Literatura

Sally Rooney: ‘millennial’ eta sakoneko

Bere laugarren eleberria eman du Sally Rooneyk: ‘Intermezzo’. Fenomeno literario bihurtua da jada, kritikaren babesarekin.

Sally Rooney, artxiboko irudi batean. KALPESH LATHIGRA
Sally Rooney, artxiboko irudi batean. KALPESH LATHIGRA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko urriaren 13a
05:25
Entzun

Literatur munduko Taylor Swift izatea egozten diote, gero eta modu nabarmenagoan, Sally Rooney idazleari (Castlebar, Irlanda, 1991). Batik bat, abeslariak baino eskala apalagoan izanagatik ere, hark ere ziztuan lortzen duelako jendea mugiaraztea zerbait kaleratzen duen aldiro, eta, bitartean, erdiesten duelako mundu osoko zaleak —emakumeak eta LGTBI komunitateko kideak gehienak— irrikan izatea haren esperoan, gosetuta bezala kasik. Konparazioak konparazio, hamarkada bat ere ez da bete Rooneyk lehenbiziko eleberria plazaratu zuenetik, eta jadanik ukaezina da nazioarteko fenomeno literarioa dela. Eta ez soilik mediatikoki edo salmenta datuei erreparatuta. Oro har, idazleak kritikaren onespena ere eskuratu du, orain arte argitaratutako lau nobelei esker. Irail hondarrean eman du azkena: Intermezzo.

County Mayo konderriko Castlebar herrian jaio zen Rooney, eta han eman zituen haurtzaroa eta nerabezaroa. Ondotik, Dublinera mugitu zen, ikastera: Ingeles Ikasketak. AEBetako literaturari buruzko master bat egin zuen gero. Eta, tartean, politikako graduondoko bat ere hasi zuen Rooneyk, baina bukatu ez. Hala eta guztiz, politikarekiko interesa eta konpromisoa agerikoa du bestela ere —idazleak hala nahita—. Marxistatzat eta feministatzat dauka bere burua, eta hala azaleratu ohi du, literatur lanetan ez ezik, soilik noizean behin eta bakarrik eleberriren bat kaleratu izanaren aitzakian ematen dituen elkarrizketa apurretan ere. 

Hala, Rooneyk tantaka kontatu ditu, esaterako, gazte-gaztetan literatur mundura hurbiltzeko eginiko urratsak. 15 urte zituenean idatzi zuen lehenbiziko eleberria —ez dago argitaratua—, eta, egun, «zabor total» gisara definitzen du lan hori Rooneyk berak. Dena dela, bistan da segitu zuela idazketa lantzen. Artean nerabe zelarik, zenbait poema plazaratu zizkioten The Stinging Fly aldizkarian, eta, dioenez, 2014a iristerako «etengabe» aritzen zen idazten, helburua argi: «Nire anbizioa ez zen nobelagile gaztearen titulua lortzea; ona izan nahi nuen, besterik ez». Berriki, aitortu du Gerard Manley Hopkins poeta irakurtzen duela egunero, egunean olerki bat memorizatu eta oroimena lantzeko.

Sally Rooney idazlea, artxiboko irudi batean.
Sally Rooney idazlea, artxiboko irudi batean. JONATHAN LLOYD DAVIES

2017an plazaratu zuen lehenbiziko nobela: Conversations with Friends. Eta urtebetera bigarrena, 2018an: Jende normala (jatorrizkoan, Normal people). Hain justu, batik bat bigarren horrekin lehertu zen Rooneyren sona. Alberdaniak 2020an eman zuen euskaraz, Irene Aldasorok itzulita. 

