Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
«Ea zer gertatzen zaigun gaur», esan du boluntarioetako batek, Otzaurteko (Zegama, Gipuzkoa) aparkalekuan furgonetatik jaitsi bezain pronto. Egun bakoitza abentura bat dela esanez erantzun dio beste kide batek, barre artean. Aranzadi zientzia elkarteko kide eta boluntarioek, beste urte batez, San Adrian-Lizarrateko pasabidean indusketak egin dituzte uztailean. Hamar bat laguneko taldea bildu zen uztailaren 8tik 22ra aztarnategian.
Talde osoa autoetan sartu, eta mendiko errepidean gora abiatu dira guztiak, gorago dagoen aparkalekuraino. Horra hor gaurko abentura: materiala eramateko erabiltzen duten 4x4 autoak ez du atzerako martxarik, eta indusketarako beharko dituzten ohol batzuk eta beste hainbat material eurek igo beharko dituzte goraino.
Sasoikoen ikusten diren horiek eurek bakarrik hartu dituzte oholak; beste batzuek, ordea, nahiago izan dute beste kide baten laguntzarekin eraman. Batzuk ufadaka iritsi dira aztarnategira, baina bada txistuka iritsi denik ere. Materiala bere lekuan utzita, Manu Zeberio lanak banatzen hasi da. «Utzidazu apur bat gehiago deskantsatzen», esan dio boluntarioetako batek. Ermitatik kaskoak, ontziak, erremintak eta bestelako materiala ateratzen hasi dira, eta segituan jarri da nor bere tokian. Indusketako zuzendarietako bat da Zeberio, Jexux Tapiarekin batera.
2008an hasi zen Aranzadi San Adrian-Lizarrateko pasabidean indusketak egiten, Gipuzkoako Foru Aldundiak gune horren zundaketarako eta ikerketarako egindako lehiaketan hautatuak izan ostean. Hasieran, proiektuak bi urte iraun behar zuen, baina arkeologoek espero ez zuten zerbait topatu zuten: Erdi Aroko aztarnak ez ezik —horiek agertzea bai, aurreikusia zuten—, Brontze Arokoak eta Paleolitokoak ere aurkitu zituzten. Goi Paleolitotik hasita, XX. mendera arteko material arkeologikoa dago San Adrian-Lizarraten, eta bertan jaso duten informaziorik zaharrena duela 40.000 urtekoa da. Historiako hainbat arotan egon da giza okupaziorik bertan.
Ikasteko aukera
Pasabideko hainbat gunetan egin dituzte indusketak urteotan, hasierako urteetan dena lurpean baitzegoen. Indusketez gain, garbiketa lanak ere egin behar izan dituzte, ingurua ahalik eta ondoena uzteko. «Kobaren sarreran dagoen harresiaren zati oso handi bat lurrez estalia zegoen, eta orain, zazpi bat metroko harresia dago ikusgai», azaldu du Zeberiok.
«[Brontze Aroko] Aztarnak aurkitu izan dira Euskal Herrian, baina ez bizilekuak. Gainera, etxola txikien aztarnak ere topatu genituen; informazio ona zen, horri esker jakin baikenuen ez zela bizileku iraunkor bat, aldi baterakoa baizik»
JEXUX TAPIAIndusketako zuzendarietako bat
Aurten, bi gunetan banatu dituzte indusketak. Lehena ostatu zaharra zegoen tokian dago. Brontze Aroko geruza batean ari dira lanean. Andrea Aparicio eta David Ruiz dira bertan dauden boluntarioetako bi. Garai horretako gizakiek erabiltzen zituzten tresnen arrastoak topatu izan dituzte gehienbat. Lokatz eskukadak hartu, galbahetik pasatu, eta, lokatza zulotxoetatik erori ondoren, bertan geratzen diren zatiak aztertzen dituzte. Segituan bereizten dute zer den baliogarria eta zer ez: «Praktikarekin ikasi dugu gauzak bereizten», aipatu du Apariciok. Ruiz: «Suharriari dagokionez, esaterako, oso leuna da, eta segituan kentzen zaio lokatza». Plastikozko poltsa txikietan sartzen dituzte aurkitutako piezak.
Biek ala biek lehen aldia dute Aranzadiren indusketa batean, eta pozik daude esperientziarekin. Apariciok Granadan (Espainia) egin zituen unibertsitateko eta graduondoko ikasketak, eta han zela hartu zuen parte lehenbizikoz indusketa batean. Orduan konturatu zen mundu hori gustuko zuela, eta Aranzadiren udako indusketetan izena ematea erabaki zuen: «Unibertsitatean ikasi ez ditugun gauza asko ikasteko aukera izaten dugu».
Indusketen bigarren eremua ermitaren parean dago. 2010ean hasi ziren lanean eremu horretan. XIX. mendeko egitura txiki bat aurkitu zuten lehenik; etxe edo etxola baten sotoa izan zitekeenaren paretak. Sakonduz joan ahala, Brontze Aroko elementu pila bat atera zituzten pixkanaka: eltzeak, katiluak... «Oso aurkikuntza garrantzitsua izan zen. Izan ere, aro horretako aztarnak aurkitu izan dira Euskal Herrian, baina ez bizilekuak. Gainera, etxola txikien aztarnak ere topatu genituen; informazio ona zen, horri esker jakin baikenuen ez zela bizileku iraunkor bat, aldi baterakoa baizik», zehaztu du Jexux Tapiak.
