Musika

Sakonerantz hazten

Courtney Barnettek emozioak azalera atera ditu 'Tell Me How You Really Feel' bigarren diskoan, arrakasta eman dioten moldeak baztertu gabe, baina sakonago jotzeko xedez.

Courtney Barnett zuzeneko emanaldi batean, 2017. urtean. ANDY WITCHGER.
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Espero liteke bere lehen disko luzeari Sometimes I Sit and Think, and Sometimes I Just Sit izena jartzen dion norbaitek txantxetarako jarrera edukitzea; are gehiago, Avant Gardener izeneko abestian azaltzen badu alergiak antsietatea sorrarazten diola loreak zaintzen dituenean. «Zupa egiten diot asma inhalagailuari/ Gaizki egiten dut/ Sekula ez naiz ona izan bong-ak erretzen/ Ez naiz hain ona arnasa hartzen». Courtney Barnettek ez du, ordea, inori adarra jotzeko asmorik. Sydneyko musikari barnerakoiak umore hotzarekin eta adierazkortasun handirik gabeko kantaerarekin abestutako pasarte sakabanatuekin egiten dio aurre bizitzari.

Sydneyn jaio zen Barnett, 1987. urtean, «aldiriko klase ertaineko auzo aspergarri samar» batean. 2012an, Milk Records zigilua sortu zuen bere lanak kaleratu ahal izateko, eta, zanbait EP eta disko luze bat atera ostean, Tell Me How You Really Feel lana eman zuen argitara duela urtebete. Aurreko diskoa baino txikiagoa da hura, barrura begirakoa: sentitzen duen guztiaz aritzeko hitz egokiak ez edukitzeaz kantatzen du orain. Etzi, Euskal Herrian aurkeztuko du diskoa, Miarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoan.

I've Got a Friend Called Emily Ferris (2012) eta How to Carve a Carrot Into a Rose (2013) EPekin hasi zuen bidea Barnettek, eta bi lanak elkartu zituen gero, The Double EP: A Sea of Split Peas diskoan (2013). Orduan lortu zuen sona nazioarteko zenbait hedabidetan, Avant Gardener singlearekin, batez ere.

Arrakasta, dena den, Sometimes I Sit and Think, and Sometimes I Just Sit lehen lan luzearekin iritsi zen, 2015. urtearen hasieran. Pedestrian at Best eta Depreston kanten oihartzuna nabarmena izan zen mundu osoan, eta musikariaren izena hasi zen zenbait jaialditako karteletan agertzen. Courtney Barnett indie rockaren izen ezagun bilakatu zen denbora gutxian.

«Azkarra, baina ez intelektuala; apala, baina ez ahula; iraganekoa, baina ez modu melodramatikoan». Orduan horrela deskribatzen zuen prentsak Barnett. «Anomalia original bat» izan zen haren agerpena. «Ezer gertatzen ez denean gertatzen dena» kontatzeko modu biziak irabazi zuen entzuleen eta kritikarien bedeinkapena.

Abisatu zuen Pedestrian at Best kantuan: «Goraipa nazazue/ soilik desengainatu egingo zaituztet». Askotariko erreakzioak izan ditu Barnetten musikak, eta sareko troll batzuen purrustadak ere jasan behar izan ditu tarteka. «Letra zopa katilukada bat har nezake, eta zuk baino hitz hobeak bota ahotik», esan zion batek Twitterren. Esaldia hartu, eta Tell Me How You Really Feel diskoko Nameless, Faceless kantura eraman zuen musikariak, hari erantzuteko: «Baina ez zenuen egin».

Emozio gehiago

Aurreko lanak baino «zaurgarriagoa» da azkena, Barnetten beraren hitzetan. Izenburuak bi esanahi izan ditzake: «Izan daiteke eskaera zintzo bat edo amaiera sarkastiko bat». Musikariak bitasun horretan sortu du diskoa;ezer ez dakiela dioen arren, egoerak berak jarreraren bat hartzera daramala.

Haserrez kantatzen du batzuetan, sareko trollen eta misoginiaren beste edozein adierazpideri erantzuteko. Nameless, Faceless kantuaren atzetik dator I'm Not Your Mother, I'm Not Your Bitch indartsua. Inoiz baino gehiago, diskoan emozioei aterabidea eman diela aitortu izan du musikariak. Aurretik estali edo beste modu batera landu dituen gauzak azalera atera ditu orain, deserosotasunarekin borrokan.

Ohi duen estilo jostalarian, asmatutako hitz batek ematen dio izena diskoaren lehen kantari: Hopefulessness. Etsipenarekin hasi, eta baikor bukatu: Sunday Roast kantu goxoak ixten du diskoa. 13 urterekin idatzi zuen gitarraren doinua. Ezker eskuko hatzekin jotzen du gitarra, zia erabili gabe, berea duen estiloan.

Tell Me How You Really Feel-en ere badira single aipagarriak, eta Charity eta Need a Little Time kantek, besteak beste, agerian utzi dituzte beste behin Barnetten dohainak. Gitarraren soinu landuek garrantzi gehiago dute, eta kantetako hitzek bide kriptikoagoa hartu dute diskoan. Musikariak hizkuntza propio batean hitz egitea lortu du dagoeneko: lehen kolpeko gozamenaren ondoren, sakontasunak hartu du indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.