Ia hamar urtez egon zen libururik argitaratu gabe Ramon Saizarbitoria. Iaz plazaratu zuen, isilune luzearen ostean, Martutene (Erein) nobela luzea. Hamalau urte egon zen libururik argitaratu gabe Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Iaz plazaratu zuen Bitan esan beharra (Alberdania) poema liburua. Biak saritu ditu Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak. Saizarbitoriarenak narratiba arloko Kritikaren Saria irabazi du, euskarazko literaturaren alorrean, eta Arregi Diaz de Herediarenak, poesiaren arloan.
Saizarbitoriak erruaren gaia landu du, batez ere, Martutene lanean, eta kaleratu denez geroztik, oihartzun handia izan du. Zenbaitentzat dagoeneko euskarazko inoizko nobelarik esanguratsuena da, mardula izateaz gain. Markos Zapiain literatur kritikariak «betiko gaiak» jorratzen dituela esan zuen liburuaren aurkezpenean, «baina ikuspuntu berri batetik, eta beharbada, ez orain artekoetan bezain modu ilunean. Bizitzaren aldeko aldarria dago, eta hori bada berritasuna». Liburua idazteko orduan «libre» aritu zela nabarmendu zuen Saizarbitoriak: «Ez dut izan ia ezeren beldurrik. Gero eta gauza gutxiago dut galtzeko. Zahartzaroak baditu gauza onak...».
Bizitza eta artearen loturaz
Artea, maitasuna eta heriotza ardatz hartuta ondu zuen Bitan esan beharra Rikardo Arregi Diaz de Herediak. Amodio erromantikotik aldendutako poesia landu du egileak liburu horretan — «gaur egun indarrean den amodio erromantikoarena oso gauza berria da»— eta bizitza eta artearen arteko lotura arakatzen du: «Bizitza eraiki egiten dela esan nahi izan dut. Ez duzula identitate finko bat. Nortasuna eraiki egiten dela. Landu egiten duzu. Inportantena ez da zer naizen, baizik eta zer izan nahi dudan», adierazi zuen liburua atera berritan.
Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak atzo jakinarazi zituen aurtengo sarituak zein diren, euskarazkoez gain, gaztelaniazko, galizierako eta katalanerako lanetan. Katalanerakoetan Jordi Cocaren En cautre la tarda izan da saritua narratiban eta Jordi Llavinaren Vetla poesian. Galizierakoetan, Begoña Caamañoren Morgana en Esmerelle eta Manuel Alvarez Torreiroren Os ángulos da brasa poesian saritu dituzte, eta gaztelaniazkoetan, Clara Usonen La Hija del Este eta Juan Carlos Mestreren La Bicicleta del Panadero.
Epaimahaiko buru Angel Basanta izan da, eta euskarazko lanen hautaketa Javier Rojo kritikariaren esku egon da. Fernando Valls, Javier Goñi, Pilar Castro, Enrique Turpin,eta beste hainbat izan dira epaimahaiko kide.
Saizarbitoriarentzat eta Arregi Diaz de Herediarentzat Espainiako Kritikaren Sariak
'Martutene' nobela saritu dute euskarazko narratiban, eta 'Bitan esan beharra' poema liburua poesian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu