Zortzigarren urtez banatu dute gaur, Poesiaren Nazioarteko Egunean, DK Donostia Kultura poesia saria, eta orain arte saritu duten idazlerik gazteena izan da aurtengoa: Sara Uribe-Etxeberria Atxurra (Zumaia, Gipuzkoa, 2005). Aurrez Azkue eta Urruzuno literatur lehiaketak irabazitakoa da Uribe-Etxeberria, eta Kuntzak eta kerak poema bilduma sarituarekin aterako du orain bere lehen liburua, Balea Zuria argitaletxearekin. Hura da, DK poesia sariaren sustatzailea, Donostia Kulturarekin batera.
«Beti gustatu izan zait idaztea», aitortu du saria jaso berritan Uribe-Etxeberriak, eta zehaztu gehienbat poesia jorratzea duela gustuko. «Iruditzen zaidalako badaukala lantzea asko gustatzen zaidan alde estetiko hori; hitzaren forma, musikalitatea...». Partez, hortik azaldu du DK poesia sarira bidalitako poema bildumaren izenburua ere: «Nik kuntzak eta kerak hitzak ez nituen ezagutzen, baina nire pisukidea sakandarra zen, eta beti esaten zuen 'ze kuntzak', 'ze kerak', itxura txarrei eta antzekotasunei buruz aritzeko. Kuriosoa iruditzen zitzaidan bi hitzek zeukaten antza, eta, aldi berean, esanahia ezberdina eta antzekoa izatea; horrekin ere jolastu nahi nuelako: bakoitza denarekin, bestea denarekin, ikusten dugunarekin, hor dagoen tarte horrekin».
«Perspektiba saiatu naiz lantzen, emakume gazte baten begirada plazaratzen. Bizi dugun garai delikatu honetan, garrantzitsua iruditzen zait»
SARA URIBE-ETXEBERRIA ATXURRADK Poesia sariaren irabazlea
Zertaz idatzi bainoago, nondik idatzi. Arreta berezia horretan jarri duela azaldu du Uribe-Etxeberriak. «Egunerokotasuneko gaiak agertzen dira, zeharkatzen gaituztenak. Baina esango nuke perspektiba saiatu naizela lantzen, naizen horretatik hitz egiten, emakume gazte baten begirada plazaratzen. Bizi dugun garai delikatu honetan, garrantzitsua iruditzen zait».
Poema bilduma osoago bat apailatu duen aurreneko aldia izan da hau Uribe-Etxeberriarentzat, eta «salto handi bat» sumatu du: «Lehen aldiz egin dudan zerbait izan da, gustatu zaidana, gozatu dudana». Esan du, halaber, 18 urte bete ondoren gazteentzako sariketak amaitu egiten direla, eta aukerak urritzen direla poesia lantzen jarraitzeko. «Sari hau zuk bakarka egiten duzun lan horren aitorpen bat da, eta oso ondo dago», eskertu du.
Sariaren parte, Kuntzak eta kerak liburu bihurtuko du Balea Zuria argitaletxeak, eta 1.000 euro eta Imanol Larrinagak bere poemetan inspiratuta sortutako lamina bat ere jasoko ditu Uribe-Etxeberriak.
Aurtengoa, «urterik zailena»
Beste urte batez, Aritz Gorrotxategik, Itxaro Bordak eta Eli Tolaretxipik osatu dute DK poesia lehiaketaren epaimahaia, eta aurtengoa «bereziki zaila» izan dela dio Gorrotxategik: «Beste urte batzuetan argiago izan dugu, baina aurten ohi baino lan interesgarri gehiago egon dira». Limoi-ura zaurietan izeneko beste proposamen bati aipamen berezia egin nahi izan dio —haren egilea zein den argitu gabe—, eta hala zerrendatu ditu, epaimahaiaren izenean, Kuntzak eta kerak lanari ikusitako bertuteak: «Mundu eta atmosfera propioa dauka, poesiaren eta zientziaren arteko bidegurutze moduko bat; lirikotasun landuz egiten du bidea, irudi eta gogoeta iradokigarriz betea; hizkuntza aldetik, ezohiko heldutasuna eta batasuna dauka; tonuari eta egiturari dagokionez, erreferentzia askotarikoak baliatzen ditu, arruntagoak zein jasoagoak; askotariko gaiak agertzen dira, poesiari buruzko gogoetak, belaunaldi kontuak, mina, kezka sozialak, giza izaerari buruzko gogoetak...; eta originaltasuna eta arriskua bilatzen ditu poemak josteko orduan».
Gorrotxategi, bestalde, gustura agertu da hasieratik hamar proposamenen bueltan jaso dituztelako edizioz edizio —35 urtetik behera zuzenduta egon da sortzetik lehiaketa—. «Antolatzaile bezala, beti izaten dugu ardura gutxik bidaliko ote duten, hanka-motz geratuko ote den, baina zortzi urteotan ez da gertatu. Normalean, hamar lan edo hortik gora jaso izan ditugu, eta pozik egoteko modukoa da».
Aurreko aldietan saritutako egileak «bide bat egiten» sumatzen dituela ere esan du argitaletxeko kideak, eta pozgarritzat jo du hori ere. «Fruituak iristen ari dira», esan du. «Esti Martinez de Zerio lehendabiziko irabazleak gero ipuin liburu bat kaleratu du; Gorka Salces bigarren urteko irabazleak bigarren poema liburu bat; Lizar Begoñak, poema liburu bat eta nobela bat; Julen Apella iazko irabazleak Augustin Zubikarai saria irabazi du, eta nobela baten proiektuan murgilduta ari da... Zortzi urte igarota, ikusten duzu lehiaketatik pasatutako irabazle batzuek jarraitzen dutela idazten, bidea egiten ari direla, eta poztekoa da, nolabait batzuek bidea hemen hasi zutelako».
Arantxa Urkia Donostiako udal liburutegi sareko zuzendariak ere hartu du parte aurkezpenean, eta azpimarratu du Donostiako Liburutegi Zerbitzuak beti egin dutela apustu «poesiari, literatur genero bezala, garrantzia emateko». Horren erakusletzat aipatu ditu asteon Donostian egiten ari diren Poesialdia eta ekainean hemezortzigarrenez egingo dituzten Poesia eta pentsamendua jardunaldiak, zeinetan aurten Uribe-Etxeberriak ere parte hartuko duen bere poema batzuk errezitatzen.
Iker Aranberriren 'Baden Verboten', kalean
Poesiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du Iker Aranberriren Baden Verboten liburua. VII. Xabier Lete nazioarteko poesia saria irabazi zuen harekin Aranberrik udazkenean, eta Pamielarekin argitaratu du liburua orain. Saria emateko ekitaldia ekainaren 3an egingo dute, Donostiako Santa Teresa komentuko areto nagusian —Koldo Mitxelena kulturunearen egungo egoitzan—, eta Leteren jarduna omentzeko ere baliatuko dute.
Ikusi gehiago
Baden Verboten-ek «debekatuta ibaian bainatzea» esan nahi du alemanez, eta hura da Aranberrik argitaratu duen lehen poema liburua. Leteren izena daraman sariketari lotuta egoteak «ilusio berezia» egiten diola aitortu du gaurko aurkezpenean: «Gaztetatik izan dudan amets bat betetzera datorrelako; beti izan dut noizbait liburu bat argitaratzeko ilusio hori, eta aparteko poza ematen dit nire lehenengo poema liburua Xabier Lete handiaren izena daraman sariketa bati esker publikatzeak. Luis Garde poetak esaten duenez, 'oroimena auzolana da', eta iruditzen zait erakunde, argitaletxe eta idazleon arteko lan, edo auzolan, honi esker, Leteren figura, izena, lana eta oroimena bizirik mantentzea lortzen dugula. Sariketak, nola ez, idazten eta sortzen jarraitzeko akuilua ere eskaini dit».
Lurdes Otaegik, Igor Estankonak, Joxerra Garziak, Teresa Irastorzak eta Itxaro Bordak osatutako epaimahaiak erabaki zuen Baden Verboten lanaren alde egitea, eta haren «heldutasun poetiko harrigarria» goretsi dute beste behin, «edukian, egituran, imajinarioan eta hizkuntzan».
