Sarduik barkamena eskatu du genero diskriminazioari buruz egindako adierazpenengatik

Sare sozialetan hedatutako mezu batean, «oso eskastzat» eta «lekuz kanpokotzat» jo ditu bere hitzak. Kantariaren adierazpenak kontrako erreakzio ugari pizten ari dira oraindik ere.

Alex Sardui, Gatibuk Donostian egindako kontzertu batean, iaz. JON URBE / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko irailaren 24a
10:45
Entzun

«Arrazoi daukazue. Barkatu». Gatibu taldeko abeslari Alex Sarduik «barkamena» eskatu du sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, El Diario.es hedabidean egindako adierazpenak direla eta. Han esan zuen musika arloan ez direla emakumeak diskriminatzen: «Nik behintzat ez dut ikusi. Egia da ez dagoela hainbeste emakumerik lanean, baina ez da inoiz diskriminaziorik egon».

Erreakzio zaparrada ekarri dute hitz horiek, eta, orain, Sarduik sare sozialetan hedatutako bideo batean esan du «oso eskasak» eta «lekuz kanpokoak» izan direla bere adierazpenak.

Bitartean, Sarduiren adierazpenak kontrako erreakzioak sortzen ari dira oraindik. Atzo, musikan dabiltzan Euskal Herriko hainbat emakume feministak eta pertsona sexu disidentek ohar bateratua zabaldu zuten, eta «oso larritzat» jo zuten gertatutakoa: «Emakume askok bizi izandako errealitatea baztertzeaz gain, emakumeok aurre egin beharreko egiturazko oztopoak guztiz minimizatzen ditu».

150 emakume eta sexu disidente inguruk sinatu zuten agiria —musikariak, abeslariak, soinu eta argi teknikariak, produkzio arloan aritzen diren profesionalak eta musikaren inguruko beste zenbait esparrutan lan egiten dutenak—, baina, geroztik, adierazpenak atxikimendu gehiago bildu ditu, eta beste 40 bat emakume eta eragilek bat egin dute agiriarekin: horien artean daude Zuriñe Hidalgo, Idoia Asurmendi Garcia eta Euskal Herriko Batukada Feministen Sarea, besteak beste.

Sare sozialetara ere iritsi da emakumezko musikarien arbuioa Sarduiren adierazpenak direla eta. Anari Alberdik, esaterako, bat egin du agiriarekin X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez, eta zera erantsi du: «Diskriminaziorik gabeko eremurik ez da existitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.