Salaberriak agerian utzi du mitoa eta formaren arteko konfrontazioa

Manolo Laguilloren argazkien bidez «ariketa formal bat» planteatu du Carreras Mugica galeriako erakusketan

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Inkontziente/kontziente erakusketan Xabier Salaberriak (Donostia, 1969) jarritako argazkiak ez dira bereak. 1937an Parisen irekitako Errepublikaren pabiloiaberreraikitzeko asmoz 1992ko Olinpiar Jokoetan Bartzelonan altxaturiko eraikina ageri da irudietan, eta Manolo Laguillok egin ditu, aurrez Salaberriak emandako irizpideen arabera, hori bai. Argazkiak Laguillok egin dituenez, Salaberriak «distantzia bat» markatu du lan horiekiko Bilboko Carreras Mugica galerian. Dioenez, bi eratara interpreta daitezke: «Dokumentu bat izan daitezke, egia baten lekukotasun bat. Edo bestetik izan daitezke artistikoak». Ordea, Salaberriak beste bide batetik eraman nahi izan ditu argazki horiek, bestelako esanahi bat eman, «arkitektura horren mitifikazioa auzitan jartzeko». «Ariketa formal bat» egiteko, eta mitoa eta forma aurrez aurre paratzeko.

Picasso eta Calder

Laguillok argazki saldoa egin zuen. Eta horien artean, poetikoagoak ziren batzuk, eta arkitekturari estuago lotzen zitzaizkion beste batzuk. Hautaketa egitean, Salaberriak ezelango osagai narratiboa zutenak baztertu, eta orden jakin bat eman barik aurkeztu ditu erakusketan, euren artean inongo sekuentziarik ez osatzeko moduan.

Parisko Errepublikaren pabiloiak eginkizun propagandistikoa izan zuen. Eta han erakutsi zituzten, besteak beste, Pablo Picassoren Gernika eta Alexander Calderren Mercury fountain ederlanak. Hain zuzen, Calderren obra horren berrinterpretazioa egin du Salaberriak Inkontziente/kontziente erakusketan jarritako eskultura batean. «Picassoren Gernika pabiloi horretatik pasatutako ikonorik famatuena da; eta Calderren obra beste parametro batzuetan kokatzen da: ez da hainbeste mitifikatu eta askoz ere abstraktuagoa da». Berriz ere agerian utzi du mitoa eta formaren arteko konfrontazioa, talka eta tentsioa. Garai bateko moldeak baliatu, eta egungo joera batzuk zalantzan jarri ditu artistak. Ez du nahi lasaitasuna transmititu. Kontrara: tentsioa eragin eta kontraesana bistan utzi nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.