Eleberri horrek munduan toki bila dabiltzan bi gazteren arteko amodio istorioa kontatzen du; protagonistek pasioz betetako harremana dute, baina komunikazioa eskasa da haien artean, eta elkar ulertu ezinak eta bakoitzaren krisialdi eta oinazeek guztiz baldintzatzen dute haien artekoa. Maitasuna da gai nagusia, baina, pertsonaien bitartez, Rooneyk askotariko ideiak eta gogoetak txertatzen ditu kontakizunaren zirrikituetan; sexuari, matxismoari eta justizia sozialari buruzkoak adibidez. Eleberriak hainbat sari irabazi ditu, hala nola Costa Book eta Irish Book. Haren prosaren sentiberatasuna eta hitzen erabilera «inteligentea» laudatu dizkiote batez ere.  

Rooneyren lehenbiziko bi eleberriak pantailetara eraman dituzte, BBCn, hamabi kapituluko telesail banatan. Normal People telesaila 2020an estreinatu zen, eta Conversations with Friends-en oinarritutakoa, 2022an. Eta, ezinbestean, bi ikus-entzunezko horiek ere zabaldu dute Rooneyren izena lau haizeetara. 

Kaleratutako hirugarren eleberriak —Beautiful World, Where Are You (2021)— irakurleen babesa berresteko balio izan zion idazleari; hura ere izan zen best seller-a. Ordea, Rooneyk uko egin zion nobela hori pantailetara eramateko eskaintzari. The New York Times egunkariari aitortu zionez, nahiago du «liburuek beren kabuz egitea bidea» aurrerantzean.

Salto bat bide berean

Gaur egungo kontsumo joerei guztiz egokitutako marketin kanpaina baten ondotik kaleratu dute Rooneyren azkena: Intermezzo. Autorea, berez, uzkur izaten da jendaurrekoetan azaltzera, eta diskretu aritu da orain ere, baina, besteak beste Faber et Faber argitaletxekoek bultzatuta, eleberriak presentzia handia izan du sare sozialetan-eta, lana kaleratu aurretik ere.

Azkenerako, irailaren 24an eman dute eleberria, eta liburuak dagoeneko ekarri ditu zientoka erreakzio. Adibidez, nolabaiteko harridura eragin du pertsonaia nagusiei loturiko ezaugarri batek. Rooneyren gainerako lanetan ez bezala, protagonistak gizonak dira Intermezzo-n: Peter eta Ivan, aita galdu ondoko doluan diren bi anaia. Edonola ere, bi horiek beste emakume batzuekin dituzten maitasun harremanek eta, ondorioz, emakume horiek pentsatzen eta bizi dituztenek ere badute tokia nobelan. Eta, idazlearen iritziz, hori beti da inportantea, sinetsia baitago generoak «ezinbestean» baldintzatzen duela dena. «Baldin bazara behar bezain ernea eta kritikoa, aise ikusiko duzu nola funtzionatzen duen generoak gizartean; eta berdin da joko zelaiaren zer tokitan zauden zu: erreparatzea da kontua». 

Rooneyren nobela berrian —'Intermezzo'—, bi gizonezko dira protagonistak: Peter eta Ivan, aita galdu ondoko doluan diren bi anaia

Gainera, Intermezzo-ko protagonistak helduagoak dira aurreko eleberrietakoak baino. Idazleak iradoki duenez, bera ere zahartu izanak ekarri du hori. «Sentipena dut zahartu ahala askatasun handiagoa dudala bizipen mota gehiagori buruz idazteko». Eta, hala, are eta garbiago iradoki du haren literaturak franko edaten duela berak ikusitakoez eta bizitakoez. Berdin harreman afektiboez ari bada, edo kapitalismoaren zamaz; adibidez, Dublinen etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak ditu aipagai azken nobelan. 

Palestinaren askapenaren alde azaldu da Rooney askotan, eta sarri deitu du Israelen kontrako boikota egitera. 2021ean, uko egin zion Israelgo argitaletxe batek Beautiful World, Where Are You eleberria hebreerara itzultzeko eginiko proposamenari.

Euskaraz, Alberdaniaren Jende normala-z aparte, beste Soldata jauna narrazioa ere badago, Leire Vargasek itzulia. Irakurgai dago armiarma.eus atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.