Sarean kontsultatu daiteke Xenpelar zentroak osatutako liburutegia

Bertsolaritzaren, ahozkotasunaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruko materiala bildu dute, eta katalogoa sarean eskuragarri dago

Noya, liburutegiaren arduraduna, Mintzolaren egoitzan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
1991. urteaz geroztik martxan dago Xenpelar dokumentazio zentroaren liburutegia Villabona-Amasan (Gipuzkoa), Mintzola Ahozko Lantegian, baina, orain arte, ez da sarean ikusgai egon, baliabide faltagatik. Aurrerantzean, urte horietan guztietan bertsolaritzaren inguruan eta ahozkotasunaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruan bildu duten materiala Internet bidez kontsultatu ahalko da Bertsolaritzaren Datu Basean.

Katalogoa sarean eskuragarri jartzea da, finean, berritasuna. «Liburutegiari ikusgarritasuna ematen lagundu digu, aurretik bildutako informazio eta eduki horiek guztiak zabaltzeko eta elkarbanatzeko», azaldu du Itsaso Noya liburutegiaren arduradunak. Bertsoei dagokienez, 548 liburu eta artikulu sarean bertan irakurtzeko eran daude, eta gainerakoak dokumentazio zentroan kontsulta daitezke. Munduko kantu inprobisatuei buruzko argitalpenak biltzeko ahalegina ere egin dute: guztira, ia 6.600 lani buruzko datuak jaso dituzte.

Ikerketak laguntzeko asmoz, datu base akademikoetan gai horiei buruz dauden artikulu eta liburuen erreferentzia bibliografikoak bildu dituzte, 900 inguru. «Bertsolaritzaren inguruko edukiak askoz zabalagoak dira: antologiak, historia eta bestelakoak. Baina ahozkotasunaren eta munduko beste kantu inprobisatuen kasuan, lan teorikoak edo akademikoak bildu ditugu, batez ere». Lan askoren kasuan, erreferentziak soilik bildu dituzte, baliabide faltagatik: «Sarean daudenen kasuan, lotura jaso eta gure katalogoan eskuragarri jarri ditugu, behintzat».

Noyak azaldu duenez, «gauza asko» ditu oraindik garatzeko katalogoak, baina «oinarrizko bilaketak egiteko» prest dago. Izenburuaren edo egilearen araberako bilaketak egin daitezke. Gai orokor bat hartuta ere egin daitezke bilaketak, eta, gero, liburutegiak eskaintzen dituen iragazkien arabera, emaitzak mugatu: «Demagun sarean eskuragarri dauden dokumentuak bakarrik nahi ditugula, edo pertsona jakin batek idatzitako lanak soilik nahi ditugula; iragazki horiekin bilaketa zehaztu daiteke». Noyak azaldu duenez, edukiak gaika sailkatzeko aukera datu basean txertatzea falta zaie, eta hori garatu nahi dute aurten.

Hobetzeko asmoz, aurrera

Material ugari Bertsozale Elkarteak eta Mintzolak egindako harreman sareari esker jaso dute: munduko beste kantu inprobisatuetako sortzaileekin eta ikerlariekin dituzten hartu-emanetatik: «Haien bidez material asko jaso dugu; gehiena, dohaintzetatik eta jendeak egindako ahaleginetik».

Liburutegiak gai baten inguruan antolatzen direnean, jendeak pentsa dezake «ikerlarientzat edo adituentzat bakarrik» ematen dela zerbitzua, Noyak ohartarazi duenez, baina, ez da haien kasua: «Bertsolaritzaren bueltan dabiltzan guztiei irekita dago liburutegia: izan daiteke transmisioan lanean ari den irakasle bat, edo emanaldi berezi bat prestatzen ari den talde antolatzaile bat, edo, besterik gabe, bertsozalea dena edo bertsoarekin lehen harremana izan nahi duen edonor».

Aurrera begira, badute zereginik. Batetik, mailegu sistema ezartzeko baliabideak bilatu nahi dituzte, eta, bestetik, udal liburutegien zerbitzuarekin bateratzeko aukerak aztertu nahi dituzte, erabiltzaileei erraztasun handiagoak emateko. Noyaren esanetan, halere, baliabideak falta dituzte, eta ez daude euren esku; beraz, helburu horiek hor dauden arren, beste lehentasun batzuk dituzte. Gainera, badituzte beste erronka batzuk esku artean. Batetik, datu base akademikoak arakatzen jarraituko dute, erreferentzia eta lan berrien bila. Bestetik, Kulturartea maparen bitartez iaz hasitako harremanak sendotuz eta berriak bilatuz jarraituko dute. Eta, horrez gain, sarean eskuragarri jartzen diren eduki berrien jarraipena egiteko alerta sistema bat martxan jarri nahi dute.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: bdb.bertsozale.eus/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.