Saran egingo dute lehen euskarazko haur eta gazte literaturaren azoka

Ikusi Mikusi izena jarri diote, eta apirilaren 3an eta 4an izango du lehen aldia, baina urtero egiteko asmoa dute. Idazle, ilustratzaile, haur, guraso, eskola eta argitaletxeen bilgunea izatea nahi dute

Azoka antolatu duten eragileetako ordezkariak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Haur eta gazte literaturaren hiriburu bilakatuko da Sara (Lapurdi) apirilaren 3an eta 4an. «Lehenbizikoz, euskara hutsean den haur eta gazte literaturari dedikatutako festa edo azoka izanen da», antolatzaileen hitzetan. Ikusi Mikusi jarri diote izena, eta Galtzagorri elkarteak, Kiribil konpainiak eta Pamiela argitaletxeak sustatu dute. Haien asmoa da Euskal Herri osoko argitaletxeak, sortzaileak, eskolak eta familiak euskararen eta literaturaren bueltan elkartzea, eta horrela egiten jarraitzea etorkizunean ere. Egitarau zabala prestatu dute lehen aldirako.

Euskarazko haur eta gazte literatura ez dela behar adina ezagutzera ematen iritzita, «hutsune» hori bete nahi izan dute sustatzaileek. «Helburua da euskal haur eta gazte literaturari egiazko toki bat eskaintzea plazarat jalgitzeko», azaldu du Galtzagorri Elkarteko Amaia Hennebuttek. Euskarazko liburuak baino ez dira izango azokan, eta, horien bueltan, udalerriak topaketak, tailerrak eta ikuskizunak hartuko ditu. Sara hautatu dute horretarako, 36 urte baitira Idazleen Biltzarra han egiten dela. «Bada borondate bat Sara euskal literaturaren gunea bilakatzeko». Denborarekin, herritarren buruan urtero egongo den ekitaldi bat izatea nahiko lukete antolatzaileek, Durangoko Azoka den moduan. «Anbizioa dugu; nahi dugu urtez urte ezinbesteko hitzordu bilakatzea».

Azokak bi egun izango ditu aurten: eskolen eguna izango da ostirala, eta familien eguna, berriz, larunbata. Baina bietan haurrak izango dira erdigunean. «Haurrentzat egokitua den festa bat da. Saiatuko gara altzari goxoak ezartzen, liburuak libreki begiratzeko leku autonomo batzuk izan ditzaten, ninientzat gune berezi bat jarriko dugu...». Tailer eta ikuskizun guztiak ere haurrei begirakoak dira, eta literatura dute denek oinarrian. Haurrek, gainera, aukera izango dute eskoletan aurrez sortutako obrak erakusteko. «Jakina, euskal argitaletxe guztien presentzia izanen da, jendeak ikus dezan zer aberastasun den gaur egun euskal literaturan». Autoekoizleak ere izango dira. Urririk izango dira jarduera denak, salbu ikuskizunak; pertsona bakoitzeko, haur zein heldu, 3 euroko prezioa dute sarrerek.

Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen diru laguntza baten bidez lortu dute sustatzaileek azoka martxan jartzeko lehen bultzada, baina, azaldu dutenez, beste instituzio publiko batzuek ere harrera ona egin diote. Bide horretan sakondu nahiko lukete. Esaterako, asmo jakin bat aurrera ateratzeko: eskolen egunean azokara doan haur bakoitzak gustuko liburu bat erosi ahal izateko. Horretarako, bonu bat jarri dute martxan, eta azaldu dute hainbat herriko etxek diruz lagunduko dituztela beren eskolak. «Aurten ez dugu lortuko haur guztientzat, baina bidean gara».

Bere bidea urratzen oraindik ez da hasi azoka, baina antolatzaileek sumatzen dute harrera onaizan duela sortzaile, argitaletxe eta eskolengandik. Eskolen egunean 200-300 bat ikasle biltzea zen haien aurreikuspena, eta 1.036k eman dute izena azkenean, 23 eskolatakoak. Hala, egun horretako jarduera guztietarako lekuak beteta daude jada. Ez, ordea, larunbaterako. Ikuskizunetarako sarrerak aurretik hartzeko gomendatu dute; azokaren webgunean dago horretarako aukera.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

https://ikusimikusi.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.