Saileko hiltzailearen zain

Javier Rebollok eta Alvar Gordejuelak zuzendutako 'Txarriboda' filma grabatuta, orain postprodukzio lanetan dabiltza.Urte hondarrean estreinatuko dute zinema aretoetan

Alvar Gordejuela eta Itziar Atienza, Txarriboda filmaren grabazio lanetan..
Iker Tubia.
2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Oraindik ez dago data jakinik, baina urte hondarrean euskarazko thriller bat ikusteko aukera izanen da zinema aretoetan. Saileko hiltzaile bati buruzko istorioa kontatzen du Javier Rebollok eta Alvar Gordejuelak elkarrekin zuzendutako Txarriboda filmak. Uztailean bukatu zituzten grabazio lanak, eta orain pixka bat deskantsatzeko aukera izanen dute, postprodukzioa hasi baita.

Txerrien hilketekin baino gehiago, gizakien hilketekin loturik dago filma. Fran abere-hiltzailea (Mikel Losada) ezkondurik dago, eta emaztearen aberastasunari esker bizi da. Halako batean, dena galtzeko arriskuan ikusiko du bere burua. Hogei urte lehenagoko saileko hiltzaile baten jarduteko modua kopiatu, eta emakumeak hiltzen hasiko da, bere burua salbatzeko modu bakarra delakoan. Bien bitartean, Clara Bearan komisarioa eta Igartua ofiziala (Itziar Atienza eta Patxo Telleria) hilketak argitzen saiatuko dira.

Ez da Rebollok eta Gordejuelak elkarrekin lan egiten duten lehenbiziko aldia. Anfitrioi berezia filmean egin zuten topo, Rebollok zuzendari gisa eta Gordejuelak aktore lanetan. Gordejuelak esku artean zuen ideiaren berri eman zion Rebollori: Alaba zintzoa filmaren gidoia egiten ari zen. Orduan, bere lana zuzentzen zuenak berekin batera grabatu nahi zuela esan zion. Gordejuelak ez zuen dudarik izan: «Nik baiezkoa eman nuen, aktore moduan ere hazteko aukera ezin hobea zelakoan».

Orain Txarriboda zuzendu dute elkarrekin. Erronka handia izan da Gordejuelarentzat, zuzendari eta aktore lanak uztartu baititu. «Lanak banatzen saiatu behar duzu; bestela, antzezten ari zaren bitartean kamera non dagoen, argian eta abarretan pentsatzen ibiltzen zara». Gogoan du aurretik zuzendutako filma: Alaba zintzoa. Han ez zuen rolik jokatu; beraz, zuzendariak soilik zuzendari ziren.

Hala ere, erronka gainditu duelakoan dago, eta grabaketa aldian egindako lanarekin konforme azaldu da. «Rebollo gehiago arduratzen da alor teknikoaz: kamerak, argiak... Eta ni, berriz, aktoreak zuzentzeaz, eszenaratzeaz eta abar».

Akzio bizia

Filmaz hitz egitean, akzioa nabarmendu du. Haren aburuz, euskaraz grabatutako beste film batzuetan nekez aurki daitezkeen eszenak sortu dituzte: auto pertsekuzioak eta borrokak. Horretarako, Cuco Usin zinema ordezkoaren laguntza izan dute. World War Z filmean (2013) aritu da, eta Star Wars sagaren azkenengoan ere egonen da.

«Hark irakatsi zidan auto pertsekuzioak-eta nola egin. Hori guretzat erronka fisiko bat ere izan da, hamaika orduz beste aktore batekin joka ibiltzea oso gogorra da eta». Gogorra izanagatik ere, emaitzak merezi duelakoan dago, eta filmari arintasuna ematen diola ere esan du. «Nik uste inoiz ez dudala halako borrokarik ikusi euskarazko film batean». Aurrekontuari atxiki dio horren ardura. Nahi baino diru gutxiagorekin ibili ohi dira euskarazko filmak, eta batzuetan kontu batzuk albo batera utzi behar dira beste batzuen alde egiteko. «Guk, ordea, akzioa sartzea lehenetsi genuen, eta oso ongi geratu da, egia esan».

Akzioa eta gainerakoa, dena ongi joan da sei asteko grabaketan. Gordejuelak dio aktoreen lantaldearekin oso kontent dela: «Oso ongi lan egiten dute, arin; ez dute arazorik ematen, eta emaitza oso ona ematen dute». Zuzendariak esan du Atienza euskal aktore onenetako bat dela erakusten ari dela, baina gainontzekoentzat ere hitz onak baizik ez ditu izan: Losada, Telleria, Aitziber Garmendia, Ramon Agirre, Zorion Egileor...

Filmaketa Bizkaian egin dute: Bakion, Gaztelugatxen, Mungiako Zumetzaga basoan, Bilbon... Adibidez, hiriburuko udaletxe zaharreko bulegoetan grabatu dituzte Ertzaintzaren komisariako eszenak. «Bizi garen tokia maite dugu». Rebollok ere maite du Bizkaiko kostaldea; Anfitroi berezia inguru haietan grabatu zuen. «Toki idilikoa da halako gertaera tragiko bat izateko», Gordejuelaren iritziz.

Hizkuntzaren garrantzia

Akzioak arintasuna ematen dio filmari, eta hizkuntzak, jariakortasuna. Izan ere, euskararen erabilera asko zaindu dute filmean. Bi erregistro aurki daitezke: alde batetik, bizkaiera, eta, bestetik, batua. «Hizkerak benetakotasun handia ematen dio filmari». Franek ez du berdin hitz egiten amarekin eta Bilboko lankidearekin: amarekin bizkaieraz egiten du, eta lankidearekin, batuan. Ertzainen artean batuan egiten dute, baina hiltzaileak bizkaiera darabil. «Gure aberastasun linguistikoari eutsi diogu; norberak bere moldez hitz egiten du, eta nik uste asmatu egin dugula. Euskarazko beste film batzuek izan ez duten jariotasuna ematen die horrek solasaldiei».

Hizkuntzari dagokionez ere, profesional baten laguntza izan dute, dena egoki egiteko. Jose Luis Aranguren Txiliku itzultzailea izan da gidoian ageri zen euskara zuzentzeko arduraduna, eta dena haren oniritziarekin egin dute. Horrek gidoian hainbat esaldi eta hitz aldatzea ekarri duela aitortu du zuzendariak. «Gauza asko, paperetik ahora igarotzean, aldatu egin ditugu, freskotasuna eta hizkera naturalagoa lortzeko. Hori antzeman egiten da filmean».

Ez da euskarazko lehenbizikoa thriller-a, baina ez da hori generorik ohikoena euskarazko zinemagintzan. Gordejuelak onartu du apustu bat dela euskarazko thriller-ak ekoiztea, baina, era berean, beharrezkoa delakoan dago. «Tokia badago film hauek egiteko, eta baita beharra ere». Gainera, ezin zen bestela izan, Txarriboda filmeko zuzendariek thriller-a maite dutelako. Euskarazko zinema bultzatzeko beharra ere aipatu du: «Euskaraz zinema bikaina egin liteke, eta lan ederrak egin izan dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.