Artea

San Telmoko arte modernoari garaikidea batu zaio

Areto berritua ireki du San Telmo museoak, eta ‘100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea’ erakusketa jarriko du bertan ikusgai, bi urtez. 80ko hamarraldiko langa gaindituta, euskal artearen ikuspegi osatuagoa eskainiko du aurrerantzean.

Euskal artearen areto berritua, San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
Euskal artearen areto berritua, San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko apirilaren 13a
05:05
Entzun

San Telmo museoko euskal artearen aretoak itxura berria du gaurdanik. Berritu egin dute, azalez eta mamiz berritu ere, euskal artearen ikuspegi osatuagoa emateko. Azalari Ana Garcia arkitektoak eman dio forma; mamiari, berriz, Peio Agirre komisarioak, 100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea erakusketa apailatu baitu. Sorta baten artetik lehena da Agirrerena, bi urtetik behin aldatuko baita erakusketa; aldiko komisario berri batek hartuko du bere gain.

Definizioa ez ezik, dinamika ere aldatu egin dutela azaldu du San Telmo museoko zuzendari Susana Sotok: «Gainontzeko aretoetan bezala, 80ko hamarraldia genuen langa, eta horren ondorioz ezin genuen artelan garaikiderik dohaintzan jaso, ezta erosi ere». Muga hori gainditzeaz batera, ikuspegi orokorragoa emateko asmoa nabarmendu du Sotok, euskal arteak mende betean izan duen garapenaren sintesi bat eskainiko baitzaio bisitariari, betiere San Telmoko bilduma eta Gordailuan zaintzen den ondarea oinarri hartuta.

Hain zuzen ere, Gordailuak daukan rolari garrantzi berezia eman nahi izan dio Sotok: «Lan handia egiten du ondarea zaintzeko eta kudeatzeko, baina, gainera, Kutxaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta San Telmo Museoaren funtsak gordetzen ditu». 100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea erakusketak San Telmoko obrak ditu muina, baina beste bi erakundeek utzitako obrak ere jarri ditu ikusgai.

San Telmoko arte aretoen birmoldaketak prozesuaren azken etapa osatu du honenbestez. Lehen etapa 2022an bete zuen, arte historikoari eskainitako eremua berritu eta bertan euskal artearen hastapeneko obrak batu zituztenean.

Peio Agirreren begia

Erakusketa honen komisarioari 2022ko udan jo zion erronka Susana Sotok, San Telmo Museoaren izenean. «Erronka erakargarria izan da, baina baita zaila ere, espazioak 325 metro besterik ez eta oso hautaketa estua eskatzen baitzuen», esan du Sotok. Alabaina, Agirrek aretoko paretez gaindi zabaldu du erakusketa, eta Zumetaren lan bat, esaterako, harrerara atera du. Besteak beste, emakume artistei eman dien lekua goretsi dio Sotok Agirreri: «Askoz hobeki erakusten du gaur egungo artearen errealitatea».

«Mende beteko bidaia dela azpimarratu nahi nuen, baina historiaren linealtasunetik beste logika batera jo dut, artelanak euren artean eta arkitekturarekin batera solasean ipinita».

PEIO AGIRREKomisarioa

Agirrek aitortu duenez, nobedadea izan da erakusketa bilduma jakin batetik abiatu beharra, bere ibilbide osoan ez baitzaio inoiz halakorik egokitu. Bestalde, garrantzitsua iruditu zaio museo kontzeptutik komisariotza kontzeptura iragatea: «Erakusketa honi jarri diodan izenburua deskriptiboa da, mende beteko bidaia dela azpimarratu nahi nuen, baina historiaren linealtasunetik beste logika batera jo dut, artelanak euren artean eta arkitekturarekin batera solasean ipinita».

Aurreko erakusketako artelan klasiko asko areto historikora eraman dituztenez toki apur bat irabazi izana mesedegarri egin zaiola azaldu du komisarioak, eta Ana Garcia arkitektoaren meritua goraipatu du: «Espazio zabal eta ireki horretan, ikuslea libre da zuzen edo ziraldoka ibiltzeko, nahi duen tokitik eta nahi duen bezala joan eta etortzeko». Zabaltasun horrek erakusketa osotasun baten gisan ulertzen laguntzen duela uste du Agirrek, «ez dadin artelanen zerrenda baten moduan ikus».

Aldirik aldi

Arteak izan dituen aldiak eta haietan nabarmendu diren artistak hartzen ditu aintzat aretoak. XX. mendeko mugimendu berriei heldu zieten artisten ekarpenetik hasita, Julian Tellaetxe, Jenaro Urrutia, Antonio Gezala edota Aurelio Arteta daude erakusketan. Agirre: «Kostunbrismoari lotuak izanik ere, elementu piktoriko berrizaleak erakutsi zituzten». Abangoardiak heldu ziren gero, Narkis Balenziaga, Jorge Oteiza edota Mari Paz Jimenez.

Bigarren abangoardia aldiak 50eko eta 60ko hamarraldiak hartuko lituzke, nagusiki Gaur taldea eta beste hainbat artista garaikide solte. Baita koadro figuratiboak margotu zituzten margolariak ere, esate baterako, Marta Cardenas eta Vicente Ameztoi.

60ko eta 70eko hamarraldietatik, euskal eskultura berria landu zuten kideak hartu ditu kontuan komisarioak, esate baterako, Elena Mendizabal, Angel Bados, Pello Irazu, Txomin Badiola eta Juan Luis Moraza. «Garai horretako artista batzuk jada bazeuden lehengo erakusketan, baina oraingo honetarako lan berriagoak hautatu dizkiegu».

Artista gazteagoak ere aurkituko ditu ikusleak; esate baterako, Idoia Monton, Edu Lopez, Jose Ramon Amondarain, Isabel Herguera, Ibon Aranberri, June Crespo, Itziar Okariz eta Asier Mendizabal. Denetan gazteena Oier Iruretagoiena da. Agirrek azaldu duenez, irizpide nagusia kalitaterik gorena hobestea izan da, baina formatua eta neurria ahantzi gabe: «Erakusketa ahalik eta errepresentatiboena izatea, dentsitatea eta koherentzia hartu ditut kontuan».

Kutxa Fundaziotik Eduardo Lagarderen marrazki bat, Narkis Balentziagaren koadro bat, Zumetaren artelan bat eta Eduardo Txillidaren alabastro bat ekarri ditu erakusketara. Gipuzkoa Foru Aldundiaren funtsetik, berriz, Gabriel Zelaia poetaren eta Jose Antonio Sistiagaren marrazki bana, Eduardo Lagarderen karikatura irudi bat eta Juan Luis Goenagaren bi collage hautatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.