Salaketa bat jarri dute Evaristoren kontra, Polizia iraintzea leporatuta

Gatillazo taldeko abeslariaren aldeko elkartasun olde bat zabaldu da sare sozialetan. 100 eta 600 euro arteko isuna jar diezaiokete

Evaristo Paramos, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«Policías, sois unos hijos de puta» (Poliziak, putaseme batzuk zarete). Jerez de la Fronteran (Espainia) egindako Primavera Trompetera jaialdian emandako kontzertuan bota zuen esaldia Evaristo Paramosek, Gatillazo taldeko abeslariak; saioaren amaieran, hain zuzen ere. Berehala, guardia zibilak joan zitzaizkion, identifikatzera, eta, gerora jakin denez —Guardia Zibilak berak Twitter bidez adierazita—, salaketa jarri zioten, Herritarren Segurtasunerako Legearen—Mozal legea deitzen zaio— ustez 37.4 artikulua urratzeagatik. Artikulu horrek segurtasun indarrei errespetua galtzea aipatzen du. 100 eta 600 euro arteko isuna jaso lezake horregatik.

Larunbatean albistea zabaldu zenetik, La Polla Recordseko abeslaria izan zenarekiko elkartasun mezuak zabaldu dira sare sozialetan, eta ez dira gutxi talde haren kantuak zabaldu dituztenak. Ordezkari politikoek ere salatu dute gertatutakoa. Hala, EH Bilduk, kantariari ez ezik, «euren kantuen bidez sistema kritikatu eta horren ondorioz mehatxupean dauden artista guztiei» helarazi die bere elkartasuna, eta, atzo bertan, Jon Inarritu senatariak La Pollaren kanturen bat ekarri zuen gogora Felipe VI.a Espainiako erregeari buruzko galdera batean. Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren iritziz, berriz, Evaristorekin gertatutakoak «demokraziaren usteltzeaz hitz egiten du». Txalaparta argitaletxeak ere elkartasuna adierazi dio abeslariari, eta haren ideiak zabaltzen segituko duela gaineratu du. Musikariak idatzitako Por los hijos lo que sea liburuaren argitaratzailea da Txalaparta.

PDLI Informazio askatasunaren defentsarako plataformak, bestalde, salaketa ez tramitatzeko eskatu die Espainiako Gobernuak Andaluzian duen ordezkariari eta Cadiz probintziako ordezkariordetzari. Haren iritziz, punk musikari lotuta doaz sistemaren ordezkarien aurkako hitzak: «Punka ez litzateke punka Poliziaren eta Guardia Zibilaren kontrako hitz lodirik gabe. Punkak Sistemaren aurka egiten duelako. Adeigabe guztiei isunak jartzen hasten badira, salaketa inprimakirik gabe geldituko dira». Horrekin batera, PDLIk Mozal legea indargabetzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.