Saio laburren plaza

Gaurtik larunbatera bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko ordu erditik beherako 22 ikuskizun izango dira Act jaialdian, Bilbon eta Barakaldon

BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatzen du Act jaialdia, 2004tik. Irudian, BAIko kideak. ACT JAIALDIA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Gehienez, ordu erdiko tartea dute artistek: 30 minutu, zer egiteko gai diren erakusteko. Gaur hasiko da Act Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdia, eta, larunbata bitartean, 22 ikuskizun bilduko ditu Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia), iraupen laburrekoak denak. Hamaseigarren aldia da aurtengoa, eta arriskuaren ideiaren jiran antolatu dute egitaraua. «Arriskua giza jardueraren katalizatzaile gisa ulertzen dugu; berrikuntzarako, ezinbesteko; ikerkuntzarako, berezko; eta hizkuntza zein gai berriak proposatzeko, beharrezko». Antolatzaileek azaldu dutenez, 778 proposamen jaso, eta horietako hamabost aukeratu dituzte lehiarako. Horiez gain, beste zazpi pieza ere erakutsiko dituzte lehiaz kanpo. Euskal Herriko konpainiak eta mundu osoko hamaika talderen lanak izango dira jaialdian. Korea, Suitza, Alemania, Frantzia, Italia eta Herrialde Katalanetakoak, besteak beste. Irekiera ekitaldia gaur egingo dute, eta atzo La memoria del cuerpo: formas en el espacio tiempo dantzari buruzko dokumentalaren emanaldia egin zuten Bilborock aretoan, aurrerapen gisa.

Arte eszeniko berritzaileak sustatzea da Act jaialdiaren helburua, eta horretarako plaza bat eskaintzen die artista gazteei. BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak abiatu zuen egitasmoa, 2004an, eta garrantzia hartuz joan da nazioarteko arte eszenikoen jaialdien eremuan. Aurtengo datuak horren erakusle dira, lehian aritzeko 65 herrialdetako 778 proposamen jaso baitituzte, eta, antolatzaileen hitzetan, «nazioarteko joera eszenikoen panoramika» osatzen dute. Jauzi kualitatiboa eman dutela diote, orain artean iritsi ez diren herrialdeetara iritsi baita Act jaialdia hamaseigarrenean. Aurreko aldietan baino proposamen gehiago ere jaso dituzte, eta, zehaztu dutenez, «zorrotza» izan da hautaketa prozesua. Guztira, 22 lan aukeratu dituzte, dantzaren, performancearen, antzerkiaren eta zirkuaren esparrukoak, «anarkismoa, kontrol teknologikoa, zahartzaroa eta gerraren zentzugabekeria lantzen dituztenak».

Pieza laburrak erakutsiko dira, baina luze joango dira egun bakoitzerako antolatutako emanaldiak, bi edo hiru obra izango baitira saio bakoitzean. Gaur, kasurako, hiru ikuskizun batuko dira Bilboko Kafe Antzokiko hasiera ekitaldian. Israelgo Kulu Or konpainiak Control Freak ikuskizuna eskainiko du, Birminghamgo Be Festival jaialdian ACT saria irabazi zuena, eta, haren ondoren, iazko Act jaialdiaren irabazlea taularatuko da: Koreako Yang Han konpainia. Trigger Warning ikuskizun berria erakutsiko dute oraingoan, Roxane Gay idazlearen Bad Feminist liburua (2014) ardatz hartuta ondutako lana. Bukatzeko, Suitzako Nemie Cuerel artistak The Rose ikuskizuna egingo du, hamar minutukoa. Eta antzera gainontzeko lau egunetan ere.

Bilboko Kafe Antzokia eta Barakaldo antzokia dira jaialdiaren egoitza nagusiak: han ikusi ahalko dira jaialdian lehian arituko diren hamabost piezak. Larunbatean, baina, lehiatik kanpoko ikuskizunak bilduko dituzte Guggenheim museoak eta Barakaldoko Bagatza auzoan jarriko duten Zirkodomoa izeneko karpak. Museoan, Europako Batasunak bultzatutako Creative Europe programaren barruan dauden bi pieza izango dira, zehazki: Belgikako Bosse Provoost & Kobe Chielens de Polen konpainiaren Moore Bacon! eta Romain Beltrao & Supercabres taldearen Legende.

Lehia baino gehiago

Act jaialdiak ikastaroekin osatuko du egitaraua: ostegunean, Sra. Polaroinskak lau orduko saioa egingo du Barakaldo antzokian, eta, ostiralean, Ricardo Iniesta aktoreak tailerra egingo du toki berean. Sortzaileak eta programatzaileak elkartzeko zita ere bada jaialdia, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko eta nazioarteko 25 programatzaile inguru elkartuko dira egunotan. Artistekin batera, gaur egungo arte eszenikoen egoerari buruz gogoetatuko dute beren-beregi sortu duten Actmosfera izeneko espazioan. Artaziak arte hezkuntzako taldeak gidatuko ditu saioak.

Bilboko Kafe Antzokian egingo dute itxiera ekitaldia, ekainaren 1ean, larunbatean, 22:00etan, eta orduan emango dituzte sariak ere. Sari nagusia 2.000 eurokoa da, eta aukera ematen du Bizkaiko Antzerki Ikastegian hilabeteko egonaldia egiteko eta datorren urtean jaialdian lan berri bat aurkezteko. Nola ez, ikuskizunekin bukatuko dute jaialdia: iazko irabazlearen pieza ikusi ahalko da, eta BAIk lan bi erakutsiko ditu; biak genero auziei lotutakoak.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.bai-bai.net/act
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.