Salaketa, iruzurrezko imitazioagatik

Dominique Lormierri Manex Goihenetxeren obra plagiatzea leporatzen dio Elkarrek. Epaileak uxerra bidali du informazio eske

Ezkerretik hasita, Manex Goihenetxe zenaren anaia Joanes, Elkarreko Peio Duhalt eta Peio Etxeberri-Aintxart. B. EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Joan den urte bukaeran salaketa «morala» egin zuten hogei bat historialarik, baina, aldi honetan, salaketa juridikoa du egin Elkar argitaletxeak, «iruzurrezko imitazioagatik». Oraindik ez da epaiketaren ordua, baina Bordeleko epaileak lehen seinale bat bidali du jadanik, eta baikorki baloratu dutena Elkarrekoek. Eta horretaz baliatu dira afera zertan den zehazteko.

Hasteko, gaiaren funtsa. Hau da, liburu bat. Dominique Lormierrek Geste etxearekin argitaratu Histoire du Pays basque (Euskal Herriaren Historia, 2016) izenekoa. Liburuko zati andana bat Manex Goihenetxe zenaren Histoire Générale du Pays Basque (Euskal Herriaren historia orokorra, 1999, Elkar) bildumatik plagiatu dituela dio Elkarrek. Anitz, eta zati luzeak, iturria zehaztu gabe. Hots, ez duela historialari lan bat egin. Bere burua historialari izendatu arren. «Historia zientzia bat da», gogoratu du Peio Etxeberri-Aintxart Elkar argitaletxeko arduradunak.

Kontua da Bordeleko epaileak uxerra bidali duela Geste argitaletxera. Lormierren liburuaz duten informazio guztia eskatu die. Liburu horren erreserba osoaz, zenbat ale, non, eta horrelako informazio zehatzak. Eta hori jadanik zerbait da. Arraro da, Elkarrekoei beren abokatuak erranik.

Ez du gehiago argitaratuko

«Kafe bat eskainiz errezibitu dugu», azaldu du Olivier Barreau Geste argitaletxeko zuzendariak. Lasai hartzen duela afera, plagio akusazioak askotan gertatzen direla. Hori bai, Lormierren libururik ez duela gehiago argitaratuko. Arrazoia beren alde izan ala ez: «Gure burua defendatzera behartzen gaituztelako. Ez da goxo. Epaileak bere lana egin dezala». Gerokoak geroko. Ez dela editorearen lana plagioa aztertzea, konfiantza egiten zaiola autoreari, kontratu bidez bermatzen dena: «Ni kontratu batek lotzen nau autoreari. Espero dut harentzat plagiorik ez izatea». Horren zain, segituko duela banatzen liburua. Gehiago dena: salaketek liburuari publizitatea egiten diotela poztu da editorea.

Lormierrek berak berresten du ez duela plagiatu. Goihenetxe iturri gisa aipatzen duela. Liburu anitz publikatzen ditu. Zenbait urtetan, bostetik gora urteko. Historia gai ezberdinei buruz, gainera. Lan hori guztia nola egiten duen galdetutakoan, bere ogibidea liburuak idaztea dela argudiatu izan du. Eta «adimen koziente handikoa» dela.

Oraingoz, epaileak ez du debekatu liburuaren banaketa eta salmenta. Nahiz eta hasiera batean hori ulertu Elkarrekoek. Salmenta debekatzeakkostu bat luke salaketa jarri duenarentzat: 10.000 euro. Garestiegia, Elkarren iritziz. 6.000 euro aitzinatuak ditu jadanik. Hori bai, Elkarrek iragarria du ez duela negoziatzeko asmorik, eta bururaino joan nahi duela. Horrelako kasuetan gertatzen baita antolabideak adostea.

Lormierren kasuan, preseski, hori jada gertatu dela azaldu du Etxeberri-Aintxartek. Probintziako autore batek deitu izan du Elkarrekoa, hain zuzen, ez dezaten amore eman eskatuz. Hura ere plagiatu zuela Lormierrek, baina «jasan presioengatik», bakarrik eta baliabide gutxirekin, negoziatzea onartu zuela azkenean.

Etxeberri-Aintxartek argi utzi nahi du auzia baino urrunago doala kontua; Euskal Herria liburugintzan ere merkatu bat bihurtua dela. Argitaletxe handiagoen artean ere, saltegi handietan saltzeko aukera gehiago dutenak. Erosleei «kontzientzia harrarazi» nahi die, «izpiritu kritiko bat» ukan dezaten. Liburugileak ere baditu jomugan: «Nehork ez badu deus erraten, kopiatu daitekeela pentsa dezakete. Lanak berenganatuz beren interesen alde. Kalitate txarreko bertsioak eginez. Ba, ez. Euskal Herria ez dela salgai erraten dugularik, horrek balio du kulturaren arloan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.