Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Finalean kantatu duen emakume bakarra izan da, eta Estitxu Arozena Albizuk jantzi dio txapela. Hain zuzen, duela 26 urte Bertsolari Txapelketa bat irabazi zuen lehen bertsolari emakumeak. Bide luzea egina du Arozenak bertso irakasle gisara ere.
Ikusi gehiago. Gorka Azkarate: Ahizpatasuna Anaitasunan
Txapela jantzi ondoren, honela kantatu du azken agurra Alkaizak, bazterretara keinu eginez:
"Besarkada bat langile auzoetako aldera
erdaldunen seme-alabok hor ikasi dugu euskera
eta mundu bat da jaso duguna horrekin batera
euskerak behar du ofiziala, Lesakatik Cascantera
eta orain musu handi bat iraultza den gorputzera
ez-bitarra, queer-a, transa, marika eta bollera
mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera"
Finalista guztiak izan ditu aipagai Arozenak, txapela janzterakoan. Amaieran Alkaiza aipatu ondoren, horrela bukatu du bere bertsoa: "Orain zu zara txapeldun handi ta hor zaudeten beste andana / alaba gisa hasi nintzen ni gaur aunitzen bertso-ama / ohore bat da familia hau hazten ikusi izana".
Ofizioz ofizio saio bikaina egin ondoren, Eneko Lazkoz Martinezekin jokatu du buruz burukoa Alkaizak. Saioaren amaieran, honela geratu da sailkapena:
-Saioa Alkaiza Guallar, 995 puntu
-Eneko Lazkoz Martinez, 992
-Julio Soto Ezkurdia, 627,5
-Joanes Illarregi Marzol, 596
-Xabier Silveira Etxeberria, 592,5
-Xabat Illarregi Marzol, 582,5
-Josu Sanjurjo Altzuri, 580,5
-Eneko Fernandez Maritxalar, 573
Izaban hasi zuen bidea aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak, urrian; eta, Tafalla, Zangoza, Doneztebe, Altsasu, Berriozar eta Leitzatik igaro ondoren, Iruñean amaitu da, gaur.