'San Juan' galeoia ez dute 2016an uretaratuko

Donostia 2016ren kultur ikur ibiltaria egitea arazo tekniko eta ekonomikoek atzeratu dute

Erredakzioa
Donostia
2015eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Duela bi urte, 2013ko urtarrilaren hasieran, hasi ziren egiten XVI. mendeko San Juan galeoiaren erreplika, Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian (Gipuzkoa). Proiektu horren helburuetako bat zen ontzia bilakatzea Donostia 2016ren, Europakop Kultur Hiriburutzaren, kultur enbaxada ibiltaria. Hasierako asmoa zen galeoia hurrengo urteko maiatzean uretaratzea, Europan kultura gutxituak dituzten herrialdeak bisitatu zitzan. Baina hura egiteko zailtasun teknikoek, eta aurrekontua betetzeko arazo ekonomikoek, hasierako intentzioa atzeratu dute. Raul Perez de Iratxeta Albaolako zuzendariak pentsatzen du, gainera, «oso zaila» izango dela 2016ko maiatzaren ondorengo hilabeteetan lanak amaitzea.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen iritziz, dena den, atzerapenak ez dio proiektuaren muinari eragiten: «Inportantea da sortze prozesuak sorrarazten dituela, parte hartzea eragiten duela etahainbat balio transmititzen dituela».

Donostia 2016 bulegoko ordezkarien esanetan, jada gaur egun «ondare bat» sorrarazten ari da galeoia egiteko lana. «Alderdi ekonomiko, turistiko eta zerbitzuetakoei erreparatuz gero, jarduera bat sorrarazten ari da Pasaiako badian, horren beharra duen toki batean, hain zuzen». Izan ere, ontziolak museo gisa ere funtzionatzen du joan den uztailetik, eta, orduz geroztik, 12.000 bisitari erakarri ditu.

3,9 milioi euro

Donostia 2016ren fundazioak 2012ko abenduan erabaki zuen San Juanbihurtzea kultur hiriburutzaren «ikur nomada», «ezberdinen arteko harremana, lankidetza eta ezagutza sustatzeko». Egitasmoak 3,9 milioi euroko aurrekontua edukiko zuela kalkulatu zuten. Plangintzaren arabera, Donostia 2016k kopuru horren ia erdia, 1,9 milioi, aportatuko zuen —hala izan da—, eta gainerakoa finantzaketa pribatuak estaliko zuen. Perez de Iratxetak ez du zifrarik eman, baina esan du bide horretatik ez dituztela gutxieneko azpiegitura gastuak bete. Ez zaio iruditzen, ordea, kalkuluetan hus egin zutenik. «Egoera ekonomiko hauxe daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.