Judu izateak nolabaiteko erreakzio alergikoa eragiten zidan. Ez dakit sentimendu hori neure burua gorrotatzeko adinakoa zen, baina txikitan ez nuen uste judu izatea ideia ona zenik; azken batean, banekien horregatik jendea hil egiten zutela. Maus idaztea armairutik ateratzea izan zen; judua naizela onartzea». Parean zuen Hillary Chute literatur akademikoaren belarrietara sar zitezen ahoskatu zituen hitzok Art Spiegelmanek, 2006an. Guztiz fidatzen zen harekin. Osoki erakutsi zizkion lana ontzeko baliatutako oharrak, egunerokoak, kontsultatutako liburuak eta beste. Biek hitzartu bezala, grabatu egin zituzten komikiaren gainean izandako elkarrizketak. Transkribatu ere egin zituzten ondotik, eta, beraz, aitorpen ugari gelditu zen paperean gordeta. Adibidez: «Ez nekien holokaustoari buruz idatzi nahi nuela». Edo: «Inolaz ere ez dut nahi pentsatzea nire obra ariketa terapeutiko bat dela». Horrelakoak jasota, Metamaus kaleratu zuten 2011n. Eta hori izan daiteke Spiegelmanen lanak izan duen oihartzunaren froga.
Lan osoa 1991n argitaratu zenetik, klasiko bat da Maus. Ez soilik komikigintzan; orokorrean eragin dio literaturari. Pulitzer saria jaso zuen 1992an, eta aitortza hori jaso duen eleberri grafiko bakarra da oraingoz. Astiberri argitaletxeak euskaraz eman du obra orain, Julen Gabiriaren itzulpenarekin.
Holokaustoan bizirik irautea erdietsi zuten bi judu poloniarren semea da Spiegelman. Vladek izena zuen aitak; Anja amak. Biak izan ziren Auschwitzen preso, baina lortu zuten handik ateratzea, eta AEBetara emigratu zuten 1951n, semearekin —Arten aurretik beste seme bat izan zuten, baina hura ez zen bizirik atera—. Spiegelmanek idatzitakoek gurasoek bizitakoak dituzte oinarri. Aitak kontatu zizkion, 1970eko hamarkadan. Ordurako, hila zen ama; bere buruaz beste egin zuen, 1968an.
Alemaniar naziak, katu
Holokausto naziaren krudelkeria azaltzeko komiki autobiografiko bat erabiltzegatik da hain sonatu Spiegelmanen obra, besteak beste. Hala uste du Gabiriak, baina zehaztu du beste hainbat ezaugarrirengatik ere piztu zuela halako harridura. «Eskema asko apurtu zituen, eta uste dut garai hartan ez zela erabat ulertu».
Izan ere, formek ere eman zuten zeresana. Spiegelmanek animalia itxurako pertsonaiak marraztu zituen. Esate baterako, juduak saguak dira; naziak, katuak; poloniarrak, zerriak.
Pertsonen ordez animaliak marraztu zituelako argudioari helduta, The New York Times-ek fikzio gisa sailkatu zuen komikia. «Esaten zuten pertsonaiak saguak zirela, eta, hortaz, ez zela egia. Horrek asko haserretu zuen Spiegelman», oroitarazi du itzultzaileak. Izan ere, komikigilearen aitak bere-berea zuen historia hori, eta gogoan zuen bezala kontatu zion semeari. «Vladekek objektiboki hitz egiten du iraganaz, hotz. Berea kontatzen du, inoiz ez besteena».
Historia bi planotan kontatua dago. Bata orainean girotua da, AEBetan, eta Art eta Vladek ageri dira hizketan. Semea holokausto garaiari buruz galdezka ari zaio aitari. Beste planoa iraganean kokatua dago. Hori ere Vladeken kontakizunak gidatzen du, baina erakusten dena gerran Polonian bizitakoa da.
Hizkera «hautsia»
Egileak erabilitako hizkuntza baliabideetako bat nabarmendu du Gabiriak: Vladeken hizkera. Izan ere, Spiegelmanek ez zuen ingeles estandarra idatzi aitaren ahotik ateratako bunbuiloetan, zerabilen ingelesa ez baitzen zuzena. «Aitak sintaxi hautsia erabiltzen du komikian, zailtasunak ditu baldintzazko esaldietan, edo erlatibozkoetan. Konkordantzia akatsak ditu».
Eta hori ezinbestean mantendu beharra zegoen euskarazkoan, Gabiriaren iritziz —Israelen argitaraturiko lehenbiziko edizioan galdu egin zen ñabardura; editoreak uko egin zion hebreera akastunean idazteari—. Hala, Vladeken hizkerari eusteko, aditz taula oso bat egin du Gabiriak, hizkuntza modu koherentean «trakesteko». Hala behar zuen izan: «Metamaus lanean, egileak aitortzen du Vladeken hizkera dela komikiaren bihotza. Ez Auschwitz, ez gerra; hizkera baizik».
Spiegelmanek hamar urte baino gehiago eman zituen Mausidazten eta marrazten. Baina, are, orain dela 50 urte argitaratutako hiru orrialdeko komikia du jatorri lanak. Funny Animals bilduman argitaratu zuen. Ordurako, animalia judu eta naziak ageri ziren binetetan, baina marrazkera aski diferentea zen ondotik plazaratuko ziren komiki atalen aldean. «Primitiboagoak ziren. Askoz gehiago nabaritzen zen animaliak zirela», zehaztu du Gabiriak. Azken emaitzan, ez da antzematen ilerik, eta aurpegierak ertz zuzenekoak dira kasik. Inoiz, egileak iradoki du pertsonaiek sagu formako maskarak daramatzatela, eta pertsonak direla atzean.
Lehenbiziko saiakera horren ondotik, Spiegelmanek zatika argitaratu zuen Maus, 1980an hasita, Raw aldizkarian. Gero, zatika ematen ari zena bilduma batean jasotzea erabaki zuen. Liburuki bakarrean ematea zen asmoa. Azkenean, baina, bitan egin zuen.
Izan ere, presak barrena harrapatuta, hasieran aurreikusi baino lehenago kaleratu nahi izan zuen lana Spiegelmanek. Aitortu duenez, 1985ean Steven Spielbergi irakurritako elkarrizketa batek bultzatu zuen hala egitera. Elkarrizketa hartan, zinemagileak kontatu zuen animaziozko lan bat zuela eskuartean, eta esan zuen antisemitismotik ihesean dabiltzan sagu judu batzuk zirela protagonista. Spiegelmanek kosta ahala kosta hartu nahi zion aurrea film horri. Azkenik, Spielbergek 1986ko azaroan estreinatu zuen film hura: Amerikar ipuina. Eta urte bereko abuztuan plazaratu zuten Maus-en lehenbiziko partea. Egilearen aita 1982an hil zen, artean komikia bukatu gabe zela.
Aurten, lana osoki argitaratu eta 31 urtera, Tennesseeko (AEB) McMinn konderrian debekatu egin dute ikastetxean Maus leitzea. Dena dela, emandako argudioen arabera, zentsurak ez du ikustekorik komikiaren ideologiarekin. Beste arrazoi batzuengatik hartu omen dute erabakia: zortzi birau eta pertsonaia biluzi bat ageri direlako.
Saguen txilioak holokaustoan
Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu