Sarako Biltzarra: literaturak adin eta gustu oro

Atzo abiatu zen Sarako Idazleen Biltzarraren 41. edizioa, giro biziarekin. Gaur ere jarraitzen du egun profesionalarekin: Ipar Euskal Herriaren historia izango dute ardatz.

Sarako Idazleen Biltzarra
Jende saldoa bildu zen atzo Sarako Idazleen Bilzarreko 41. edizioan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
Sara
2024ko apirilaren 2a
05:20
Entzun

Sarara (Lapurdi) heltzeko bidean, auto andana bat badira norberaren auto aitzinean, zirkulazioa baratxe-baratxe doalako; hain zuzen, herrian zerbait antolatua izanen balitz bezala. Uda ez da oraino heldua; alta, Pazko asteburua besterik ez da. Baina, Pazko asteburuz, bada ospakizun bat azken berrogei urteetan antolatu dena, eta aurten 41. aldiz egin dena: Sarako Idazleen Biltzarra.

Autoz beteak ziren atzo Sarako bide bazterrak; aparkalekuetan lekurik ez zen haboro, eta eskuin-ezker baratzen ziren belar eremuetan aparkatua zen jendea. Halere, azkenean leku bat atzeman eta herriko erabilpen anitzeko gelara sartzean, literaturazaleen marmarrak iristen zaizkio hurbildu denari. Bi bisitari mota bereizten ziren, azoka oro izaten den gisan: baziren aitzinetik pentsatua zutenak zertara zatozen, zer liburu erosiko zuten, zer mahai bisitatuko; eta baziren paseatzera jinak zirenak, deskubritzera, planik batere gabe.

Urteroko hitzordua da norberarentzat, bikoteentzat, lagun taldearentzat edo familiarentzat. Denak biltzen baititu literaturak, Saran ere. Ipar eta Hego Euskal Herritik jende saldoa joan zen atzo biltzarrera. Orotara, 120 idazlek, hamazortzi argitaletxek eta hamahiru elkartek parte hartu dute liburu azokan.

«Ez entretenimendu hutserako»

76 mahai baziren, eta horiek bezainbeste erakusketari, halako bi ez baziren: eleberriak, saiakerak, poesia, haur ipuingintza... Literaturak adin eta gustu oro. Azokara heltzean bisitarietatik zenbaitek biltzarreko zakua hutsik erosi, eta hura beterik ilki dira ondotik.

Pasabideetan barna, Eneko Bidegainek 37A mahaia zuen. Joan den urtean plazaratu zuen bere azken liburua, Bichta Eder. Liburuak fama handia izan du, eta azokan ere agerikoa zen, jende andana bat hurbildu baitzaio. Bidegainek ere aitortu du: «Argitaratu ditudan bertze liburuekin konparatuta, eta euskal liburuekin orokorrean, erraten da ongi saldu dela. Argitaletxekoek hori erran didate». Eleberriak «eraikitzaile promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen» negozio baten inguruko inkesta kontatzen du, liburuko protagonistaren eskuetatik. Gai aktuala da, batetik, azken urteetan ikusi ahal izan den gisan, baina, bestetik, betiko gaia ere bada, etxebizitzaren eskuragarritasunak eztabaida biziak sortzen baititu aspalditik Ipar Euskal Herrian. Bidegainek azaldu du beretzat ezinbestekoa dela idazten duenak zerbait aldarrikatzea: «Kasu guzietan, liburu bat idazten baldin badut, izaten da zerbait adierazteko, ez entretenimendu hutserako. Iruditzen zait kontatu beharreko gauzak direla, edo kontatu nahi ditudanak. Gogoetak, gertakariei buruzko lekukotasunak».

«Momentu goxo bat dela erranen nuke. Egin dugun lana ezagutarazteko aukera bat da. Irakurle izanen direnekin zuzeneko harreman hori izatea eskertzen da. Inportantea da». ENEKO BIDEGAIN Idazlea

Urrunxeago, Pamiela argitaletxeak ere bere mahaia zuen, 38-40. Bertako Joana Sanchezek kontatu du ohartzen direla Ipar eta Hego Euskal Herrian ez dituztela eduki berak saltzen: «Haurretan nabaritzen dut, ilustrazio aldetik, klasikoagoak bilatzen direla hemen, Iparraldean; eta helduen aldean asko ikusten da arreta pizten duela euskaldunen historiak, ohiturek...». Pello Eltzaburu ere hor zen, Pamiela argitaletxeko kidea. Azaldu duenez, urtero-urtero heldu dira Sarara, lehen aldiaz geroztik; izan ere, biltzarrak 41. aldia du, eta Pamielak 41 urte beteko ditu aurten. Orduan, erran daiteke biltzarrak eta argitaletxeak bide parte bat elkarrekin egiten dutela hasieratik. Eltzaburu: «Guretzat ezinbesteko hitzordua da. Noski, ekonomikoki ezin da konparatu Durangoko Azokari, baina, guretzat, azokak beti bi helburu ditu: batetik, egia da, saldu behar dugu, baina, bestetik, harreman pertsonal asko lantzen ditugu, eta gure egileak ere etortzen dira».

Azkenean, azoka aspaldiko eleketan berriz sartzeko aukera ere bada, Bidegainen ustez ere: «Bereziki aspaldi ikusi gabeko jendea ikusteko parada da, batzuekin kalaka pixka bat egitekoa. Momentu goxo bat dela erranen nuke. Idazle gisa, aukera bat da egin dugun lana ezagutarazteko, euskal literaturan egiten dena ikusteko. Irakurleekin edo irakurle izanen direnekin zuzeneko harreman hori izatea ere eskertzen da. Inportantea da».

Transmisio eleak

Helduak ez ezik, haur andana bat ere bazen atzo Saran. Batzuk herrikoak, etxetik oinez jinak itzuli bat egitera, eta beste batzuk gurasoekin espresuki bertaratuak, familian. Pamielak eskaintza zabala zuen haurrendako. Sanchezek azaldu du: «Hor gara euskara txikitatik landu dezaten, gure lan propioekin edo beste herrialdeetako lanen itzulpenekin». Briz Becherot alabarekin joana zen azokara. Bigarren aldia zuen: «Tipiendako zinez egokiak diren liburuak nahi ditugu, euskaraz». Eta hortxe zuten aukera.

Transmisioaren inguruko solasaldi bat ere proposatu zen atzo, baina helduentzat. Ez baita haur kontu bat baizik, eta lan munduan ere transmisioak berebiziko garrantzia baitu. Biltzarraren antolaketa taldea, hain zuzen, gaztetzen entseatzen dira azken urteetan, eta horren aipatuz abiatu zen Euskal Herriko sorkuntza editoriala gai zuen mahai inguruaren hausnarra. Gaiaren inguruan ele egiteko zortzi artista edo liburugile gomitatu zituzten: Anne Laure Garicoix, Maxime Morel, François Verdet, Edith Mercier, Gloria Pedemonte, Usue Arrieta, Julie Mugica eta Christelle Dierickx. Oren bat eta erdiz abantzu, horien esperientzietatik mintzatu zen bakoitza, eta DIA irratiak animatu zuen solasa.

Eguna bukatzeko, Ixabe taldeak kontzertua eman zuen. Lehen aldia da Sarako Idazleen Biltzarrak kontzertu bat proposatzen duena.

Profesionalen eguna

Azokaren bigarren eguna, egungo eguna, hots, profesionalen eguna da. Eta, urtero-urtero, egun horren ildoa bideratzen duen gai nagusi bat hautatzen da. Usu literaturari hertsiki loturik da, baina, aurten, angelua amiñi bat ireki eta zabalago begiratu diote aukera sortari: Ipar Euskal Herriko historia du ardatz egungo egunak. Marie Andree Houret antolatzaile taldeko kideak azaldu du ideia nondik jin zaien: «Historia aipatzen duten argitalpenak anitz badira azokan aurten; orduan, pentsatu dugu baietz, hondarrean gai hori zentrala zela».

Hala, egun, bi mintzaldi eta mahai inguru bat izanen dira: Ipar Euskal Herriaren historiaz egin diren argitalpenei buruz ariko dira 11:45ean, Euskal Herriko historialari nagusiei buruz 14:15ean, eta «Ipar Euskal Herriaren historia idazten ahal ote da?» galderaren inguruan 16:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.