Brontze Aroko indusketa amaituta, zundaketa txikiak egin zituzten, azpian zer egon zitekeen jakiteko. Glaziazioko azken aroetako geruza bat zen —K.a. 10.000, 11.000 eta 12.000 urteetakoa—. Garai horretako hainbat erreminta topatu zituzten, ehizarako tresnak tartean. Orain, bi metro sakon da indusketa gunea, eta ez dute ezer topatu. Tapia ez dago kezkatuta: «Kontuan izanda pasabideko kanpoko paretak zazpi metro dituela, asko geratzen zaigu aztertzeko».
Pasabidearen garrantzia
Gaur egun, San Adrian-Lizarrate, besteak beste, Aizkorriko mendikateko gailurretako batzuetara igotzeko zein haietatik jaisteko pasabide huts bat da mendizaleentzat. Historiako hainbat alditan ere pasabide izan zen, baina izan zuen bere garrantzia.
«Duela 40.000 urte, neandertalak hona etorri ziren bazekitelako hau pasabide bat zela, eta beste aldera pasatzeko aukera izango zutela», azaldu du Zeberiok. Orain arte jasotako informazioaren arabera, gizakiak ez zituen oso epe luzeak igarotzen bertan. Erdi Arotik aurrera, ordea, okupazio iraunkorra izan zuen. Garai horretan garrantzi berezia hartu zuen San Adrian-Lizarratek: batetik, abereak izateko leku interesgarria zelako —Aralar gertu dago—; eta, bestetik, pasabidea bera eta ingurua kontrolatzeko leku bikaina zelako. 1512an Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatu zuenean, trafikoa areagotu egin zen, Europako beste herrialde batzuetara joateko bideetako bat zelako.
«Hemen lortu dugun informazio guztia oso garrantzitsua da. Oso altu dago San Adrian [1.000 metro ingurura], eta hemen goian giza arrastoak topatzeak asko esan nahi du»
MANU ZEBERIOIndusketako zuzendarietako bat
Arotik arora izan den okupazioak hainbat aztarna utzi ditu pasabidean. Kobazulo baten antzekoa denez, aztarna horiek hobeto mantendu dira. Zeramikak, suharriak, txanponak, hezurrak... asko dira aztarnategian aurkitu dituzten elementuak. Hala ere, objektu horiei baino gehiago, lortutako informazioari ematen diote garrantzia indusketaren bi zuzendariek.
Aldaketen sekuentzia
Aldiro lantzen ari ziren lurraren azterketa zehatzak egin ondoren, hainbat ondorio atera ahal izan dituzte Aranzadikoek. Esaterako, lurrean topatutako hazien arrastoei esker, jakin dute San Adrian-Lizarraten lurra lantzen zela, eta abereak izan zituztela. Garai bakoitzeko gizakiek zer jaten zuten ere jakin ahal izan dute, aurkitutako animalia hezurrei esker. Zeberio: «Hemen lortu dugun informazio guztia oso garrantzitsua da. Oso altu dago San Adrian-Lizarrate [1.000 metro ingurura], eta hemen goian giza arrastoak topatzeak asko esan nahi du».
Bestalde, aro bakoitzean gizakiak izan duen bizimoduaz gehiago jakiteaz gain, paisaiaren eta aro horietan egondako klima aldaketen berri izan dute, bai eta gizakiak horiei aurre nola egin zien jakin ere. Zeberiok gaineratu du Euskal Herriko beste aztarnategi batzuetan ere horrelako informazioa lor daitekeela, baina San Adrian-Lizarraten, hainbeste garaitako elementuak izanda, aroen arteko sekuentzia bat osa dezaketela.
San Adrian-Lizarrate «oso toki zakarra» zen Tapiaren ustez, toki hotza baitzen, baita gaur egun ere. Gizakiak bertan bizitzeko —denbora tarte laburretan bazen ere— egindako ahaleginei eman die garrantzia: «Glaziazioaren unerik epelenetan ere, inolako etxola edo eraikin txikirik egin gabe, hemen ezin zen bizi». Gizakia helburu batekin igotzen zela ere gehitu du, jakinda bertatik zerbait lortu ahal izango zutela; jatekoa, adibidez.
Uztailaren 20an amaitu zituzten aurtengo udako indusketak. Hala ere, Zeberioren ustez, oraindik ere badago lana: «Orain bi eremutan bakarrik gaude, eta pasabideko beste eremu batzuetan ere egin daitezke indusketak». Neandertalen garaiko aztarnak jaso dituzte, eta, sakonago joanez gero, ziur da gauza gehiago topatuko dituztela.
Udako denboraldia pasatuta, lanak aurrera jarraitzen du. Aurkitutako aztarnak eta lurrak ikertzeko garaia izaten da; indusketako zuzendariek egiten dute lan hori. Pieza bakoitza aztertu, izendatu eta sailkatu egin behar da, San Adrian-Lizarrateko historia idazten jarraitu ahal izateko.