Dabilen pentsamendua. Hori da Jakin aldizkariaren lelo berria. Badabil Jakin, eta badabil haren ingurua ere. Izan ere, aldaketa mordoa izango ditu aldizkariak hemendik aurrera. Leloa ez ezik, argitalpenaren eta webgunearen diseinua berritu dituzte, eta editore lanak beste talde batek egingo ditu. «Bide berean jarraitzen dugu, baina aldiro berritzeko helburuarekin», adierazi du Lorea Agirrek (Beasain, Gipuzkoa, 1968), Jakin-eko zuzendariak. Gaur egingo dute «soineko berriaren» aurkezpena, Donostiako San Telmo museoan.
Aldaketaz josia hasi du 'Jakin'-ek ikasturtea. Aldaketen beharrean al zegoen aldizkaria?
Jakin aldizkaria duela 68 urte sortu zen, eta euskal pentsamenduaren aldizkari kanonikoa izan da gaur arte, edo da. Ekarpen handiak egin dizkio bai nazioaren auziari, bai hizkuntzaren auziari; garaian garaiko auziei. Hor talde finko bat egon da kasik 66 urtean. Duela hamar urte errelebo bat izan zen. Hedabideak une oro ari dira aldatzen, eta Jakin bere historian joan da diseinua eta bestelakoak aldatuz, garaikidetasunaren bila, baina beti oso antzekoa izan da. Orain aldaketa pixka bat handiagoa da, itxurari dagokionez. Ia bi urteko prozesu bat izan da.
Zer-nolako lanketak egin dituzue bi urte horietan?
Bereziki gazteen profil jakin batzuekin lan egin dugu. Auzi sozial, politiko, linguistikoekiko kezka dutenak, nolabait politizazio maila bat dutenak, akademian ikertzen ari direnak... Horiei galdetu diegu nola ikusten duten Jakin, zer uste duten dela, zer irudi duten, eta zer izan beharko litzatekeen. Prozesu horretatik abiatuta datoz aldaketatxo hauek. Sakoneko korrontearen aldaketa garrantzitsuagoa da aldaketa estetikoa baino. Eztabaidaren plaza zabaltzea eta ahalik eta jende gehiena sartzea da gure helburua.
Hasteko, diseinua berrituko duzue. Zer berezitasun izango ditu?
Irantzu Pastorrek egingo du azaleko argazkia; monografiaren mamia irudiz jantziko du. Sail berri bat jarri dugu abian, Jakin filosofatzen du izena. Itziar Ugartek egingo du. Elkarrizketak izango dira, galdera eta erantzun hiperlaburrez osatua; jostaria, baina ez horregatik sakontasun eta mamirik gabea. Gure asmoa da elkarrizketa edo mahai-inguru formatuak —azken urteetan ere sartu ditugunak— gehiago sartzea. Artikuluak mantentzen jarraituko dugu, hori baita gure ezaugarri nagusia. Itxura aldetik, apur bat handiagoa izango da aldizkaria.
Webguneari ere astindua emango diozue.
Goitik behera aldatu eta berrantolatuko dugu. Gure webgunea berezia da. Aldizkariaren beraren edukiak egoteaz gainera, gauza gehiago ere badaude: egiten ditugun podcastak, ikus-entzunezkoak... Bestalde, gure ondare nagusietako bat da digitalizazio lana. Alde batetik, Jakin osoa, azken 68 urteetakoa, hor dago. Gero, euskal pentsamenduaren digitalizazioa ere badaukagu. Jakin-en egitekoa ere bada, eguneko auziei heltzeaz gain, egin gabeko genealogiak eraikitzea eta berreskuratzea; euskal pentsamenduarena, oro har, eta horren barruan emakumeek idatzitakoa. Webgunean, itxurazko aldaketez gainera, barrenekoak ere badaude: askoz hobeto antolatua dago, askoz ere eskuragarriagoa da, bilatzaile indartsu bat du... Gure lan guztia jendearen eskura klik batean jartzeak lan handia eskatzen du.
«Eztabaidaren plaza zabaltzea eta ahalik eta jende gehiena sartzea da gure helburua»
Bestetik, editore taldea ere aldatuko duzue. Zeintzuek osatzen zuten hori lehen?
