Urdaibain (Bizkaia) Guggenheim museoa eraikitzeko proiektuaren aurkako dinamikan bide berriak urratzen hasia dela jakinarazi du Zain Dezagun Urdaibai elkarteak, ohar baten bidez. Alde batetik, azaldu du urtarrilean Espainiako Auzitegi Nazionalean jarri zuen demanda zabaldu egin duela. Salaketa hura museoa eraiki nahi duten inguruari babes eremua murrizteko erabakiaren aurka aurkeztu zuen elkarteak, eta beste eginbide eta dokumentazio batzuk gehituta zabaldu du orain.
Zain Dezagun Urdaibai elkarteko kide Erroxeli Ojinaga Filibik BERRIAri azaldu dionez, 1940ko hamarkadan Muruetako ontziolak martxan jartzeko kontzesioa jaso zuenetik gaur arte, hamaika legek zehaztu dute ingurunearen babes hori, eta bide berean doazen epai irmoak ere badira. Hala, horiek betez gero, ezingo litzateke museoa eraiki, elkartearen hitzetan. «Guk esaten duguna da nahikoa aurrekari juridiko daudela babes neurriak ongi hartu zirela baieztatzeko, eta hori irmoa eta eztabaidaezina dela». Ojinagak gehitu du administrazioak ezin duela berak hartutako neurrien aurka jo, ez eta aurrez legez babestu dituen eremuak murriztu ere, «oinarrizko printzipio bat» dela hori.
Bestetik, elkarteak azaldu du lanean ari direla bai Europako Batzordearen aurrean bai Unescoren aurrean egoera salatzeko. Ojinagaren hitzetan, jada ari dira hainbat bide lantzen. Eta, era berean, beste ekinbide batzuk ere martxan dituztela gogorarazi du elkarteak, «EAEko biosfera erreserba bakarrean abian dauden ingurumen eraso basati eta mota askotakoak bertan behera uztea helburu dutenak».
Informazioak «ezkutatzen»
Zain Dezagun Urdaibai elkarteak oharrean salatu du administrazioa jakinaren gainean dagoela bai haien ekimenaz bai beste batzuez, baina ez dituztela aintzat hartzen. «Eta are larriagoa dena, iritzi publikoari honelako informazio garrantzitsuak ezkutatzen saiatzen ari dira», deitoratu du, eta gogorarazi oinarrizkoa dela herritarrek auziari buruzko informazioa izatea.
«Azken batean, fundazio pribatu batekin proposatutako makroproiektu turistikoa baino ez den zerbaiten zerbitzura dagoen finantza eragiketa bat da hau, ez besterik», salatu du elkarteak. «Fundazio pribatu horren interesen sustatzaileek bai ala bai egingo da legea inposatu nahi digute».