araudi berriaren aurka sinatu dute Change.org atarian. Orain dela bi aste, aldiz, 350 artistak zuzentaraua onartu behar zela adierazi zuten idatzi batean —tartean ziren Bertrand Tavernier, Agnieszka Holland, Michel Hazanavicius, Pavel Pawlikowski eta Ennio Morricone—. Eta hori bera adierazi izan dute Europako Kazeten Elkarteak, Europako Editoreen Federazioak eta Diskoetxe Independenteen Elkarteak, besteak beste.

Alde edo kontra egon, ia denak bat zetozen atzo: araudia aldatzeak aro berri bat irekiko du Interneteko edukiei dagokienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.