Musika beltzaren aldaerak taularatzeko asmoarekin sortu zuten, 2019. urtean, Blues Hotsak jaialdia, Soraluzen (Gipuzkoa), eta, beraz, seigarren aldia izango du aurtengoa. Festibalaren ardatz diren kontzertuak heldu den ostiraletik igandera egingo dituzte, Herriko Antzokian, baina aurretik beste bi saio ere izango dira jaialdian. Lehendabizi, astelehenean, Lide Hernandoren Izotz ura eleberriari buruzko solasaldia egingo dute, eta egileak berak hartuko du parte; asteazkenean, berriz, Juanma Betancortek zuzendutako Semilla del son filma emango dute.
Hain zuzen ere, dokumental horretako protagonistak, Santiago Auseron musikari espainiarrak, kontzertua emango du larunbatean, hilaren 23an, festibalean. Radio Futura taldeko abeslaria izan zena Luces de la frontera (Mugako argiak) proiektuarekin iritsiko da Euskal Herrira, eta modu akustikoan uztartuko ditu blues musika eta son kubatarra.
Musika jaialdia ostiralean hasiko da, J.P. Bimenni & The Black Beltsekin kontzertuarekin. Burundikoa da Bimenni, baina Erresuma Batuan bizi da azken urteetan, eta, berak azaldu duenez, han hartu zuen musika egiteko inspirazioa. Ez ditu ezkutatzen erreferentziak: Otis Redding, Curtis Mayfield, psikodelia eta afro-beata.
Igandea izango da Blues Hotsak jaialdiko egun handiena, eguerdian hiru emanaldi izango baitira herriko beste horrenbeste tokitan —The Fake Cousins, The Wilsons Organ Trio eta La Blues Company—, eta arratsaldean beste bat —Sugar Queen kantari estatubatuarra—, antzokian.