Zinema. Estreinaldiak

Sail arrakastatsu baten hirugarren atala

Iron Man superheroiaren gaineko azkeneko atala Shane Black zuzendari gazteak egin du

Shane Blackek zuzendu duen bigarren filma da Iron Man 3. BERRIA.
Gontzal Agote.
2013ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Stan Lee gidoilari eta editoreak, Don Heck eta Jack Kirby marrazkilarien laguntzaz, IronMan superheroia sortu zuen.Pertsonaiak 1963. urtean egin zuen lehen agerraldia Tales of suspense aldizkariaren barruan. Bost urte geroago, Iron Man bere saila izateko moduan zegoen, eta urte horretan, superheroiaren lehen aldizkaria jarri zen merkatuan.

Hasieran, Stan Leeren asmoa argia zen: garai hartako beste superheroi estatubatuar gehienen modura, Gerra Hotzeko gaiak landu nahi zituen, bereziki teknologiak eta negozioek komunismoaren kontrako borrokan zuten leku garrantzitsua aztertuz. Gerra Hotzaren amaierarekin, Iron Manen komiki aldizkarian lantzen ziren gaiak ere aldatuz joan ziren, eta azken urteotan terrorismo eta delinkuentziaren kontrako borrokan murgildu da superheroia.

Iron Manen atzean Tony Stark enpresa gizona dago. Bahiketa baten ondorioz, bularra kaltetuta gelditu zitzaion. Bizitza salbatu ahal izateko eta bere bahitzaileengandik ihes egiteko, armadura boteretsu bat asmatuko du. Hortik aurrera, gaizkiaren kontrako borrokan hasiko da Stark, Iron Manen izenpean. Zeregin horretarako, beste arma sofistikatu asko ere asmatuko ditu.

Etekin handia

Pertsonaiak 2008. urtean egin zuen paperetik pantailarako saltoa. Bolada horretan superheroien filmak arrakasta handia lortzen ari ziren, eta Marvel etxea bere katalogoari astindu ederra ematen ari zitzaion. Jon Favreauk zuzendu zuen zinemarako Iron Man, eta Robert Downey Jr.-ek hartu zuen superheroiaren rola.

Filmak harrera ezin hobea izan zuen. Kritika onak jasotzearekin batera, diru sarrerak ere paregabeak izan ziren. Lehen pelikula horretan, Downeyz gain, Gwyneth Paltrowek eta Jeff Bridgesek lan egin zuten. Pertsonaiaren sortzaileak, Stan Leek berak, rol txiki bat izan zuen filman.

Iron Man-en arrakastak sail zinematografikoaren jarraipena ekarri zuen. Hori baino lehenago pertsonaiak agerraldi bat egin zuen beste pelikula batean, Louis Letierrek zuzendu zuen The Incredible Hulk-en.

2010ean Iron Man 2 ailegatu zen, berriro ere Jon Favreauren gidaritzapean. Kasu horretan kritikak ez ziren batere onak izan, baina berriro ere oso emaitza ona lortu zuen superheroiaren istorio berriak zinema aretoetan. Lehen parteko pertsonaia gehienek errepikatu zuten, eta gaiztoaren rolean Mickey Rourke aktore ezaguna zegoen.

Bi urte geroago, Josh Whedon zuzendariak The Avengers pelikula estreinatu zuen. Pelikula horretan, Marvel etxeko superheroi talde handia elkartu zuen: Thor, Hulk, Amerika Kapitaina eta Iron Man, besteak beste. Filmak harrera beroa eduki zuen, aldeko kritika ugariak izan ziren eta emaitza ekonomikoa ere egundokoa izan zen. Horren ondorioz, dagoeneko The Avengers-en bigarren partea martxan da. Gauzak okertzen ez badira, 2015erako estreinatuko dute.

Bien bitartean, Iron Man 3 ailegatu da. Nobedade nagusia da frankiziak zuzendari berria duela, Shane Blackek Jon Favreauren lekua hartu baitu. Blacken bigarren film luzea da honako hau, aurretik Kiss Kiss Bang Bang egina zuen, Robert Downey Jr.-en parte hartzearekin.

Hirugarren honetan, Tony Stark enpresariak mugarik gabeko boterea duen etsai bati egin beharko dio aurre. Etsai horrek Starken unibertso pertsonala suntsitu du, eta horrek ahalegin handia egin beharko du bere mundua berreraikitzeko. Bilaketa oso gogorra gertatuko da, Starken erresistentzia behin etaberriro mugaraino eramanen duena.

'IRON MAN 3'

Zuzendaria: Shane Black.Aktoreak: Robert Downey Jr., Ben Kingsley, Gwyneth Paltrow, Don Cheadle, Guy Pearce, Rebecca Hall, James Badge Dale. Herrialdea: AEB.

Urtea: 2013.

Iraupena: 130 minutu.

Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.