Larraitz Oiartzabal eta Xabier de Felipe: «Salzburgon edozein txokotan arnasten da kultura»

Euskadiko Orkestrarekin ari dira jotzen bi biolinistak Austriako kontzertuetan.

Larraitz Ondartzabal eta Xabier de Felipe
Larraitz Oiartzabal eta Xabier de Felipe, Salzburgon. GARBINE UBEDA
garbine ubeda goikoetxea
Salzburgo
2024ko otsailaren 9a
05:40
Entzun

Larraitz Oiartzabal (Andoain, Gipuzkoa, 1980) eta Xabier de Felipe (Bilbo, 1987) biolin jotzaileak dira Euskadiko Orkestran, eta Austrian dira egunotan.

Musika tresna hori aukeratzen duenak oso gaztetxotan ekin behar izaten dio, aurrera egitekotan. De Felipe, esate baterako, 5 urte zituela hasi zen: «Aita oso biolinzalea da, eta, nik bezala, arreba nagusiak eta ilobek ere badakite jotzen... finean, familiaren instrumentua da». Oiartzabalen kasuan ere zerikusi handia izan zuen aitak, baita aitonak ere, musikariak baitziren biak: «Belarri ona omen nuen, eta zuzenean horrantz bideratu ninduten».

Ez da tresna erraza, trebatzeak ordu mordoa eskatzen du, eta, mundu horretan sartzeko grina handirik ez badago, zail da aurrera egiten. Oiartzabalek 17 urte zituela erabaki zuen hori izan zitekeela bere ofizioa, hain justu, unibertsitatea aukeratzeko momentua iritsi zitzaionean: «Orduantxe ikusi nuen argi, apustua eta ahalegina egiteko ordua zela». Profesionalizatu arterainoko bidea luzea izan bada ere, gustatu egin zaio, eta hortxe tinko jarraitzen du.

«Etxetik atera, halako antzoki garrantzitsura etorri eta jotzeko aukera izatea izugarrizko oxigenoa da».

LARRAITZ OIARTZABALBiolin jotzailea

De Felipek lehentxeago heldu zion; 14 edo 15 urte besterik ez zuen afizioa ofizio bilaka zezakeela iruditu zitzaionean: «Adin hori nuela Kontserbatorioko orkestrarekin Alemaniara joan ginen, truke moduko batean-edo, eta erabakigarria izan zen, gustu handiagoa hartu bainion biolinari». Gerora Alemaniara jo zuen ikasketak osatzera, eta bide batez lanera. Etxera itzultzeko garaia iritsi zitzaionean Euskadiko Orkestra jo zuen begiz: «Non hobeto, hor baino».

Proben mundu gogorra

Orkestren munduan sartzeko zailtasunak aipatu dituzte bi biolin jotzaileek. De Felipe: «Proben mundua oso gogorra da, biolinaren kasuan ez ezik baita beste edozein musika tresnatan ere, urte askoko prestaketa eskatzen baitu». Horrez gainera, norberaren maila, okerreko oinaz ez jaikitzea, epaimahaikideen iritzia edo umorea eta beste baldintza askoren eragina nabarmendu dute biolin jotzaile biek. Oiartzabalek halaxe laburbildu du: «Beti esaten dut egun horretan planeten konjuntzio bat norbere alde behar izaten dela».

Kanpora ateratzea oso estimatzen den gauza da, Oiartzabalen aburuz: «Etxetik atera, halako antzoki eder eta garrantzitsuetara etorri, eta jotzeko aukera izatea izugarrizko oxigenoa da». De Felipek «ohore handia» dela esan du: «Austrian, oro har, eta Salzburgon, bereziki, edozein txokotan arnasten da kultura». Ikus-entzuleek asko dakitela ere azpimarratu dute: «Orkestra asko entzun dituzte, eta oholtzara atera orduko nabari da giroan». Hortaz, jasotako txalo zaparradari aparteko garrantzia ematen dio horrek. Halako arrakasta «zalantzarik gabe, ospatu» egin behar dela azpimarratu du De Felipek.

Oiartzabal hogei urteren ondoren itzuli da Salzburgora. Ikasle gisa heldu zen estreinakoan: «Mozarten omenez antolatu ohi dituzten kurtso horietako pare bat egin nituen udan». Oraingo honetan, berriz, profesional gisa heldu da, eta aldea «nabaria» egin zaio. De Felipe ere etorria zen lehenagotik: «Baina estreinakoa ez den kasu horietan ere, lehen momentuko ilusioaz bueltatzen saiatzen naiz».

Austriarren txaloak ez ezik, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordearen aintzatespena ere jaso dute denek zuzenean: «Oso harro nago; zer ordezkaritza hobea, zuek baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.