Talde editoriala duela hamar urte martxan jarri genuen formula bat izan zen. Orain hamar urte martxan jarri genuena honako hau izan zen: Haizea Barcenilla arte kritikaria, Harkaitz Cano idazlea, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkaria, Patxi Juaristi soziologoa, Joanmari Larrarte Elkar fundazioko patronatuko lehendakaria, Maialen Lujanbio bertsolaria, Imanol Murua kazetaria, Andoni Olariaga filosofoa, Olatz Osa editorea, Gexan Sors editorea eta Eguzki Urteaga soziologoa. Hamar urtean oso esperientzia ona izan da, eta talde horrekin asko ikasi dugu. Hori ikusi da gaietan, nola tratatu diren, ze autore ekarri diren...
Eta orain, zeintzuen esku geratuko da ardura hori?
Kasu honetan talde txikiagoa izango dugu orain. Jitez ere, formula desberdina da. Oraingoak dira: Garazi Arrula idazle eta editorea; Iratxe Retolaza literatur kritikari eta idazlea; Cira Crespo historialaria, kanpo-barne begirada oso interesgarria eskaintzen duena; Sustrai Colina bertsolari eta idazlea, pentsalari sozial bat ere badena; Mikel Urdangarin filosofoa; eta Xabier Landabidea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta teknologia berrietako kontuetan aritzen dena. Oso gustura gaude taldearekin. Beste belaunaldi bat sartzen dugu, eta ziur nago ekarpena egingo diotela Jakin-i, eta igarriko dela gaitegietan.
263. eta 264. zenbakiak aurkeztuko dituzue gaur, monografiko bikoitz moduan. Zein izango da gaia?
Kasu honetan, urtero egiten ditugun Jakin jardunaldien emaitza da. Gaia aukeratu nahi izan dugu jakinda diseinu berriarekin joango zen zenbakia izango zela. Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka izena du. Gatazkaren zedarritzea egiten da aldizkari honetan; gatazka, gatazka nazional gisa definituz.
«Guk geure burua kontatu eta pentsatu behar dugu, gure esperientzia bitaletik; bestela, besteek kontatuko digute zer garen»
Eta zer-nolako piezak jasoko ditu?
Esaterako, memoriaren, boterearen eta gatazkaren arteko harremanaz Iñaki Sagardoik egiten du artikulua. Olatz Dañobeitiak bere tesiaren inguruko artikulu bat idatzi du: ezker abertzaleko emakumeen bizipenak jasotzen ditu, eta zer ekarpen egin dioten abertzaletasunari, militantziari eta feminismoari. Maider Galardik ere bere tesiari lotutako testu bat idatzi du; nolabait esanda, euskal gatazkaren irakurketa bitarra gainditzeko proposamen transfeminista egiten du. Samara Veltek, beste artikulu batean, gatazka in-situ ezagutu ez duten gazteek zein transmisio jaso duten eta zer uste duten jasotzen du. Azken horri lotuta, gaur egungo gazteek memoriari nola heltzen dioten jakiteko hiru begirada eskainiko dira: Onintza Legorburu eta Ane Alberdirena; Julen Diaz de Argoterena; eta Mikel Ibarguren eta Ekain Albiterena.
Hemendik aurrera, zer-nolako bidea ikusten diozu 'Jakin' itxuraldatuari?
Euskal pentsamendua beharrezkoa da. Guk geure burua kontatu eta pentsatu behar dugu, gure esperientzia bitaletik; bestela, besteek kontatuko digute zer garen. Beti ari gara kanpoko begiradaren markoan geure burua pentsatzen. Hori ikaragarrizko okerra da, eta galera handia. Euskal pentsamenduaren aldarrikapena egin behar da, bai eta pentsatzearen garrantziarena ere. Alde horretatik, Jakin-ek jarraitu beharko du horren plaza izaten. Horrek esan nahi du adi egoteko gaitasuna eta talentua behar dituela izan; zer gai dauden, zer korronte dauden azpitik, zer aldamio dauden, zer aldamio eraitsi behar diren...